mar-31 Kiwanoa

 

Aperipintxo

Endibia hosto banatan ahate izter konfitatuen hariak antolatuko ditugu. Oliba olioz eta mugurdi ozpinez osaturiko saltsa gainetik zabaldu (ttantta bat), hiru ale gatz eta kito.

Piper berde batzuk zabaldu, tiratan ebaki eta oliotan konfitatuko ditugu, 10 minutuz. Ondoren, ardo zuritan beratuko ditugu pare bat orduz. Atera ardotatik, xukatu, jarri oxi xerra xigortuan, gainetik oliotako antxoa xerra. Nahikoa.

Mantala eta mantela

Antxoak garbitzeko,

  • lehenik erauzi burua bi hatzekin, bihurdura eginez, gordinki, gupidarik gabe;

  • sartu hor hatz erakuslea eta zabaldu tripaldea, atzeraino;

  • erraiak, zakarrontzira;

  • atzeman hezurra eta erauzi, aurrekoz atzera;

  • Bi xerrak atera nahi baduzu, kendu bizkarreko bitartekoa;

  • Txukundu osotasun hori.

 

Artikulua

EUSKAL HERRIKO JANAREN HISTORIAKO ZERTZELADA BATZUK

Garizuman neke, gose, seriotasun, kastitate eta bestelako sofrikarioak berrogei egunez, berrogei urtez, nozitu behar. Pulvus sumus, batzuk besteak baino gehiago. Mahaian janik ezean, esperantza aski. Orain artekoan ere…

Gizakiaren historia janaren kontakizun gordina izan da: jakia nola harrapatu eta etsaiari nola harrapatzen galarazi. Lehen aldaketa sua mendean hartzean gertatu zen, suak panorama biziki aldatu zuelako. Alde batetik, toxiko ziren elikagai batzuk jangarri bihurtu, galkor zirenak iraunkor bihurtu, eta honelako erdiespenak lortu ziren. Etsaiak uxatzeaz gainera. Animalia elikagaien karta zabaldu egingo zen, suaren bitartez harrapakinak ere ugaldu egin zirelako.

Bigarren aldaketa, animaliak etxekotzeari esker etorri da: garaian garaikoa ez ezik, beste zerbait jan ahal izango da hemendik aurrera (txerri eta ardiaren kultura) eta gizakiak ez ditu orain arte bezain bide luzeak egin beharko. Artaldeak bere burua ugaltzen du eta produktu asko eskaintzen dizkio gizakiari: larruak, haragia, esnea, lanabesak egiteko adar eta hezurrak, erregaia) eta lasaitasuna, patxadan esertzeko aukera. Matriarkatua nagusitu, jendea egonkor bihurtu, pazientzia zer den ikasi eta eskulanak hasiko dira bikaintzen.

Gizakia homo ludens, gizaki sozial bihurturik, beste etapa bat honela hasiko zen: egonkor bilakatuta ere, inguruetako elikagaiak urritu egiten direla konturatu eta landareak ere “hazi edo etxekotu” egin beharraz jabetzean. Ehiza, hein handi batean, suntsitu egin da. Eta arrantza sortu, larruzko txalupa zaztarraren gaineko arrantza, ibai eta hondartzan. Pausu hori eman behar dugu guk, hirugarren milurtekoaren atarian, arrainari dagokionez.

Euskal Herriko Antzinaroari buruzko dokumentazio ugari ez dugun arren, badakigu aldameneko herriek dieta uniformearen ondorioak jasaten dituztela: osasun eskasa eta gazterik hil. Orduantxe hasi dira bereizten mundua bitan banatzeko ager vasconum (euskaldunen soroa) eta saltus vasconum (amildegia) famatu horiek: lehenean, Nafarroa eta Arabako hegoaldean, badaude mahatsa (ardoa), garia (ogia) eta olioa. Bapo bizitzeko, nahikoa. Atlantikoko Euskal Herrian, jende urri eta txiro horrek behera egin beharko du, jaki bila (VIII. mendera arte).

Nafarroako arabiarrek astronomia, medikuntza, matematika, garbitasuna, arkitektura eta beste hamaika gai irakasten dizkiguten bitartean, Lurra Galizian, Bretainian eta beste hainbat itsasertzetan  amaitzen dela frogatu du zientzia enpirikoak: Finis terrae hor dago, gerora beste lepokoa jarriko bazitzaion ere (Santiago, etab.). Horren bila abiatu dira Eurasia eta Afrika osoko apaiz, aberats, matematiko, kartografo, nagusi, buruzagi… Eta hauek ere bere buruaren aztarna (espezieak, azokak, sendagaiak…) utziko dute hemendik pasatzean, nork bere sukaldariak baitzekartzan. Euskal sukaldaritza ez da hementxe egosten dena bakarrik: bertako langileak kanpokoari ikusi eta ikasita, euskal erara egokitu duenak ere osatuko du hemengo altxorra. Atzo eta gaur

Hementxe nabarmendu behar dugu Santiago Bide horrek askozaz ere eragin sakonagoa izan duela kostaldean lehorrean baino: Euskal Herria bitan banatuta, itsasertzekoak eman du pausorik handiena arrainak prestatzean; hemengo haragiak eta aldamenekoak ez dira biziki bereizten.

Beste aldaketa bat bideak eratu eta konpontzeari zor zaie: arraina Lohizunetik Iruñera egunean bertan iritsi ahal izango da honela, fresko. Eta Erribera edo Errioxa Arabarreko ardoa Tolosan edango dute, ez ahaztu, Inauteriotan bideak zabaldu izanari esker. Lehenagoko jakiaren etsaia ez zen bidaiaren luzea bakarrik: segurantziarik eza zen arazo larriagoa inondik ere, bidelapurrak non-nahi agertzen zirelako.

Amerikak idoro eta hara joateko ontziak egiten hasi dira kostaldeko Euskal Herrian. Diruari esker, saltus zena “paradisu” bihurtu eta, ondorioz, itsas trafikoa ohiko bilakatzen da. Hemen ikatza zegoen eta Bretainia Handian burdina. Handik burdina ekarri eta Bilbo aldeko labeetan urtzen dute. Berriro ere aberatsak bere kuzinariak ekarri eta hauek bere kultura utzi dute hemen txertaturik.

Mendeotan munduak ezagutu ditu sekulako aurrerakadak, zientzia eta teknologiaren laguntzaz: gaixotasunak zer eta zergatik diren azaltzen da zientifikoki eta elikagaiak geroz eta egoera hobean iristen dira (iritsi behar dute) gure mahaira. Gaur egun Euskal Herrian bi aldiz jatea ez da abentura. Dena den, langabeziari soluzioa bilatu behar diogu.

31. martxoa 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu