eka-14 Oilar arraina

 

OILARRA
Hitza espainieratik (gallo) hartu dugu oraingoan ere; testu zaharretan “gallo” edo “galo” (hemendik gorako uretan harrapatzen zelako)  ikusi ditugunez, ez gaude seguru arraina etxeko hegaztiak bataiatu duen.

Kolore arre edo marroiko arrain zapal-zapalak, bi begiak (hezurrezko konkor moduko batez bereizita) ezker aldean dauzkatenak, biologoek pleuronektiforme (hori, greziera klasikotik ekarri behar: pleura, alboa; nekto, igeri egitea) derizte, igerian saiheska edo alboka egiten dutelako, hondotik gertu-gertu beti ere.

Arrandegian ohikoa da urte osoan ere arrastan harrapatzen den arrain hau; ostatuan, ia ezezagun oraintsu arte, “kategoria apaleko mihi-arraina” zelakoan. Oilarra, digestioa egiteko eragozpenak zituenak, edadetuak eta ume txikiak jan izan dute gurean. 

Arrain zapaletan merkeenetakoa, gantz gutxiko mami zuri finekoa da, mihi-arrain edo erreboiloen trinkotasun, lurrin eta zaporeen gradura iristen ez bada ere. Meunière eran edo ogi birrindutan bildu eta frijiturik jaten du euskaldunak gehienbat.

Arrain zapalak, gainerakoak baino hondarrarekiko eta sedimentuekiko kontaktu estuagoan bizi direnez, kutsadurarik dagoen tokietan, honek bortizkiago erasotzen die limanda, oilar eta antzekoei; horregatik, biziki industrializatuak dauden eskualdeetatik gertuko uretakoek, alderdi zurian, inoiz agertzen dituzte garatxo moduko tumore edo papilomak, infekzioak eta bestelako patologiak, horietako asko titanio-dioxidoak eragindakoak. Horrelakorik, noski, ez omen da iristen gure saltokiraino, Europako legeria bereziki zorrotza baita alor honetan.

Hona hemen gure artean ezagunak diren oilar batzuk:
limanda oilarra (Limanda limanda); es: lengua; fr: limande; en: dab.
limoi-oilarra (Microstomus kitt); es: mendo limón; fr: limande-sole; en: lemon sole.
oilar handia (Lepidorhombus whiffiagonis); es: gallo; fr: cardine, c. franche; en: megrim
oilar txikia (Lepidorhombus bosccii); es: gallo de cuatro manchas; fr: cardine à quatre taches; en: four-spotted cald fish.
sasioilarra (Citharus linguatula); es: solleta; fr: feuille, fausse limande; en: spotted flounder.

14. ekaina 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu