mai-03 Katuarraina

 

KATUARRAINAK

Lekuan lekuko izenak gorabehera, katuarraina izen generikotzat har daiteke euskaraz.Katuarrainen zerrenda hiruzpalau arrainek osatzen dute elikaduraren ikuspegitik, ez iktiologiarenetik.

Arrain horiek jende gutxik kontsumitzen dituenez, arrantzalearen etxean ia bakarrik ezagunak izan diren “arrain zakar” hauekin gurpil zoroa itxi da: jangarri ez direla sinesteraino iritsi gara, ez ezagutzearen ondorioz baina, katuarrainak balio gastronomiko gorenekoak ez badira ere, jangarri goxo edo “duinak” dira, herritar askoren iritziz. Arrainkia ongi prestatzea izango da kontua, jakina: arraina pazientziaz garbitu eta zurituta, porruaren alderdi berdearekin eginiko salda irakinean minutu batez galdarraztatzea komeni da, amoniako usaina gal dezan. Ondoren, ongi xukatu eta nahi den modura prestatuko dugu.

Amoniako teko hori kentzeko, sukaldaritza frantziar klasikoak kolaioaren xerra meheak ur, gatz eta ozpin edo limoi zukuz osaturiko saltsan beratzea aholkatzen du. Horrela ordubete emanik, xukatu eta gurinez apailatu ahal izango dira, labean edo paderan.

Iraganean, aire zabalean (leihoan, balkoian, arrantzontziko mastan) eskegitzen ziren, arras lehortu arte; horrelaxe komertzializatzen dira oraino herrialde batzuetan. Arrain hauek fresko-fresko edo erabat lehorturik prestatu behar dira, amoniako kiratsa suntsituta. Arrain desberdinez osatzen diren zopa (ttoroa), marmitako eta antzekoen osagai izan daiteke, azken unean erantsi eta sua itzalita.

Erabat deshidrataturik, arrain horien azala ebanisterian arraspatze-lan arinak egiteko erabili izan da gurean ere.

Hona gure artean ezagunak diren katuarrain batzuk:

          kolaio, itsas zakur, leixa, gelba, moma, itsuki (Scyliorthinus canicula); es: lija, pintarroja; fr: petite roussette, chat marin; en: spotted dog-fish.

          toil lisoa (Mustelus mustelus); es: musola lisa; fr: émissole (lisse); en: smooth hound

          toil pikarta (Mustelus asterias); es: musola dentuda; fr: émissole commune;  en: stellate smooth hound.

          momarra (Scyliorthinus stellaris); es: alitán; fr: grande rousette; en: nursehound,  large spotted dog-dish. 

03. maiatza 2014 by edortagirre
Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu