api-22 Kui eta zainzurien krema

 

ARTIKULUA

 ELIKADURAZ, ORO HAR

 

Janaria, komunikazioa bideratzeko lanabes

 

Euskaldunok ederki dakigunez, jakia ez dugu gosea kentzeko aitzakia hutsa: etxea egiten amaitutakoan, herriko festa eta Inauterietan, ezkondu aurretik, hil ondoren, txalupa uretaratzean, azterketa gainditutakoan, ardiak larrera abiaraztean, gizasemeek bakarrik (akaso) ostegunero eta beste gertakizun ugari lagunarteko giroan ospatzen ditugu mahai jiran.

 

Progresioa

 

Bestetik, adiera intrintsekoan ere preziatzen dugu jana: haur txikiak gosea eta asea bakarrik sentitzen dituelarik, hazi eta hezi ahala sentsazio horiek ñabarduraz janzten, aberasten dira pertsona askorengan, dastamena eta, batez ere, usaimena landu, trebatu egiten delako. Beste batzuek, berriz, kalitatearen aitzina kopurua lehenetsiko dute oraindik ere. “Zer moduz afaldu duzu?” galderari “Aski, nahikoa” ihardetsiko dizu hitzetik hortzera. Ez eskatu finezia gehiegirik. Euskal sukaldaritza berria zintzur zabal horien kontrakoek sortu zuten orain hiru dozena urte, gose garaiak igarotakoan janak (eta janaren inguruko guztiak: mahaikideek, baxerak, argitasunak, giroak… janariak, hitz batez) plazer izan behar zuela iritzita.

 

Kultura

 

“Jaten duzun horixe zara” omen diote hizkuntza askotan han-hemengo gizakiek, hau da, nutrizioak ikertzen dituen mantenu-gaiak ez ezik jakiek bestelako zerbait ere komunikatzen digute herritarroi: antropologiak, etnografiak, gastronomiak, kulinariak, demografiak, ekonomiak… kulturak, hitz batez, ardatz dituen horiek.

 

Zer jan eta edan, zenbat, zenbatetan, nork, non eta antzeko aldakiek tradizioan (azturetan) eta erlijioan (mitologian) dituzte sustrai sakonak, sinposio (“elkarrekin edatea”) edota konpainia (“ogia partekatzea”) hitzek, esate baterako, adierazten digutenez. Eskura zegoena jan izan da egundaino, esku-langile izan edo ez izan, patriarkatuan gizonezko helduak elikagai gehiago hartzen zituen, bera eseri da mahaiburu, sukaldeko gorabeherak emakumeak antolatu ditu, edadetuak eta haur txikiak bazterturik egon izan ohi dira jateko garaian (beste mahai batean, sutondotik gertu, etab.)… Alderdi horiek denek gizataldean nork zein toki betetzen zuen zehazki asko erakusten zuten.

 

Labur bada ere, gogora dezagun elikagai batzuek jainkoen edota agintarien oniritzia dutela (oliba olioa, dieta mediterraniarra osatzen dutenak, telebistak iragarri eta kontsumismoak agintzen dituen unean unekoak) eta beste zenbait, berriz, madarikatu edo gaitzetsiak daude: Eritrean, adibidez, gosetea larri bezain luzea izaki ere, nekez dastatuko dituzte elikagai jakin batzuk. Goserik ez dagoen arren, gurean (eta mendebaldeko gizarte anitzetan) ere izaki batzuk ez dira jangarri, berez: txakurra, astoa, arratoia, hainbat arrain (geroz eta urriago), intsektuak (angula biziki garestia bada ere), erraiak (herrialde askotan), berdura ugari (jangarrien zerrenda motz-motza dugu oraingoz), etc.

 

 Bilakaera

 

Iritzi batzuk aintzat jota, Euskal Herrian duela hogeita hamar bat urte, beste hainbat abururi jarraiki, XIX. mendean hasita, gizakien eta elikagaien arteko loturak hasi ziren aldatzen edo harrezkero erabat bestelakoak bihurtuko ziren. Hona bakarren bat:

 

a)      Bide hobe eta seguruagoak (lapurrak bertatik desagertzea, ibilgailu azkarragoak, etab.): ondorioz, garraio azkarragoa, ekoizle eta kontsumitzailearen arteko espazio eta denbora-tartea laburtu, produktu freskoago eta merkeagoak, sasoian sasoikoak ez ezik sasoiz kanpokoak ere eskuragarri, etab. Hau da, jana herrikoitzeko aukerak sortu dira.

b)      Higiene-neurri zorrotzagoak (kale-garbitzaileak, zabortegi kontrolatuak, ur zikinen kanalizazioa, etab.): hauen ondorez, osasun berme handiagoak, elikagai sanoagoak, jakien aukerak ugaldu, zaletasunak aniztu, jendeak “jaten ikasi”, etc. Jana, herritartzeaz gainera, kalitatez hobetzeko aukerak sortu dira eta gizarte-klaseen arteko aldeetako batzuk nolabait suntsitzen hasiak dira, pribilegiatuen kopuruaren mesedetan.

c)      Teknologien iraultza (hotz industriala, hegazkin bidezko garraioa, elikagaien tindalizazio eta uperisazioa, etc.): elikagaiak masiboki ekoizten dira eta, hortaz, maiz kalitate gastronomikoaren kaltetan bada ere, goseteei aurre egiteko aukerak izugarri biderkatzen dira (borondate politikoak ez dabiltza uztarpe horretan).

d)     Iraultza sozialak: ahulak badira ere eta bakoitzaren ondotik kontrairaultza etorri bada ere, denek lortu dute aurrerapausorik egitea. Horrela prezioak jaitsi, saltzaile eta biltegi-nagusien margen komertzialak doitu, tabu asko eta asko alboratu eta beste hainbat abantaila lortu dira. Alor honetako erdiespen handia, dudarik gabe, emakumea lan-munduan sartzea izan da, horren ondorez garaile gertatu baikara denok.

 

22. apirila 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu