eka-06 Oilaskoa garagardo beltzaz

 

ELIKADURA ETA NUTRIZIOA

“Ondo jan bai, baina gaizki alimemtatzen gara” eta horrelakoak entzuten dizkiegu adituei aspaldi honetan. Jana badago nahikoa, baina aukeratzean ez dugu asmatzen. Bitaminak ez dira hartzen; “jan” egin behar dira.  Eta horrela. Kontua da maiatzean garela eta, eguraldiak eguraldi, aski entsalada eta barazki jan ditugula hotzik gabeko negua utzi genuenez geroztik, soina lirainduta eta organismoa garbituta, uda beroari begira.

Hortxe gabiltza, aspalditik, goxo, sano, kolesterol, gatza eta gatz mineralak, gazi, azido eta beste hamaika kontzeptu nahasita, hitzetik hortzera egunero. Izen asko dakizkigu baina ez omen dugu asmatzen, ordea, zakuan zakukoak sartzen. Laguntzeko, telebista-kateetatik sukaldari sinpatikoek beren dotrinak aldarrikatu eta… okerrago. Lehen ontzat genuena, orain kalterako. Beharbada, horiek ere ikasi beharko.

Bi prozedura bereiziko ditugu: elikadura  eta nutrizioa. Elikatu geu egiten gara, nahita: inguruan (edota oso urruti) dauden gauzak aukeratu, jaso, erosi, zuritu, egosi, xerratu edo katilu batean ipini eta barruan sartzen ditugu, zintzurretik behera. Irentsi ditugun elikagai horiek dauzkaten elementuek balioko dute gu elika gaitezen.

Nutrizioa hortik aurrera hasten dela esan dezakegu: ahutzetan sartu eta zintzurreraino dena gure esku zegoen; hortik behera dena desberdin izango da, hau da, guk nahi ditugun (indarrak suspertu) eta nahi ez ditugun (txegoste edo liseriketa astuna izatea) prozesuak beteko dira, guri (jabeak izan arren) baimenik eskatu gabe. Nutrizioa, beraz, prozesu multzoa da; horien bitartez, gure organismoak elikagaiak (sagarra, txorizoa) desegin, beste zerbait bihurtu (bitamina, karbohidrato) eta  bertako ehunetan ezarriko ditu, hiru helburu betetzeko: mugitzen segi dezagun energia sortzeko, ehun horiexek osatuko dituzten materialak osatzeko, eta metabolismoa (hau da, bizidunen zeluletan gertatzen diren erreakzio kimiko mordoa) erregulatzeko beharrezkoak diren produktu edo gaiez hornitzeko.

Kajoi hauek zehazkiago bereizteko esan dezagun, nutrizioaz dietistak eta gainerako osagileak arduratzen diren bitartean, elikaduraren erantzule sukaldariak eta geu garela: jan eta edan (edo baraur) egiten dugula, ahal denean, geure kabuz. Jan-edariak ikusmen, dastamen eta usaimen bidez atzemanik, egokien iruditzen zaizkigunak hautatzen ditugu.

Normalean ez genuke esan behar fluoro gehiago edo gluzido gutxiago behar dugula, aukeran esparragoak nahiago ditugula edo patatarekin jai dagoela baizik. Gertatu ere, halaxe gertatzen da, zorionez.

Janak onak ala txarrak diren, kontzeptu desberdinen arabera neur daiteke. Esakune ezagunak ditugu elikadura eta nutrizioa zehazki bereizten ditugula adierazteko: “Bai, ederra eta gozoa bai, baina kalte latza egiten dit horrek.” Goxoa ahoan, aurreraz gero kaltegarri. Horrela, urdaiazpikoa on-ona da elikaduraren ikuspuntutik, baina arrain freskoa hobea, nutrizioarenetik. Beste horrenbeste, kontserban iraunarazitako jaki askoren kasuan: bakailaoa, antxoak, kaviarra, gazta, foie-grasa, ardoa, etab.: denak ere, freskotan osasuntsuago ditugu. Ahogozagarriak, beneno. Itsaskiak dira ederrak, baina zakukada bana kolesterol omen daukate (buruan, bereziki). Barazkiak azkar irakin behar ditugu nutrizioaren ikuspegitik, baina askori asko-asko eginik atsegin zaio (azak, dilistak…).

Gorputzak ere erakusten dizkigu alarma-adierazgarriak klabe batean edo bestean, ongi hezia dagoenean: bere horretatik atera nahi izatea (gehiegi edo gutxiegi jan edo edan, ezorduetan aritzea, etab.) agian gure kalterako gerta liteke. Egun idorotzen ari da herritar xeheak aspaldian Greziako jakintsuak ondo zekiena: lanean jardun behar, toxinak erretzeko, goseak mahairatzeko, ongi lo egiteko, osasuntsu bizitzeko, hitz batez. Ez lanak itota, ez alferkeriak ergelduta.

 

06. ekaina 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu