mar-28 Puxtarri-mazedonia

RZ erraza

Puxtarri mazedonia

Bolatxoak erauzteko koilararekin meloi, kui, banana, azenario, sagar eta gainontzekoen pusketak atera ondoren, sobra diren fruta-hondarrak malats elektrikoan birrinduko ditugu. Beratu dena anana-zukuan eta, meloi-azalean bertan, zerbitzatu ilunabarrean.

Postrearen itxura apaindu nahi duzula? Berotu bi koilara azukre padera zaharrean, likido bilakatzen hasi arte. Orduan, erantsi limoi edo laranja azal birrindua, aroma politez janzteko.

Kalekumeok basoan 

Ezkaia

sin: xarbot (Thymus vulgaris); es: tomillo; fr: thym; en: thyme.

Lurrin sakon, fresko, finekoa, ez die besteei berea estaltzen, ez baita nabarmena.

Lehortutakoan ere usaintsu dirau.

Mendialdea lautuz hasten den lurraldeetako bide ertzetan ugari sortzen da baina balkoian ere erraz etorriko zaigu.

Maiatz aldea dugu lore more eta orri gurien biltze-sasoi egokia, gure janariak nafar eta arabar aireez aberasteko. Hostoak sardexkarekin (zaina “orraztuz”) kentzen dira.

Digestio-eragile denez, haragi koipetsuen lagungarri baliatzen da mahaian eta infusioan, mahai-ondoan; baita barazki, zopa, okela erre eta saltsetan ere. Ozpin eta olioa ederki lurrinduko ditu.

 

Kulturilla

Edari isotonikoa

  1. sin: edari hidratagarri; es: bebida isotónica, b. rehidratante; fr: boisson isotonique; en: sports drink. Alboko hizkuntza denak ez datoz bat edari hauek izendatzean.

    Kontzeptua: biologia zelularrean ezaguna denez, zelularen mintz erdiiragazkorraz alde batera eta bestera solutuen kontzentrazio berdina dagoela esan nahi du isotonia hitzak (grezieraz, iso, berdin).

    Plasma-zuntza pasiboki zeharkatu ezin dezaketen solutuentzat osmosi fenomenoa aplikatzen da: kontzentrazio handieneko ingurunera (zelulaz barneko edo kanpokora) pasatuko da ura, mintza zeharkatu ezin duen solutua disolbatzeko eta alde batean eta bestean dauden solutu-kontzentrazioen arteko aldea orekazko bihurtzeko.

    Soluzio hipertonikoak kontzentrazio handiagoa zelulaz kanpora duenez, globulu gorriak deshidratatu egiten dira; hipotonikoak, aldiz, zelula barnean du handiagoa eta globulu gorriak hanpatu eta, azkenean, lehertu egiten dira; isotonikoak, azkenik, solutuen dentsitate bera du zelulaz kanpo eta barnealdean, eta globulu gorriek aldaketarik gabe irauten dute.

    Edari isotoniko edo berridratagarriak dira organismoa berridratatzeko ahalmen handia dutenak. Izaki bizidunak ezinbestekoa duen ura organismoak xurgatu ahal izan dezan, sodio gutxi (kloruro edo bikarbonato moduan), azukre edo glukosa, potasioa eta beste hainbat mineral izaten dituzte.

    Edari isotonikoa ez da, berez, energi emailea edo estimulatzailea, ariketa fisikoan organismoak galdu duena itzultzen laguntzen dio.

28. martxoa 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu