mar-27 Antxoak kazolan

Arrain RZ

ANTXOAK KAZOLAN

Urtero-urtero, aurreneko harrapatualdiak kontserberak eramaten dituenez, dirutza kostatzen da hemengo antxoa kanpaina hasieran. Nolanahi ere, moduz (prezio egokian) ikusten baduzu, eskura ezazu kilo bat, lau lagunentzat. Orduan,

  • kendu burua eta tripak antxoei, garbitu ur gutxitan, xukatu paperez eta eman gatza. Bitartean,

  • xehatu bi tipula, berakatz bi eta erregosi olio tanta batean emeki-emeki, kazola estalita;

  • berdura “errenditu” (guritu) denean, apartatu kazola sutatik. Antolatu antxoak zabal-zabal, eta erantsi bi baxoerdi sagardo;

  • xehatu perrexila eta zabaldu gainetik, exageratu gabe.

  • Ipini kazolari estalkia, jarri su ertainean eta eragin, tarteka, arretaz, arraina mastakatzeke. Ibili hor, lardaxkan, tapakia kenduz eta jarriz, baina arraina begiratuz.

  • Isatsa xerratik (hezurra mamitik) bereizten denean, eginda dago.

  • Pausatu pare bat minutuz eta eraman mahaira.

Landare mundua

Brokolia

(Brassica oleracea italica); es: brócoli, brécol; fr: brocoli; en: broccoli. Latinetik, brac(chium), abar edo adarra, barazkiak arbolatxoaren itxura duelako. Landare honen jatorria Italia hegoaldea da eta erromatar klasikoek bilakarazi zuten aza arruntetik, azalorea bezala. Orriak kizkurturiko aza berde (badago horia eta purpura kolorekoa ere) honen bereizgarria nutrizio alorrekoa (C bitamina ugaria) bada ere, azalorearen ukitu freskoa eta esparragoaren ahogozoa biltzen ditu, ur edo lurrunetan zehazki egosiz gero; gordinik ere har daiteke, aperitiboan, adibidez. Loreak osatzen dituen masa begetala botanikoki heldua ez denez, ez du zuntz askorik eta, ondorioz, pure fin-finak osatzeko balio du

Aukeran: eskuratu buru freskoa, garau mehe-meheko lore txorta trinko, tente, kolore politekoa (berdea baina urdin edo more alderako joeratxoa), kanpoko orriak garbi dituena.

Saihestekoa: lore horixka zurbil edo lehorrak dauzkana, simetria fraktala (naturala) galtzen hasia dagoena.

Kontserbatzeko: egokiena, erositako egunean bertan jatea.

Hiztegia astinduz

Familia

sin: senitarte, sendia; es: familia; fr: famille; en: family. Adiera sakratuko hitza da orain, baina horren hizkuntza jatorria, ordea, famulus (morroin) da; famulus hori, berriz, fames (gose, premia) hitzetik dator: gosea zer zen ederki zekien langilea, nonbait. Eta gose prosaikoak elkartzen zituen taldekideak.

Horrelaxe deitzen zaio, ostalaritzan, lankide taldeari (“Familiak hamaiketan bazkaldu eta, laneko arropak jantzita, batzuk sukaldera eta besteak jantokira doaz”).

27. martxoa 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu