Ots-22 Alajuu

Izotza

sin: horma, jela, lei, *karrone (euskara zaharrean); es: hielo; fr: glace; en: ice. Egoera solidoan dagoen ura da, mugimendurik ezean 0°C tenperaturatik behera agertzen dena, kolorgea edo kolore zurikoa eta uki gogorrekoa.

Gainerako substantzia gehientsuenak ez bezala, ura izoztean, bolumena handitu eta dentsitatea arindu egiten da, jela molekulen arteko tartea ur likidoena artekoa baino zabalagoa da; horren ondorioz, jela ur azalerara dator, neguan hoditeriak lehertzen dira, izozkailuan sartu eta ahaztutako botilak lehertzen dira, animali eta landare-ehun gordin desizoztu eta ostera izozten badira urratu eta hondatzen dira (izotzezko kristalek zelula-mintz eta hormak lehertzen dituzte eta, desizoztean, zulo eta arraildura horietatik likidoak irteten dira), etab.

Historian, izotz-eraikinik aspaldikoenak Mesopotamian orain dela 4.000 urte buztinez eratutako kono irauliak baziren ere, itxura bateko eta besteko elurzuloak aurki ugaldu ziren planeta osoan, negualdeko izotza erdiestea erraza izan eta, gainera, erabilera mesedegarri asko zituelako; bertan gordetzen den herri osoarentzat eta urte osorako elurra, horma bihurturik, eta horrela elikaduran, adibidez, elikagaiak freskatu eta hozteko, jangarri kontserbatzeko, jakien ukia gogortzeko, izozki eta antzekoak prestatzeko, egospenak eteteko, etab. Herri-medikuntzan, atalak anestesiatzeko, minak arintzeko, hanpadurak eta sukarrak jaisteko, etab.

hielo bilaketarekin bat datozen irudiak

Elurzuloak, hala ere, merkataritzarekin eta, zehazkiago, elikagaien merkataritzarekin loturiko eskualde eta herrietan eraiki ziren, batik bat, lehengaiak salgai iraun behar zuelako ahalik eta luzeen eta horrela segitu du kultura horrek, industrializazioak XIX. mendean izotz makina industriala sortu arte, geroztik behar zen kantitatea bakarrik ekoitzi ahal izan delako, behar zen une edo garairako. XX. mendearen bigarren erdialdean jela etxe gehienetan egiten ahal zen eta, horrela, herri handietan izotza banatzen zituzten ibilgailuak desagertu ziren bideetatik. Egun, gasolindegietan eta saltoki askotxotan komertzializatzen da leia, plastikozko zorroetan.

(Elikadura Hiztegitik hartu dugu gaurko hau)

Gozoki Nazionala

Alajuu

Turroiarekin batera, alajuu (al-ahù) izeneko gozokia izan genuen luzaro euskal Eguberritako postrea. Fruitu lehor (almendra, intxaur eta pinaziak, batzuetan) xehatu, ogi xigortu birrindu, espezia asko eta eztiz osaturik, pailan erretzen zen alajuu hori.

Aholkuak

Perretxiko freskorik ez badugu, liofilizatuak (potokoak) erabil ditzakegu, sutan jarri aurretik berriro hidratatu ondoren.

Arrainak

Beira

Beira (Pecten jabobæus, P. maximus). Ikur-balioagatik  ezaguna den oskoldun hau ere negu partean dago goxoen. Jatuneko sei bat ale kalkulatzea jokabide zuhurra da. Jakia bereizten ez badakizu, egokiena saltzaileari eskatzea da. Erreparatu eta ikasi, hurrengorako. Ez egosi luzaro (minutu laurdena aski du handienak), beroak izugarri gogortzen du eta.

Jokoak  /   Egia ala gezurra

Oliba-olioa ekoizteko moda gerra zibilaren osteko gosetean hasi zen Nafarroan, urdeak ikaragarri urritu zirelako.

EZ (erromatarren garaietan hasi zen olibondoaren kultura hedatzen Nafarroan, duela pare bat mila urte).

22. otsaila 2014 by Ulia auzo-elkartea
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu