ots-27 Izokin-papilloteak

RZ arrainak

IZOKIN-PAPILLOTEAK

  • Zarrastatu 4 xerra izokin (200 gramokoak) antzara-gantzetan, paderan, azalak ederki gorritu arte (bi minutuz). Gatz-pipertu eta garastatu limoi-tanta batez.

  • Txikitu 2 tipuleta, 2 baratxuri eta 200 g txanpinoi, xehe-xehe, eta erregosi gantz horretan.

  • Ebaki aluminio-orriak, hurrengoa irakurri ondoren.

  • Igurtzi alderdi bat gantzaz. Ipini hortxe xerra. Gainetik, xehekia. Itxi bilduma, jakia estutu gabe, baina zeharo.

  • Egosi labean; papera hanpatzen, puzten denean, eginda dago: orduantxe duzu egokien.

Landarezkoak

Ilarra

(Pisum sativum). Gurean aspaldi, izenak frogatu legez. Biltze-unetik azukrea almidoi bihurtzen denez, hobe berehala izoztu edo bestela zuritu, erregosi eta jatea. Aberatsen jaki zela, klima epelera egokitu eta herritartu da, eltzekari eta saltsetan. Egosi aleak leka egositako saldan. Uretan, akastunak azalera datoz.

Okela-eskola

Txorizoa

Aaldakiak aldaki, hesteki gorri, gordin, ondua da. Urdekia, behikia (bai, halaxe!), urdaia edo gantza, gatza, baratxuria, piper gorria eta bestelakoak topa ditzakegu txorizo-hestean. Zenbat eta hobe, hainbat eta osagai gutxiago izango du. Pusketen tamainaren arabera, bi motakoak ditugu: Panplona (ale txikikoa), eta Salamanca, larriagoa. Hestea naturala izan daiteke; beti ez da horrela.

Atsotitzak

On daigula yanak, gaizki ez edanak, hobe zehar etzanak. Topa!

27. otsaila 2014 by Ulia auzo-elkartea
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu