eka-04 Anpolai gerezien ardo-gozokia

 

Izarren malkoak

Jatetxe garestiaren gaitzak 

– telefonoz eskatzen den pizza

– gazteen analfabetismoa (alor horretan)

– langileen egokipen luzeak

– prezioen neurrigabeko jaitsiera

– janekin hartzen diren edariak

– lehengaien kostu izugarriak

– zerga altuak

– telebistako partiduak…

Ekonomiaren beherakada honekin batera, azkenean, tenedore askodun jatetxeari iritsi zaio gorriak ikusteko unea (Donostian, esate baterako, etxalde bakar batean goi-goi mailako hiru jatetxe itxi dira: Nicolasa, Panier Fleuri, Urepel). Lehendik ere jaitsialdia nabaria zen, nabarmena, baina salbatu egiten ziren puntta-punttako ezagun horiek: errezetak honelako edo halako komunikabidean, atzerrirako bidaia ofizialak, gure Herrirako agintarien bisitaldietako oturuntzak, kirolari ekipoetako sukaldaritza-ardurak, doako eta zerbaiten trukeko propaganda eta publizitatea, urtean hainbat hilabetez ixtea, e.a.

Orain, ordea, jatetxe prestuenenak egin du. Nagusiak eta jabeak hortxe elkartu dira, ea zein mikrobio edo makrobio den porrot horien errudun. Arazo nagusi guztietan bezala, kulpante ez zen faktore bakarra, lagun mordoa baizik, denek batera edo txandaka eraso egiten diotelako negozioari.

Hona, ikerlariek diotenez, gaitza osatzen duten horiek:

Zergen altua aipatzen dute enpresariek, lehen mailan. Dirulaguntzarik eman ordez, Administrazioek “zigortu” egiten omen dituzte horrelako jatetxeak. BEZ, PFEZ, luxu-zergak eta beste hamaika. Hortaz aparte, zeinahi artikulu (janak, edariak, garbikariak, baxera, e.a.) bere zerga eta guzti dator. Jatetxeak, fakturan, ehunekoak kargatu behar direnez, berez biziak diren prezioak neurriz kanpora doazkie.

Telebista gertatu zaie merkatari hauei lehiakide gogorra, latza:  futbolaren (tenis, saskibaloi, pilota eta abarren) arrakasta, batetik, eta astearte, asteazken, ostegun eta larunbat ilunabarrean, gutxienez, partidu interesgarriren bat emititzen dela, bestetik. Lehenago, etxeko diru-xorroa gizonezkoak soilik zeukan eta berari bakarrik gustatzen zitzaion futbola.

Matxismoa erdi-gainditzen hasiak garen honetan, emakumeari ere sartu zaio futbolarentzako zaletasuna, erosteko ahalmenarekin batera, akaso. Aitzakia ederra, dena den, dendan zerbait erosi eta nork bere edo besteren etxean, elkartean edo beste nonbait goxo-goxo (merke-merke) afaltzeko, lagunartean. Futbolik gabe, beraz, astelehen, ostiral eta igandea. Baina asteko lehen eguna ez da afaltzera irteteko aproposa eta jai gauean kaleratzeko ohitura aspaldi galdu zen gure artean. Egun bakarra, beraz, etxez kanpo ongi afaltzeko. Eta telebistari kobratzen zaizkion zergak ez dizkiete itzultzen jatetxeei.

Etxetik mugitu gabe, telefonoa hartu eta, doxena eurogatik, kilo bat irin ekarriko dizu motozaleak, bere kondar-azeituna, tomate industrial eta gazta artifizialaz apainduta. Hori jan, uneko goseak ezkutatu, eta aurrera. Edo, ogi tartean gantz, gizen, koipe, kartilago eta gihar-haragiz osaturiko hanburgesa irents dezakezu, bere patata, kola apardun, maionesa mineral eta katxupekin, hamar euro. Aukera, aukera! Karbohidratoak garesti, baina jana merke. Tartean espagetiak, arrozak, letxugako sandwichak, gailletak, azukrea besterik ez duten (eta menpekotasuna sortzen dizuten) edari “unibertsalak”, eta tira.

Hau da, monotono, kulturaren suntsitzaile, garesti, gastronomiaz kontrako, osasunaren kalterako, etc., etc. Nekez ikasiko du jaten, gaztarotik hasita, honela elikatzen den gizakiak. Jatea, premia, bizibide eta errito kolektibo izatetik, norberak bakarrik eta paretari begira ezinbestez bete beharreko liturgia bihurtu da. Kontua zer da, elkarrekin jatea ala ongi jatea? Hori ere jokaera manikeistara murriztu behar ote dugu?

Zergatik ez bazterrean utzi, behingoz, enpresa multiestatal horiek sartu nahi dizkiguten sekretudun pizzak, lukainka misteriotsuak, hanburgesa aitortuezinak… eta sukaldaritzan geronek ikasi? Gezagoak izango al dira guk zuritu, ebaki eta frijitutako patatak? Garestiagoak ote? Susmagarria izango al da betiko harakinari erositako okelaz egin dugun hanburgesa? Zenbat kostatzen da hanburgesa edo lukainka bat egin eta ogi tartean jartzea?  Zortzi minutu? Guk bertoko bertsolariak, bertoko hanburgesa eta eskultore euskaldunak, bertako ardo, opil, gazta eta arrainak lehenetsiko ditugu. Geu ere unibertsalak baikara.

Egokipen laboralen kostu handia da modan jarritako beste arrazoia, bezero falta esplikatzeko. Langileak kaleratzea garestia omen, langile berriak hartzea garesti, kategoriaz aldatzea arriskutsu. Eta horrek burmuin eta zigalatxoez osaturiko endibi entsalada baten prezioa berrogei euroraino erakartzen du, nonbait, botila bat irekitzeak batetik hamabostera garestitzen duen bezala .

Azken motiboa aitzakiatu dute prezioen jaitsiera, hau da, beste jatetxe batzuek faktura erdira-edo merketu dutela, bezeroak inguratzeko. Hemen ere, zirkulu biziotsu edo bertutetsuak, hau da, zenbat eta bezero gehiago orduan eta tarte malguagoak; malgutasun horri esker jendeari gehiago eskain dakioke prezio berean, etab. Beharbada, jan bakarrik ez, luxu kontzeptua sartu zaigu hor barrenean: osotasuna dastatu behar dugu: janaria, edaria, ehunderia, baxera, altzariak, arkitektura, musika, giroa, paisaia… Denetan, doanekorik ez. Beste norbaitek, bitartean, jate goxoa besterik ez du eskaintzen, modu-moduan.

Guk, bederen, beste arrazoi pare bat erantsiko genioke zerrendari: batetik, Euskal Herriko (industriaren gainbehera eta guzti) jatetxe-dentsitatea Montecarlon ere ez dago. Jatetxea jarri bakarrik, ez: egundokoa muntatu behar dugu, inguruetan beste hamaika lehiakide baitaude. Eta bi: “ospe soziala”, hau da, arropan edo kotxean gastatutakoa ikusi egiten zaizu, jandakoan egindako inbertsioak ez.

04. ekaina 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu