api-28 Lotusa

Egunean egunekoa 

Baba

Inork ez biezaio har adiera maltzurrik ataltxo honen mamiari. Baba xumeak erlijio denek baino bizi gehiago salbatu ditu herri honetan.

Euskalkiak euskalki, baba (Faba vicia) eta bestelako lekadunak (Phaseolus vulgaris) bereiziko ditugu. Izena latinetik (faba) etorri zitzaigun aspaldi eta, agian, herritar xumearen eguneroko elikagai gutxietsia izatearren (Beren jana baba-txikia ta baba-txikia, ogia eta ardoa“), euskaran hitz peioratiboak sortu ez ezik (baba-jale, babalore, babalasto, baboa), alaba gaztea bataiatu ere egin du, tokian tokiko izenekin, oro har: baba, babarrun, baburrun (baba urruna, urrunekoa), indaba (India baba), banabar (baba nabar).

Gurean, urdai edo gilborra lagun, etxetik kanpora bazkaltzen zuten lehorreko beharginen (ikazkin, basomutil, hargin, artzainen) jaki bakarra izan zen luzaro; oraino ere planeta osoan ekoizten da, gizakiaren eta ganaduen hazkurri ia bakarra izateko.

Baba mundu osoan kontsumitzen bada ere, Mediterraneo aldean izan da historikoki preziatua eta bertatik iritsi zitzaizkigun lehen barietateak. Nonahi ugari eta aparteko eskakizunik gabe loratzen direnez, elikagaia ez ezik, ganaduarentzako bazka, olio eta gantzak, botikak, erregaiak, lore apaingarriak eta beste produktu asko ekoitzi izan dira lekadunetatik, kultura denetan presentzia nabarmena izaki.

Berde koloreko leka hanpatu mutur-motza da baba, barruan sei bat ale edo hazi ore edo zurixka (barietateen arabera) dauzkana.

Alea oraindik heldu ez delarik biltzen dira babak, berdura gisa kontsumitzeko, otsailetik maiatzera arte. Areago, fresko eta guri-guria dagoenean, leka eta guzti jaten dira; horrela kontsumitzeko egokienak, iparraldera begirako haran epeletakoak dira. Bestela, alea biltzen duen azala kendu egiten zaio, jaki horrek bere-berea duen mikaztasuna ezabatzeko. Eltzekarian, berdura eta gantza lagun, lekale modura hartzeko, estimazio handienekoak lehorrekoak dira. Bestela ere har daitezke baba freskoak: entsaladan (alea, azalik gabe, gordin eta bitan banaturik, menestran, erregosita urdaiazpikoarekin, etab.

Heldu ahala, alea gogortu, gozotasuna galdu eta almidoi edukia areagotzen denez, ondu edo umotu baino lehenago bildu behar da landaretik, jaki zakarra izan ez dadin.

Baba gurean fresko, leka eta guzti, lekatu edo aleturik, lehor, izozturik eta kontserban saltzen dira.

     Aukeran: leka kraskatsu, berde distiratsu dagoela.

     Saihestekoa: okertzean hausten ez denik edo bizkarreko haria ilundua daukanik ez ekarri etxera, zaharregi daudelako. Hazi freskoa berde hits edo hori kolorekoa, satinatua.

     Kontserbatzeko: zenbat eta lehenago prestatu eta jan, orduan eta goxoago.

Baba hauek ditugu ezagunak gurean:

baba arrunt (Vicia faba); es: haba; fr: fève; en: bean.

baba zuri, b. handi (Vicia faba, var. maior); es: haba grande; fr: grosse fève; en: broad bean.

baba beltz, b. mehar (Vicia faba, var. minor); es: habita de Navarra; fr: petite fève.

 

28. apirila 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu