mai-22 Bakailaoa pil-pil

       Gerezia

es: cereza; fr: cerise; en: cherry. Bi espezie ditugu ezagun:

– ale ilun eta gozokoa (Prunus avium) eta

– ale gorri bizi, garratzekoa (Prunus cerasus).

Gure mitologian emakume gaztearen edertasunaren ikur izan den ahogozagarri honi Kerasos eskualdeak (edo Ceres jainkosa erromatarrak, agian) eman omen zion izena eta guk, berriz, izen txikiak, egiazkoak: anpolai, burlat, garraz, txertaka, peloa, kanpor, malmai, gilla, beltx, arrapala, txapat, ginga

Nafarroa osoan (Milagrotik Etxauribarren barna, Itsasuraino) ez ezik, Bizkaian ere (Barakaldon, behintzat) errotu zen aspaldi.

Toponimiak horrela adierazten digu: Kerexeta, Karezpide, Egerezia, Geresibar, Geizpieta…

Gutiziatua gure artean ere, (auzoari lapurtu eta) gordinik jateko, batik bat.

Udaberri eta uda arteko ertzean biltzen da, loretan hasi denetik hilabete eta erdira.

Baina arbolatik kendutakoan ez da umatuko, ez da gozatuko. Beraz, ongi helduak bildu eta, uretatik pasatu aurretik, txortena ez kentzea komeni da.

Aukeran: (eskutada bat laguneko) distiratsu, tente, lehor, itxura eder, kolore eta tamaina uniformekoak, txorten tente berdedunak eta, batez ere, mamitsuak.

Saihestekoak: orbandunak, heltzakak (ez baitira inoiz helduko, umatuko), guriak, arraildu edo pitzatutakoak, barietate berri erraldoi baina gezak. Fruta ahula denez, hobe ontzi zurrunean, gogorrean, eramatea. Uretan garbitu aitzina ez kendu txortena. Gordinak ez ezik, gereziak kontsumitzen dira ziropetan (amarena), pattarretan beratuak, erreximenta eginik, tarta, bizkotxo eta galletetan sartuak, ehizarako saltsaren osagai (txortena kendu eta, ozpinetan hiru egunez beratuta)… baita infusioan ere. Altsazian kirsch egiten dute gereziak distilatuz, Anjoun guignolet, marrasquino Dalmazian, ginjinha Algarben….

Kontserbatzeko: hozkailuan, garbitu gabe, egun gutxi-gutxitan. Izozteko ere balio du gereziak, ilunak bereziki.

 

 

22. maiatza 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu