eka-05 Legatza saltsa gorrian

 

Aranaz
sin: okaran, sakan (Prunus domestica); es: ciruela; fr: prune; en: plum. Euskaraz generiko hori baliatu izan omen dugu (basaran, okaran, oliaran) “fruta biribil txiki” adierazteko. Jatorriz txinatarra den frutatxo jangarri gozo eta zukutsu hau gurutzatuek Damaskotik ekarri omen zuten.

Gure artean aspaldi azaldu bazen ere, ipar isurialdean euskaldunak ez omen du asmatu egokiro tratatzen frutakulturan baina, lasai: horretan dihardutenek mundu zabalean laurehun espezie jangarri erdietsi dituzte. Euskal Herrian San Ferminetatik aurrera biltzen da gehienbat (goiztiarrak dagoeneko saltokian daude) eta goxoenak Nafarroa eta Araba hegoaldekoak dira, eguzkiak izerditan aritzen baitu uda partean lurralde hartan.

Tamaina ertaineko fruta esferiko hezurdun eta mamitsua da, azal mehea ia gardena duelarik, maiz pruina zurixkaz jantzia (frutak, bere burua babesteko jariatzen du ezko moduko produktuaz osatua) baina belus edo lauso hori ez daukate barietate denek; aranak mami ugaria aukeran, zukutsu eta gozoa du.

Berde, hori, gorri, ubel… nola fresko hala pasa, lehor edo melatu, erreximenta, jele nahiz konfitura bihurturik, neguko konpotan, armagnacetan urteren batez beratuta, berez postre (bizkotxo eta pastelen) betegarri, ehiza eta haragi sendoen aringarri. Nolanahi ongi, sasoian eta sasoiz kanpo.

Nutrizioan, idorreriaren kontrako konponbide ezaguna, oso heldua ez dagoenean, batik bat.

Gure artean, aran barietate ezagunenak hauek dira:
klaudia (Prunus domestica, subsp. italica); es: claudia; fr: reine-claude; en: white plum. Ezagunena, berde kolorekoa
– damaskoarra (Prunus domestica, subsp. insititia); es: ciruela damascena; fr: quetsche; en: damson. Arrautza forma, azal more edo beltza eta, batez ere, limoi berdea bezain garratza eta mamia lakar samarra; ez ohi da oso jangarri gertatzen eta, hortaz, erreximentak edo likoreak egitera bideratzen da produkzio gehiena. Berandu xamar biltzen da (irailean, gutxienez).
mirabel (Prunus domestica, subsp. syryaca); es: mirabel; fr: mirabelle. Argizari koloreko aran txiki biribila; jangarri aparta, zapore fin-finekoa heldutasunean (abuztu erdialdetik irailera arte).
Aukeran: (200 g laguneko) pruina edo lauso zurixka eta guzti, tente, potolo, mamitsu, lurrintsu (batez ere) eta zukutsua.
Saihestekoa: ale heltzaka (gogorregia), likatsu, arinegia, belaxka, urratu, lehertutakoa.
Kontserbatzeko: aste erdia hozkailuan; hobe izaten da kontsumitu baino lehenago hotzetik ateratzea, aromaz gozatzeko. Aranak, arbolatik erauzitakoan ere, goxatzen segitzen du.

05. ekaina 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu