mai-14 Antxoen errepertorioa (Busca Isusi)

 

}

Antxoa

sin: bokarta (Engraulis encrasicholus);es: anchoa; fr: anchois; en: anchovy. Arrain urdinetan sailkatua, sarda handitan dabil ur epeletan, maiz lehorretik gertu: bertan harrapatu izan da, inguru-sarez, eskuarki, baita egun argiz ere. Bizkaiko Golkokoa eta, bereziki, etxetik gertukoa denean oso preziatua da Euskal Herrian. Hortik aurrera Sanferminetara joateko prestatzen da, lepoan pañolu gorria jarrita. Utzi horri pakean, lehorrera joan dadila.

Bertoko antxoaren kalitatearen adierazle, euskal kostaldean XVI. mendetik ireki eta mantendu diren kontserba fabrikak. 1970 aldera euskal kostaldean ziren hirurehun arrantzontzietako bakoitzak 267 kutxa (30 kilokoak, beraz, 8.000 kilo) har zezakeen egunean; antxoaren kostera hastean gainerako arrain arrunt guztien prezioa ia erdiraino jaisten zen arrandegian.

Prestakuntza soil asko onartzen du bokartak: trebezia handiz errea, osorik edo hezurgabetuta frijitua, olio-ozpinetan beratua, kazolan tipula eta sagardo ttantta batez, tortillan, baratxuritan, etab.

Prestatzeko moduez, honela zioen Busca Isusi gastronomoak: irineztaturik frijituta; hezurgabetu, zabaldu, irineztatu eta arrautzeztaturik frijituta; (txiki-txikiak) frijiturik, arrauzkia osaturik; pil-pil: egosi ondoren, baratxuri eta piperminekin oliotan erregosita; olio eta sagardo nahiz txakolinetan erregosiriko tipula saltsan, ilaraka kuzinaturik; gazitu eta, lehortutakoan, oliotan beraturik; burugabetu, errai-erauzita eta hezurgabeturik, olio-ozpinetan beratuta.

Gordinik (ozpinetan beratuta) hartu behar baduzu, argi ibili anisakis zomorro gaizkilearekin. Ondo dago antxoa gordinik jatea baina, lehenbizi, izoztu arraintxoak 24 orduz eta gero prestatu nahi duzun modura.

Etxean honela egiten ditugu: 300 gramo ozpin, 200 gramo ur eta goilara bat gatz nahasi. Murgildu bertan kilo erdi bat antxoa (izoztu eta desizoztuta, ahaztu gabe, eta bururik eta triparik gabe). Sartu ontzia hozkailuan eta eduki 12 orduz. Ireki antxoak luzeran, kendu hezur nagusia, antolatu xabal-xabal eta estali oliba olioz. Olio horretan baratxuri erdi bat xehe-xehe ipini baduzu, grazia berezia emango dio. Perrexil hostoren bat?

Biharamunean gozatzeko daude hamabost antxoa horiek. Adiskideekin.

Datorren astean, modu onean badaude (merke), gatzetan jarriko ditugu, irailean oliotan sartu eta…

14. maiatza 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu