api-27 Samarkopila

In (ahaztutako) memoriam

Zorionak Marko guztiei, paregabekoei eta konparagarriei, ostiraleko partez.

Ondo-ondo ibili denak Baigorri aldean!

 

ANTXOAZ HITZIK EZ, ORAINGOZ?

sin: bokarta (Engraulis encrasicholus);es: anchoa; fr: anchois; en: anchovy. Arrain urdinetan sailkatua, sarda handitan dabil ur epeletan, maiz lehorretik gertu: bertan harrapatu izan da, inguru-sarez, eskuarki; egun argiz orain dela 50 urte arte eta gauez, geroztik. Bizkaiko Golkokoa eta, bereziki, etxetik gertukoa denean oso preziatua da Euskal Herrian.

Bertoko antxoaren kalitatearen adierazle, euskal kostaldean XVI. mendetik ireki eta mantendu diren kontserba fabrikak (enigma gisara daude, Lapurdin eta Gipuzkoan, bi Getaria, arraina prozesatzeko balizko bi faktoria horiek, antzina-antzinatik).

1970 aldera euskal kostaldean ziren hirurehun arrantzontzietako bakoitzak 267 kutxa (30 kilokoak, beraz, 8.000 kilo) har zezakeen egunean; antxoaren kostera hastean gainerako arrain arrunt guztien prezioa ia erdiraino jaisten zen arrandegian. Eta, prezioak merezi ez zuenean, soroen ongarri edo animaliak galkatzeko irin egitera bideratzen zen antxoa. Edo kaitik atera, Kontxan arrantzontzia hustu, garnitu eta… arratsaldean, berriro ere, antxoatara!

Antxoaren sarrera ospatzen zuten etxekoandreek, gainerako arrainen prezioak behera egiten zuelako.

Prestaera soil asko onartzen du esker oneko arraintxo honek: trebezia handiz arranparrilan errea, osorik edo hezurgabeturik (irin eta arrautzatatik pasea) frijituta, gordinik baina olio-ozpinetan beratua, kazolan tipula eta sagardo ttantta batez erregosita (pil-pil esaten dio donostiarrak horri), hezurrik gabe tortillan, baratxuritan, egosi ondoren, baratxuri eta piperminez susperturiko olio errea gainetik zabalduta, udazkeneko txiki-txikiak, burua kendu eta hezur eta guzti, baratxuriz errebueltoan, gazitu eta, handik hiru hilabetera, oliotan beratuta, etab.

 

27. apirila 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu