mar-30 Zozomikoteetako laranja

Postre RZ

 

Zozomikoteetako laranjak

Zozomikote edo zozo-bikoteak dira orain, zozoak eta beste hegazti asko bikoteka elkartu eta, beren orkestrarekin gure goizak ondo goxatuta, lanera doaz, espeziea iraunarazteko ahaleginak egitera. Bejondeiela hegazti, txori eta gainerako pajaruei!

Geratzen diren azkenetako laranjak erabiliko ditugu: ipini 6 ale xerra biribiletan ebakita erretilu zabalean, koilarakada pare bat (pare bat…) ronez bera daitezen. Nahasi bol batean jogurt bat, 1 dl esnegain likido eta 150 g azukre. Harrotu bi arrautza zuringo eta erantsi nahasketari, asko eragin gabe. Estali krema honekin laranja, hoztu eta zerbitzatu adiskideei.

 

Kulturilla

Kafeaz

(Coffea, sp.) es: café; fr: café; en: coffe. Gurean, maiz hartzen dugun infusio psikoaktibo honen arabierazko izenak (qahwah, suspergarri) eta Yemengo dokumentuek (1440koak) landarea etiopiarra dela diote. Kairora iritsi, handik Istanbulera eta bertatik mundu zabalera, XVI. mendean. Euskal Herrian berandu sartu eta txokolatea erabat baztertu zuen. Egun, Asia, Afrika eta Amerikako tropikoetan ekoizten da, planeta osoan kontsumitzen den alkoholik gabeko edari sozializatzaile zabalduena izaki, daukan kafeina bizkorgarriari esker.

Kafea egiteko, hazia banan-banan eskuz edo makinaz bildu zuztargabetu eta ikuzita, inoiz zahartzen uzten da, zapore-aromak hobetzeko; ondoren, txigortu eta ehotakoan, uretan disolbatu edo uretatik pasarazi behar da, infusioan (100ºC-tara iritsi gabe) hartzeko, hutsik edo gozaturik, esne, esneki edo pattar batez lagundurik.

Kafe hutsak “deabrua bezain beltz, infernua bezain bero, maitasuna bezain gozoa eta aingeruak bezain purua” izan behar omen du (gustukoa izanez gero).

Sorlekuen arabera, hauek ditugu kafe mota ezagunenak: Blue Mountain (Jamaika), Bourbon pointu (Reunion uharteak), Harrar, Kontir Wild Forest eta Yirgacheffa (Etiopia), Huehuetenango (Guatemala), Java eta Toraja Kalossi (Indonesia), Kenya AA (Kenya), Kona (Hawaii), Maragogipa (Brasil), Moka (Yemen), Nahasketa kolonbiarra (Kolonbia, Kenya, Tantzania), Peaberry (Tantzania), Tarrazu (Costa Rica).

30. martxoa 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu