mar-24 Olagarroak lehortzeko

 

Kontserbak

Olagarroa lehortzeko,

  • erauzi barrunbe guztiak
  • lehortu barrualdea zapiarekin eta utzi azpil edo sarexka batean pare bat egunean;

  • prestatu ziri edo kanabera meheak;

  • josi hauetan olagarroa, zabal-zabal, toki aireztatu baina babespekoan (euritatik kanpo).

  • Handik sei egunera pronto dagoen arren, bertan utz dezakezu, premia izan arte.

Sarberriak

Kakia

(Diospyros kaki); es: caqui; fr: kaki, plaquemine; en: date palm. Jatorriko izenak, hindieraz, “errauts kolorekoa” dela dio. Kakiondo bakar batek 150 kilo fruta eman dezake. XIX. mendean Euskal Herrira iritsi zen laranja koloreko tomate zuhaiztar honen mamia uki polit eta zapore gozo-gozokoa da. Aukeratu, udazken-neguan, orbanik gabeak, samurrak. Gazta laguntzeko, mazedonian, entsaladan, izozkiaren osagai…

          Aukeran: ez oso heldua, bere zurtoin eta guzti

          Saihestekoak: azalean akatsak dituztenak

        Kontserbatzeko: horrelakoak hilabetez iraun dezakete jangarri, hozkailuaren behealdean edukita; oraino heltzaka badago, atera hozkailutik; izozteko, zuritu eta igurtzi limoi batez, izozkailuan sartu aurretik, koloreak eder iraun dezan.

Ardoaz

Chaptalizazioa

Ardo baten alkohol gradua altxatzeko xedez, hartzidura prozesuan ardoari erremolatxa-azukrea edo azukre arrunta eranstea da chaptalizatzea. Aldeko eta kontrakotasun ugari sortu dituen teknika hau erabiltzea debekatuta dago Estatu espainiarrean (EEE-ak Estatu hori eguzkitsutzat joa duelako) ez horrela frantsesean edo Europako hainbat herrialdetan (bertan ez baitute hainbeste eguzki-ordu).

 

Artikulua

 

GATZIK GABE, ZER GERATZEN OTE ZAIGU?

 

Gatzik gabe euskaldunak ez ginateke euskaldun. Auskalo gazte, gaztaina edo gatzontzilo, adibidez, gatzaren ahaide txiki edo urrunak diren, baina inguruetako hizkuntzek arras bestela bataiatu dute sodio kloruroa (salt, sale, sel, sal, e.a.). Izenak iradokitzen digunez, gurean aspaldiko partez omen dugu ezagun eta lagun, laguntzaile eta, omenaldi gisara, akaso, ezaugarri hori erantsi diegu jaki batzuei: gazta, gatzatua. Toponimiak erakusten digunez, lehorreko gatza soilik  baliatu izan dugu, itsasokoa bere hartan utzita. Gatza medio, hamaika istilu gertatu dira gure lurretako mugetan (estankoak), hauxe baitzen aberastasun ordezkaezina hozkailurik gabeko sasoietan, iparralde honetako orografia latz honetan zeharreko garraioa aski mantso izan.  Aberastasuna, jana segurtatzen zuelako, alegia.

 

Pentsatzen hasi eta, gatzari esker ez balitz, gauza goxo gutxi ezagutuko genituzke gaur: gazta bera, urdaiazpikoa, hesteki denak, kontserbako antxoak, hegaluzeak, izokinak, makailua, zezina, etab., etab. ezkutuan leudeke guretzat.

 

Usteltzailea zein den arabera, janariek faktore galarazle bat baino gehiago lagungarri dituzte baina tenperatura, airea, argitasuna eta hezetasuna dira behinenak. Gatza kontserbagarri gisa erabili izan da (aspaldi-aspaldian, esana dugun bezala), janari hezetasuna galarazten diolako, normalean jakia bera baino higroskopikoagoa (ur gehiago irensteko gai da) delako, pH faktorea altxatzen duen arren. Haragi edo arraina urez gabeturik ustelgaitz bihurtzen da; batzuetan (makailua, zezina) jangaitz ere bilakatzen da.

 

Bonbila elektrotresna bakar ezagutu duen baserritarrak etxean ireki izan ditu, orain bata, orain bestea, ikatzontzia eta gatzontzia, elkarren ondoan, tamaina berekoak biak ere. Egun, berriz, osasunaz kezkatzen hasiak gara eta gatzontzia gero eta txikiagoa dugu etxean, gatz xehea bakarrik daukana; larria bazter utzi dugu euskaldun modernook, ez baitakigu erabiltzen.  

Etsaiak ugaldu zaizkio aspaldi honetan gatzari: kolesterolaren eragile, arterioesklerosiaren bultzatzaile, tentsiojasotzaile, e.a. Dieta hiposodikoak (gatz gutxi edo bat ere baimentzen ez duten errejimenak) gailurretik jaisten hasiak dira eta marketinak, teknologiak eta merkatuak hortxe doaz gatzezko botiken bila, hau da, sodioren ordez, potasio kloruroak ekoizten, mantekilak eta ehizak gazitzeko.

Inguruko herrietako mitologia, tradizio edo ohituren arabera, gatza isuri edo erortzea gertatzear diren ezbeharren seinale den arren, euskaldunok ez dugu horrelakorik ezagutzen geure etxean (akaso, nahikoa izan ez dugulako behin ere). Aitzitik, irri-mirri edo, janaria gazia datorrenean sukaldaria maiteminduta omen dagoela esaten dugu. Beharbada, maitearekin akordatuz burua galdu eta gatzaren neurria ere bai. Ez alferrik jarri zitzaion sukaldariari gatzemalle izen ponpoxo garbizalea. Horrelaxe joan da gaurkoa, gatz eta piperrik gabe, baina…

24. martxoa 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu