Abelazkuntzaz (15.06.11)

Atzo bertan, pilota inguruko apustuak bazterrean utzita, abelazkuntzak hartu zuen eztabaidaren erdigunea. Zein animalia hezi zuen gizakiak aurrena, orain dela zenbat, etab.

Elikaduraren hiztegira jota, bertatik ekarri dugu gaurko artikulutxoa, begira:

 

ABELTZAINTZA

sin: abelazkuntza; es: ganadería; fr: élevage; en: cattle raising, stockbreeding. Abereak hazi eta zaintzeko jardunbidea da, horri esker gizakiak animalien ugalketa bermatua izan dezan.

Piztia basatia heziz, etxeko animalia bilakarazi eta honela jardun zuen gizakiak hasieran; esplotazio-ekonomiatik (arrantza, ehiza, bilketa) nekazaritza eta abeltzaintzara igarotzea, beraz, ez zen bat ere naturala izan; bigarrenaren estreinako aztarnak (orain dela 11.000 urtekoak) Mesopotamian aurkitu dira eta, orokorki, gizakia duela bospasei mila urte saiatu izan da animalia zenbait etxeko bihurtzen, haien hastapeneko ezaugarri eko-paisajistikoak aldaraziz, etekinak ateratzeko, hala nola: okela, adarra, esnea, artilea, ongarria, gurina, arrautzak, oskolak, larrua, hezurra, garraioa, eztia, lanerako indarra, lumatxa, defentsa, konpainia, etab.

Euskal Herrian abere ohikoak ahuntz, txerri, behi, ardi, untxi eta ahateak diren arren, zaldi, asto, antzara eta bestelakorik ere geratzen da oraino, aurreko gizarteen zantzu. Hona hemen horien etxekotze-data eta lekuak:

 

Animalia Data (aspaldikotasuna) Eskualdea
ahuntza 12.000 Iran
ardia 10.000 – 9.000 Ekialde Ertaina
behia 10.000 India, Ekialde Ertaina
urdea 9.000 Txina, Europa
oiloa 8.000 Asia Hego-ekialdea
astoa 7.000 Afrika Iparraldea
zaldia 6.500 Kazajstan
bufaloa 6.000 Txina
llama 5.500 Peru
usoa 5.000 Egipto
gamelua 5.000 Asia Erdialdea
dromedarioa 4.500 Arabia
antzara 3.500 Europa
alpaka 3.500 Peru
ahatea 3.000 Txina
elur-oreina 3.000 Siberia
indioilarra 2.500 Mexiko
untxia Europa

 

Abeltzaintza moldeak klima, orografia, merkatu, biztanleria eta abarren arabera aldatzen dira. Jardute-moduari dagokionez, hainbat abeltzaintza plegu ezagutzen ditugu egun, hara:

  • artzaintza: aspaldi-aspaldikoa, ibiltaria, abeltzaintza estentsiboaren ondorekoa;
  • tradizionala: lurren laborantzari lotutakoa, autosufizientzia osoa edo partziala bermatzen duena;
  • bio motako abeltzaintza: animali produzitzean eta komertzializatzean sustraitua, ingurugiroan ahalik eta eragin kaltegarri txikiena eginez;
  • konbentzionala: animali produzitzean eta komertzializatzean sustraitua, eskala handian;
  • intentsibo edo industriala: konbentzionala, errentagarritasun handienean oinarritua;
  • mini-abeltzaintza: famili mailakoa, eskala txikikoa, tradizioz baserriari lotutakoa, gurean.

Horiez gainera, badira animali espeziearen arabera bereizten direnak: behiena, ardiena, ahuntzena, ahate edota antzarena, behorrena, urdeena, etab.

11. ekaina 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Iruzurraren tenplua (15.06.09)

Iruzurraren tenplua

Europol poliziak ikertu eta Europar Parlamentuak (2014) idatziriko txostenaren arabera, Batasunean iruzurra nozitzeko arrisku larriena duten hamar elikagaiak hauek dira:

  1. oliba olioa,
  2. arraina,
  3. elikagai ekologikoak,
  4. esnea,
  5. zerealak
  6. eztia,
  7. kafea eta tea,
  8. espeziak,
  9. ardoa eta
  10. fruta zukuak.

Txosten horren arabera (amonak ere hala uste zuen), elikagaiak zenbat eta etekin handiagoak sortu ahal izan, orduan eta arriskua handiagokoa da elikagaia.

Zer egin?

Europar Batasunean, lege komunitarioak gestionatzeko arduraduna Osasun eta Kontsumitzaileen Babeserako Zuzendaritza Nagusia (DGSANCO) da, arrisku berrien aurrean kontsumitzailea babesteari dagokionez

09. ekaina 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Jan-edanak galbidean (15.06.05)

Elikagaien ia erdiak jasotzen direnetik platererako bidean galtzen dira. Munduan alferrik galtzen dira 1.300 milioi tona elikagai urtero. Frantziako Gobernuak datu  horiekin bukatu nahi dituenez beste pauso bat eman berri du: supermerkatuei elikagaiak botatzea debekatu nahi zaie. Hurrengo urteko uztailaren 1etik aurrera, 400 metro koadro baino gehiago dituzten supermerkatuek ezingo dituzte bota elikagai galkorrak. Haiek desegitea ere —adibidez, lixiba gainetik botata—debekatuko zaie, elkarteei eman beharko dizkiete. Animalien elikadurarako elkarteekin akordioak egin beharko dituzte, edo nekazaritza ongarrietarako eman. Helburu garbia du Frantziak: 2025erako erdira jaitsi nahi du elikagai galduen kopurua.

Angeluko (Lapurdi) Carrefour supermerkatuko zuzendariaren ustez: «Badu urteak Carrefourren hori praktikatzen dugula. Guretzat ez da berria. Badu 35 urte lanean ari naizela Carrefourren eta horixe ikusi dut betidanik. Gure saltegi guztiek hitzarmenak dituzte elkarteekin, produktuak emateko. Fundazio bat ere badugu nazio mailan, elkarte horiek laguntzen dituenak. Kamioi batzuk finantzatzen dizkiegu, adibidez. Hozkailuaz hornituriko kamioiak».

Eskaintza horiek hurbiletik zaintzen dituztela azpimarratu du Trevisanek. «Biziki kontrolatua da. Kontsumigarriak direnak ditugu ematen». Legeak alde horretatik ez diela deus aldatuko dio: «Gardentasuna segurtatzen genuen lehenagotik ere. Ematen dugun guztiaren eskaneatzeko tresna badugu. Eta, horri esker, badakigu zein elkarteri zenbat eman diogun. Ekoizpenak zeintzuk diren ere badakigu». Iraungitze datak ere hurbiletik zaintzen dituztela gaineratu du. Horri lotu hitzarmenak ere badituzte Carrefour katearen barruan: «Adibidez, jogurtak iraungitze data baino bizpahiru egun lehenago atera behar ditugu. Baina oraindik onak direnez, elkarteei ematen dizkiegu». Carrefourren barruan badituzte ere xahutzea saihesten laguntzea eginkizun nagusia duten langile batzuk, saltegiz saltegi ibiltzen direnak: «Zer egin daitekeen oraindik gutxiago botatzeko. Adibidez, badakigularik produktu batzuk egunean bertan iraungitze datara iritsiko direla, botatzeko ordez, haien prezioa izugarri apaltzen dugu egun horretan. Eta gisa bereko ideia andana bat praktikan jartzen ditugu».

2013an, Carrefour markako 350 bat ekoizpenetan iraungitze datak aldatu zituzten: «Epeak luzatu ditugu, gauza gehiegi botatzen genituelako». Ohartu baitziren iraungitze data iragan eta gauza anitz oraindik kontsumigarriak zirela.

«Benetako arazoari izkin»

Leclerc supermerkatuetako zuzendari nagusi Michel-Edouard Leclercek erreparoz hartu du Frantziako Asanblearen erabakia. Benetako arazoari izkin egiten saiatu direla uste du; izan ere, gaur egun elkarteen iraupena supermerkatuek emandako elikagaien menpe dagoela uste du, eta elkarteak lagunduko dituen politika publiko baten falta sumatzen du. Leclerc supermerkatuek 24.000 tona elikagai ematen dituzte urtero, eta horietatik 6.000 elikagai bankuetara doaz. Isunen eta debekuen bidea aukeratu izana ere gaitzetsi du Leclercek: «Debekua, betebeharra eta bi urtera arteko isunak aipatu dituzte».

Dena den, bat egiten du elikagaiak botatzearen kontrako borrokarekin. «Baina lege bat nahitaezkoa al zen?», galdetu du. Izan ere, Leclercen iritziz, elkarteak ez dira legeen zain egon: Leclerc kateko supermerkatuetako %95ek akordioak dituzte jadanik hainbat elkarterekin. Benetako xahutzea, hala ere, beste toki batzuetan gertatzen dela esan du: «Ingurumen Ministerioaren arabera, elikagaien xahutze handiena etxeetan gertatzen da (%67); ondoren, ostalaritzan (%15), eta, azkenik, banaketa handietan (%11 ministerioaren arabera, eta %5 Europako Batasunaren arabera)».

Frantziako lege berria Hego Euskal Herrian ezarriz gero BM supermerkatuei apenas eragingo liekeela azaldu du Gorka Mitxelena BMko logistikako arduradunak. Izan ere, euren saltokietan, orain dela sei urte ingurutik, elikagaien bankuei ematen dizkiete sobran dauden elikagaiak. Mitxelenak dioenez, langileen eskakizun batetik etorri zen erabakia. «Merkantzia asko botatzen genuen egunero, eta kezka sortu zen».

Mitxelenak dioenez, azken urteetan Gipuzkoako Elikagai Bankuari elikagai gehien eman dizkiona bihurtu da BM. Horrez gain, maiatzean kontsumitzaileek elikagaiak emateko kanpaina egiten dute elikagaien bankuekin elkarlanean.

Eroskin ere ez dira elikagaiak zakarrontzira botatzen. BMn gisara, iraungitze data iritsi baino bost egun lehenago elikagaiak supermerkatuko salmenta mahaietatik kendu, eta hainbat erakunderi ematen dizkiete, izan Caritas, izan elikagaien bankuak, batzuk aipatzearren. Gainera, bihar eta etzi, kontsumitzaileek elikagai bankuei janaria eman ahal izateko kanpaina egingo dute.

«Iaz bildu genituen elikagai guztiak kontatuta, 5.000 lagunek jan ahal izango lukete urte osoan, gosaria, bazkaria eta afaria barnean hartuta. Oso harro gaude datu horiekin», azaldu du Alejandro Martinez Eroskiko Gizarte Erantzukizuneko zuzendariak. Bide horretan, Espainiako Elikagaien Bankuen Federazioak, FESBALek, Urrezko Galburua saria eman zion Eroskiri arlo horretan egiten duten lanarengatik.

Jateko ez diren produktuekin ere ari dira lanean. Etorkizunean, lurrera eroritako material edo materia organikoarekin biogasa, konposta edo animalientzako janaria ekoitzi nahiko lukete.

Martinezen aburuz, elikagaiak botatzea ez da dirua botatzea bakarrik. Hainbat motatako baliabideak —horietako asko mugatuak— xahutzea ere esan nahi du. Ekoizpenean erabilitako energia, nekazariek isuri dituzten ur litroak, garraioan kontsumitutako erregaiak eta abar aipatu ditu. «Kontabilitatearen ikuspegitik begiratuta, sobran dauden elikagai horiek galera dira enpresa batentzat. Bota beharrean erakundeei emateak gastuak eta barne antolaketa handia eskatzen ditu. Baina alderdi emozionalari erreparatzen badiozu, polita da. Kontsumitzaileak ikusten duelako auzoko jendeak jan dezakeela ekintza horrekin».

Elikagai bankuentzat ere ondorioak izango ditu Asanblearen erabakiak, baina gehienek begi onez hartu dute. Baionako Elikagai Bankuko Hubert Mares presidenteordearen ustez, albiste ona da, elikagai gehiago jasotzeko aukera emango dielako. Horren eraginez, ordea, azpiegiturak egokitu beharko dituztela uste du: «Elikagai gehiago jasoko ditugunez, biltegiak eta ibilgailuak egokitu beharko ditugu, baina gustura egingo dugu». Dena den, aspalditik dituzte haiek supermerkatuekin hitzarmenak; egun, 21 supermerkatutatik jasotzen dituzte jakiak. 1987. urtean sortu zenetik izan dituzte hitzarmenak supermerkatuekin. Haietatik jasotzen dituzten elikagaiak 31 elkartetara banatzen dituzte, astelehenetik larunbat goizera. 2014an, adibidez, 420 tona elikagai jaso zituzten guztira.

Ezer ez botatzeko filosofia

Gregorio Ioldi Nafarroako Elikagai Bankuko presidenteak ere uste du elikagai bankuen filosofiarekin bat datorrela Frantziako Asanbleak hartutako erabakia: «Kontsumitzeko moduan dauden elikagaiak berreskuratzeko modu bat da. Baina, neurri horrekin batera, azpiegituren gastuekin ere lagundu beharko lukete».

Nafarroako Elikagai Bankuak Iruñeko mankomunitatearekin akordio bat sinatua du 2010etik, eta, horri esker, hozkailua duten bi furgoneta eta bi lagun jarri zituzten lanean. Egunero, akordioa sinatuta duten supermerkatuetatik pasatzen dira elikagai bila. «Gure lokaletara iristean, aztertu egiten ditugu produktuak, eta egokiak direnak hurrengo egunean bertan banatzen ditugu. Iaz, 350 tona elikagai banatu genituen», azaldu du Ioldik.

Legea bainoago, jendearen eta enpresen ardura behar dela uste du: «Jendeak kontzientziatu behar du zaborretara botatzen duen jaki hori beharbada kontsumitzeko modukoa dela».

Hala ere, itxaropentsu dago hiritarrak pixkanaka kontzientzia hartzen ari direla eta. Azken urteetan eta, krisia hasi denetik batez ere, enpresek neurri batzuk hartu dituztela esan du: «Eskaera eta eskaintza gehiago zorrozteko lanean ari dira enpresak, ezer ez bota behar izateko. Pixkanaka ezer ez botatzearen filosofiaren alde ari direla uste dut».

Baina Frantzian hartutako erabakia ez da nahikoa: «Ondo dago elikagai xahutzearen kontrako edozein erabaki, baina praktikan jarri ez den Europako Batzordeko neurri bat dago, eta horrek elikagaietan bi data jartzera behartzen ditu: saltzeko epea eta kontsumitzeko epea. Praktikoagoa da».

(Berria, 15.06.05)

05. ekaina 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Eskabetxatzeaz (15.06.03)

Eskabetxatu

Antzinako Pertsian (hemen, Neolitoko iraultza bizi genuelarik) agertu zen sekbag haren deskribapena “Mila eta bat gau” ipuin sortan; geroago, arabiarrak penintsula iberikoan VII. mendean sartzeari esker ezagutu zen formula Europan eta Euskal Herrian. Rupert de Nola sukaldaritza-maisu katalanak Lybre de doctrina pera ben Servir: de Tallar: y del Art de Coch (1520an argitaratua) idazlanean escabeig a peix fregit errezeta emateak, ordurako eskabetxea ezaguna eta erabilia zutela adierazten du. Errezeta, beraz, arabiar sukaldaritza klasikotik etorri zen eta hitza (esca peixe), katalanetik.

Lapurdi, Bizkaia eta Gipuzkoako populazioa nahikoa arrainaz hornitutarik, arrantzaleek harrapatutako soberakinak mando gainean edo idi gurdian lehorrera garraiatzeko, karga belar edo garoen gainetan antolatzen zen; arrain horien gainetik zitrikoen zukua zabaltzen zuten, txango luzeko berotasunak merkantzia ustel ez zezan eta landarezko estaldura ematen zioten, tenperaturaren isolatzaile.

Horregatik (ere) ikusten da oraino zitrikorik (laranja gozo eta mingotsa, limoia, lima, pomeloa) kostaldean. Gipuzkoak, izan ere, zitriko horiek Ingalaterrara esportatu izan zituen XV. – XVI. mendeetan eta gariarekin trukatzen zituen maiz.

Eskabetxatzea, dagoeneko kuzinaturik edo oraino gordinik dagoen elikagai bat ozpina osagai duen likido batean murgildu eta bertan edukitzea da, horrela luzaro jangarri iraun eta balio gastronomiko erantsia har dezan.

Egun, emaitza gastronomiko hutsa erdiesteko baliatzen den arren, iraganean kontserbatzeko metodotzat aplikatu izan zaio jakiari.

Bestela adierazita, usteldura eta autolisia (organismo horrek bere burua kontsumitzea) galarazteko, bizidun izan den horren pH jaitsi behar da (analisiek frogaturik, 4,3 edo beherago), azido bat erantsiz; bestela, likido guztia erauzi (lehortzea), hondar edo zerrautsez estali, ezti edo koipetan murgildu, ketan desinfektatu, izoztu edo beste zerbait egin beharko litzateke, elikagaia ez galtzeko.

Eskabetxatu beharreko gaiaren pH faktorea jaitsaraziko duen likido horren osaketa eta bertan elikagaiak emango duen denbora, lortu nahi dugun emaitzaren arabera aldatuko dira.

Kontserba industrialean ohikoenetako bat, arrain urdinari eta moluskuren bati aplikatua batik bat: sardina, atun, berdel, makaela, txitxarro, bisigu, muskuiluari. Baina ehizakoak guritu edo beratzeko ere balio digu: eper, galeper, orein, erbia, ahatea…

Hona hainbat jaki eskabetxatzeko aukera eta osagaiak:

 

  Amuarraina Sardina osorik Atun xerrak Untxi pusketak Eperra osorik
Osagarriak
apioa +
ardo zuria + +
azafraia + +
azenario xerrak + +
baratxuria + + +
ereinotza + + + + +
ezkaia + +
gatza + + + + +
irina + +
olioa + + + + +
oreganoa +
ozpina + + + + +
perrexila +
piperrauts gozoa + +
piperrauts mina + + + +
tipula xerrak + +
ura + + +

 

 

03. ekaina 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Ekaineko jan-edanak (15.06.01)

 

Uretakoak: almeja, berberetxoa, izkira, langostinoa, lanperna, misera, muskuilua, nekora, otarraina, zigala; antxoa, arraia, atun gorria, gelba, halibuta, hegaluzea, krabarroka, legatza, liba, meroa, paneka, papardoa, sardina, txitxarroa, zapoa; aingira, karpa, perka.

Haragia: untxia, hegaztien garaia iristen da beroarekin (oilaskoa, usakumea…)

Barazkiak: apioa, azenarioa, baratxuri freskoa, “belarrak” (perrexila, estragoia, tipulina, perraitza…), borraia, brokolia, errefautxoa, garitako zainzuria, ilarra, kalabazina, leka, letxuga, pepinoa, tipuleta, zainzuria, ziazerba

Frutak:  gerezia, marrubia, arana, abrikota, melokotoia, paraguaioa, piku beltza, sandia, lehen sagar eta udareak, anana, banana…

Gainerakoak: basoan ziza horia, karraspina, belarri landua, barraskiloa, marrubi basatia, makal-ziza…

01. ekaina 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Nutrizioaren nazioarteko eguna (15.05.28)

Bai, egun osasuntsu hori omen dugu gaurkoa.

Betiko moduan, matraka ez ematearren, goazen mamira.

Elikadura hobetuko duten aholku batzuk:

– Giro lasaian jatea (bazkaltzea, gosaltzea)

– Prestaera soilak lehenestea, digestioaren mesedetan: gordinik (fruta, entsaladak), lurrinetan egosi, plantxan erre, etab.

– Animaliazko jakiak (okela, arraina, arrautzak) behar bezain ongi kuzinatzea, toxiinfekzioen arriskua saihesteko

– Ura izango da edaria, edari nagusia: egunean 5 – 8 baso ur

– Gatza neurriz hartzea

– Azukrea eta azukredunak inoiz edo behin kontsumitzea

– Koipe edo gantzen kontsumoa urritzea

– Haragi gorrien (behia, txahala, ehiza eta, oro har, ugaztunena) kontsumoa jaistea

– Landarezko olioa lehenestea, oliba olioa batik bat

– Arrain erraldoiak hala nola atun gorria, ezpatarraina, gelba (Galeorhinus galeus) saihestea, merkurio arrastoak izan ditzaketelako

• Landarezkoak zorrozki garbitzea, kontsumitu aurretik.

28. maiatza 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Jan ala kezkatu? (15.05.27)

Euskal Herrian sortu eta erabat espainiartu zen elikagaien banatzaile erraldoiak bere hileroko aldizkarian “Elikadura” sailean ez ohi dakartza jan-edanen ezaugarri fisikoak (usaina, zaporea, kraskatsu izatea), nutrizionalak baizik: sardinak ez dira goxoak, Omega-3 ugarikoak baizik; brokolia ez da berdura polit bat, minbiziaren kontrako eragilea baizik; intxaurra lehen gaztaren bidelaguna zen baina orain toniko kardiobascularra; izokin fresko edo keztatua jatean kolesterol gaiztoaren aurkako gerra irabazten ari zarela gogoratu behar duzu, etab., etab.

Aspertuak gaude. Aspertu eta amorrazioz beteak, jan-edanari alderdi hedonista kendu eta medikuntza alorreko ondasunak bakarrik adituta, irakurrita. Ez dakigu elikagai horiek eta antzekoak osasunarentzat onak diren baina gustatu egiten zaizkigu eta, horregatik, plazer-iturri ditugu. Horiek eta bonboiak, eta txorizo bokata, eta antxoa oliotakoak, eta beste hamaika. Gure aiton-amonek hala jaten zuten eta laurogeita hamar urteak gainditu zituzten, ajeak aje.

Konpainia banatzaile horren hipermerkatu batean, hala ere, “Anillas de chipirón” irakurrita, etiketa txikira jo dugu eta… POTA. Pott!

27. maiatza 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Monsantoren aurkako manifa (15.05.23)

Monsantoren Aurkako Egunean, AEBetako korporazio horren kontrako hamaika mobilizazio egiten ari dira gaur mundu osoan. Horietako bat, Baionan izan dute goizean, Askatasuna plazatik abiatuta. Dozenaka herritarrek bat egin dute protestarekin.

Monsantok nekazaritza produktuak ekoizten ditu: haziak, pestizidak, ongarriak… Hazi transgenikoen munduko negoziorik handiena ez ezik, herritarren osasunarentzat arriskutsuena ere bera da eta, estatus horri eusteko, herrialde anitzeko gobernuekin hartua dago, diru-iturriak agor ez daitezen.

Informazioa zabaltzeko, Monsanto eta gainerako sainduak (15.03.26)

 

24. maiatza 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

trazabilitatea (15.05.20)

ELIKAGAIEN TRAZABILITATEA

trazabilidad bilaketarekin bat datozen irudiak
Logotipoa

Motiboa
Europan gauzek prezio handia dute. Kontsumitzailea, oro har, prezio hori ordaintzeko prest dago baina, bueltan, kalitatea exijitzen ere ikasi du. Arestiko historiak (behi eroen gaitza, txerrien izurritea, ekologikotzat saltzen ziren barazkien iruzur masiboak, etc.) erostunaren sinesgarritasuna galtzeko zorian jarri zutela ikusirik, elikagai batzuen “zintzotasuna” frogatu beharra zegoela erabaki zuten enpresa eta administrazio europar batzuek.
Zientzialariak piztiari, bere mugimendu eta gainontzeko gorabeherak segitzeko, lepotik edo hankatik txipa eskegitzen dion bezala, jangaiei ere beste horrenbeste atxikitzea deliberatu dute arduradunek, kontsumitzaileak ez ezik, ekoizleak, fabrikatzaileak, osasun alorreko agintariek eta nahi (eta ahal) duen guztiek elikagai horren curriculum antzekoa irakurri ahal izan dezaten, lehen osagaia jaio edo sortu zenetik jatunaren mahaira iritsi arte. Horrela ezagutu ahal izango dute produktu horren bizitzan zehar zer gertatu zaion janari horri.

Azalpena
Euskaraz, nahi izanez gero, “identifikagarritasun” berbaz adieraziko genukeen kontzeptua hau da, gutxi-asko: produktua, jatorritik azken helmugaraino, erregistratu eta identifikatzea ahalbidetzen duten neurri, egintza eta prozedura teknikoen osotasuna da trazabilitatea.
Kontzeptu legala ere eratua dago, horretara jo nahi izanez gero, hara: elikagai, pentsu, animalia jangarri edo jangai bilaka daitekeen zer baten ekoizte, eraldatze eta banatze etapetan barrena, bere lorratz edo aztarna bilatu eta aurkitzeko ahaltasuna.
Beste ikuspegi batetik, produktu —edo, gure kasuan, elikagai— jakin baten historia, ibilbidea edota aplikazioa berrosatzeko gaitasuna da trazabilitatea; hainbat aspektuk lagunduko gaituzte hori identifikatzen:
• Osagai guztien jatorria.
• Produktuari aplikaturiko prozesu denen historia.
• Banakuntza eta, entrega egin ondoren, kokapena.
Informazio hori eskuetan, badago produktu jakin bat berariazko merkatuan (errentagarritasun handiagoa lortzeko, adibidez) entregatzeko aukera, merkatu horretako bezeroak produktu horren jatorria eta historia zehatz-mehatz ezagutzea exijitzen badu. Trazabilitate kontzeptua, ekoizpen prozesu modernoekin eta, azken bezeroarentzat, kalitate eta balio handiagoko (balio erantsia duten) produktuekin lotua dago, alderdi horretatik.

Bitartekoak
Ekoizpen- eta merkaturatze-kateetan barrena produktuak egiten duen ibilbidea zehaztasun osoz arakatzeko aukera ematen digu egungo teknologiak. Eremu horretan Internet, komunikazio sareak, haririk gabekoak, software espezializatua, dispositibo mugikorrak, GPS eta gainerakoak integratzeak zerbait gertatu zen unea eta gunea zehazki atzematea ahalbideratu dute.
Lege bioterroristak, Europako arauteriak eta ekoizpen-prozesuetan iritsitako eraginkortasunak zeinahi produkturen trazabilitatea ezagutzea ezinbesteko bihurtu dute, inork lehiakor izaten segitu nahi badu. Egun, adibidez, nekez merkaturatzen da kalitateko produkturik datu horiek gabe.
Zergatik, zertarako
Elikadura-kate osoan zehar —ekoizpena, transformazioa, garraiatze eta banaketa denetan— jangaiaren gaineko informazioa berehala jakin ahal izatea da trazabilitatearen helburu behinena.
Hortaz, kontsumitzaileak gogoz kontrako ezustekorik har ez dezan eta, adiera horretan, elikadura-eremuan xedaturiko lege-baldintzak zorrozki beteko direla bermatzeko jomugaz eransten zaio jangaiari zintzotasunaren testigu (omen?) den txip hori, kutsadurak, bioterrorismoak, gaitzen eta izurriteen transmisioak sor dezaketen arriskuaren aurrean

Aplikazioak
Egun identifikazio moduko honek industria eta merkataritzako alor askotan aplikatzeko modukoa bada ere, elikagaien munduan du kemenik biziena, abeltzaintzan eta laborantzan, batik bat. Arrantzan ere lehen pausoak ematen hasiak dira, aitor dezagun, baina araudiak ez dira zorrotzak (arrandegiko karteltxoak iragartzen duen “Kantauri itsasoko antxoa” hori fedearen fedez sinetsi behar izaten dugu).
Beste hainbat sektoretan, berriz, trazabilitatea aplikatzeko erabakia faktore ekonomiko hutsek harrarazi dute: eraginkortasuna, kostu murrizketa, denborak laburtzea, zerbitzuak optimizatzea, etc. Zorrotz eginez gero, horixe da publizitate ezin hobea produktuarentzat.

Formatu estandarrerantz
Orain arte elikagaien segurtasunaz arduratzen ziren erakundeak era askotakoak ziren: hor zebilen Eskandinavia osoa, Frantzia, Holanda, Alemania, etc., batetik; bestetik Conseur izenekoa ere (“europar” iradokitzen omen duen kontsumitzaileen elkarte ofizial horrek Belgika, Italia eta Portugalgoak biltzen ditu), bakoitza bere aldetik, sakabanaturik. Gaur, ordea, badugu Europa osoan elikagaien trazabilitatea gorde, transmititu eta partekatzeko balioko duen formatu bakarra eratzeko proposamena: ILE artxiboak dira horiek, ilEAN Writer 2.0 eta ilEAN Reader 2.0 (www.ilean.net) freewareen bidez doan ikusi eta edita daitezkeenak.
Oraintxe, Europar Batzordearen sostengu eta finantzazioarekin egosten ari den proiektu erraldoi horrek lau hanka edo fase ditu:
• Ikerkuntza: egun indarrean dauden trazabilitate sistema publiko eta pribatu denen alderdi egokienak bilduko ditu.
• Azterketa. Ondorioak aterako badira, fase honetan oinarrizko printzipioak, elikagaien segurtasuna, jangaien ezaugarriak, kontsumitzaileak nozi ditzakeen eraginak eta antzekoak aztertuko dira.
• Aholkularitza. Helburua da Europar Batasunari aholku independente, argi eta objektiboak eman ditzala proposatzea, trazabilitate sistemak sustatuz, garatuz eta harmonizatuz.
• Informazioa. Bildutako datuak eta ondorioak ekoizle, banatzaile, kontsumitzaile eta agintariei jakinaraziko zaizkie, proiektua antzu gerta ez dadin.

Adibide praktikoa
Auzategiko harategian edo hipermerkatuko bitrina hotzean salgai dagoen behi zankarrak, 2015eko maiatzaren 20 honetan, porexpanezko ontziko etiketan edo pieza osoari josirik, jaki hori identifikatuko duten hainbat datu eman behar ditu: azienda zein etxaldetan sortu eta bazkatu zen, zein hiltegitan bota zuten, zein gelatan laurdendu zuten, zein banatzailek entregatu zuen, etc. Egin dezagun kontu, behi zankarraren ordez, kalderete industrial prekozinatua dela: aurrekoaren datu guztiez gainera, barazkiak nongoak diren, saltsa moldatzeko nolako osagaiak erabili diren, etc., agertuko da, zehatz-mehatz. Akatsik bilatzen baduzu bertan, analistak berehala determinatuko du zein etapatan egin da okerra eta noren ardurapean.

19. maiatza 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Iruzurraren tenplua (15.05.18)

toreo bilaketarekin bat datozen irudiak

Iruzurra alderdi hauetan egin daiteke:

  • edukian: etiketak edo publizitateak kopuru bat adierazten du baina hori ez dator bat errealitatearekin (pisu garbia ematean, ontziarena ere sartu dutelako, adibidez);
  • izaeran: osagai bat edo batzuk, kalitate okerragoko besteren batek ordeztu du (banillaren ordez, vainillina; kakaoaren partez, zereal xigortuak; hegaluzearen ordez, beste atundar bat);
  • kalitatean: kontsumitzaileak atzeman duena ez da produktuak eskaintzen duena, nutrizioari, bereizgarriei, teknologiari edo besteri dagokiola (olio birjina estraren partez, olio birjina; arrain freskoaren ordez, dagoeneko fresko ez dagoena);
  • kontserbazioan: elikagaiaren egoera ez da egokia (usteldu delako edo, alderantziz, gazta bat nahiko ondua ez dagoelako);
  • purutasunean: aipatu gabeko produktu kimiko, pestizida, botika edo bestelako gehigarriak sartzea.

Argi, herritar: gure dirua ez da ostua, ez da ebatsi edo lapurtua.

18. maiatza 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

← Older posts

Tresna-barrara saltatu