mai-20 Arbigara arrasatearrak

 

Arbigara

Erdi Aroko laborarien (eta Espainiako Gerra Zibilaren osteko herritar xumeen) barazki unibertsal izan zen honi urteko lehen hiletan erauzi behar zaizkio lehen hosto eta zain samurrak. Gatz eta olio tanta batez prestaturiko ur irakinetan sartu eta, berriz irakiten hasi denetik, 10 minutuz utziko dira. Xukatu eta hartu horrela edo gorritu paderan, baratxuri, urdaiazpiko edo beste zerbaitekin. Gaitzetsi eta baztertua dago gaur gastronomian, ongi prestatzeko denborarik ez hartzearren, agian.

Arbi lorearen pinportak dira arbigarak: tradizioz jangarriak Deba Goieneko bazterren batean. Ondo gogoratzen ez banaiz ere, uste dut Julen adiskidearen aitaren bitartez izan nuela ondoko formula honen berri. Arbigara, berez, mingots-mingotsa dela kontuan izanda, ea nola ateratzen zaigun gaurko eltzekaria:

  • Ipini lapiko bat sutan, ur gaziarekin; irakiten hastean, hasi arbigarak botatzen, piskaka-piskaka.

  • Bitartean, irakin ura beste lapiko batean.

  • Aurrenekoan dagoena erdi egosia dagoenean, hustu ura eta pasa arbigarak bigarren horretara. Erantsi pipermin bizi bat.

  • Irakin beste ordu laurden batez eta dastatu puntua. Mikaztasuna galduta eta egosita badaude, atera uretatik eta xukatu ongi, berdurak oihal batean zanpatuz.

  • Ebaki xehe-xehe labanarekin: pronto daude gisatzeko.

  • Jarri zartaginean hirugiharra edo urdaiazpikoa xehatuta erregosten, oliotan.

  • Gorritutakoan, sartu arbigarak eta egin bertan bost minutuz.

  • Segi nahi baduzu, horrekin arrauzki edo tortillak presta ditzakezu.

 

20. maiatza 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu