mar-26 Alkatxofak

Betiko RZ

ORBURUAK

Hasi hostoak erauzten 24 orbururi, gupidarik gabe, segi hostoak kentzen, beldurrik gabe, bihotz zuria agertu arte. Labana zorrotzarekin ebaki buru horiek bitan luzeran eta eduki ur hotzetan.

  • Eltzean ura, bere gatz eta guzti, irakiten hastean, murgildu orburu erdiak eta utzi ordu laurden batez. Salda horretatik gorde basokada bat.
  • Bitartean, ebaki 150 g urdaiazpiko koadro txikitan eta lau koilarakada oliotan, paderan, su eztian, presarik gabe, olioa xingarraren zaporez dotoretzeko. Olioa “etorri” denean, gehitu koilarakada bat irin. Eragin eta disolbatu egurrezko palotearekin
  • Gorritzen hastean, erantsi alkatxofak eta basoerdi bat salda.
  • Irakin bost bat minutuz, dastatu gatzez nola dagoen, zuzendu eta zerbitzatu.

Espeziala

MENDI-APIOA

(Levisticum officinale); es: levístico; fr: livèche; en: lovage. Euskarazko izena eta aspaldiko frantsesezkoa (ache de montagne), berdinak, baliokideak. Zainak huts eta hosto berde zerratuak dituela, udaberriko goiztiarra da. Egospen luzea onartzen duenez, hasieran ipin daiteke eltzekoan. Zopa, entsalada, potaje, haragi gisatuetan, neurriz, landare hau nabarmen xamarra delako, arras zapore sakonekoa. Haziek, txigortuta, ogi, opil, bizkotxo eta galletak lurrintzen dituzte (baita izozkiak ere), sesamo-hazien gisara. Zain eta hostoak –aingeru belarrarenen modura— egokiak dira azukreztatuz gero, lehorturik, postreak usain dotoreaz janzteko.

Iraganean

Compañía Guipuzcoana de Caracasek, Ilustrazioaren bidetik, herrialdeko ekonomia suspertu zuen: portuak zabaldu, bertoko ondasunen esportazioa areagotu, itsasontziak egin eta hornitu, herritar askoren bizi-baldintzak hobetu, industria bihurtzailea sendotu… Txokolatearen merkatu-monopolioa Holandari kendu eta prezioa erdira jaistea lortu zuten garaiko kaxkariñek eta gainerako giputzek.

 

Aupa Osasuna!

Frijitzea

es: freír; fr: frire; en: to fry. Elikagai bat koipe (gurin, olio, urin, gilbor, margarina, gantz) bero-beroan (140ºC-tatik gora, hots, uretan baino askoz ere tenperatura handiagoan eta labean baino askoz ere arinago) murgildu eta jangarri bihurtu arte edo barnealdea beratu eta azalera deshidratatu arte, bertan edukitzea, ontzia (eskuarki, padera) estali gabe. Tenperatura biziki apalagoa baldin bada, frijitu ordez konfitatu egingo dugu.

Frijitze prozesuan, bai elikagaian bai olioan gertatzen diren aldaketa fisiko eta kimikoak hurrengo elementuek baldintzatzen dituzte:

a) olio edo koipeen mota, kalitate eta ezaugarriak,

b) frijitu beharreko elikagaiaren ezaugarriak,

c) frijitze prozesuaren tenperatura eta denbora,

d) metalen, oxigenoaren, antioxidatzaileen presentzia,

e) ontziaren ezaugarriak, besteak beste.

 

26. martxoa 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu