eka-18 Lekaleak

 

MATERIALAK SUKALDEAN

 Tradizioan, sukaldeko ontzi eta tresnen materialen zerrenda lekuan lekuko bakar batera edo pare batera (buztin, kobre, eztainu, burdina…) mugatu bada ere, egun, zientzia eta tekniken aurrerakuntzari esker aukerak biderkatzen ari dira egunetik egunera.

Orain, sukaldeko lanabes eta ontziei bi baldintza betetzea eskatzen diegu: azalera kimikoki erreaktiboa ez izatea eta berotasuna era uniforme eta eraginkorrean eroatea.

Baina bi horiek batera ez ditu inongo materialek betetzen: eroale onak (metalak) erreakzio kimikoak sortarazten dituenez eta material inerteek beroa mantsoegi transmititzen dutenez (zeramikak energia era uniformean ezin eroan dezake: horrela, puntu beroak biziki dilatatu eta hotzak bat ere dilatatuko ez liratekeenez, tentsioak eta hausturak gertatuko lirateke), metalezkoak su gainean eta zeramikak labean soilik erabili ohi dira. Nolanahi ere, metalezko azaleretan zeramikazko geruza mehe-mehea hedatzen dute fabrikatzaileek, berotasuna denetik zabal dadin.

Hauek dira egun sukaldean gehien baliatzen diren materialak:
a) zeramikak: toska (latza, porotsua), gresa (beiraztatua, gogorragoa, poro gutxiago, finagoa, garbiagoa) eta beira (garbia, gardena, pororik gabea), kimikoki egonkorrak, korrosioaren aurreko erresistentzia ona, ez du eraginik elikagaiaren zaporean, usainean, etab.;
b) burdina esmaltatua: burdina edo altzairuzko azaleraren gainetik beira-hautsa urtu eta zabaldu da, dena estaltzen duen geruza mehe-mehea osatuz; ontziak behar bezain poliki maneiatuz gero, iraupen luzekoak dira;
c) aluminioa: lur azaleran dagoen metalik ugariena bada ere, ehun urte ez ditu bete aluminioak horrelako erabileretan; prezio merkea, pisu arina, eroankortasun ona… ditu aldekoak eta horregatik baliatzen da jan-edanen ontzi eta bilgarri industrial asko egiteko; baina ikusteke dago osasunean nolako eraginak izan ditzakeen anodizatu gabeko aluminioak;
d) kobrea: sukaldaritzan metalik aspaldikoena, eroankortasun bikainekoa da baina oso garestia, garbi mantentzen zaila eta osasunarentzat arriskutsua; alor horretako arazorik ez izateko, ontzigileak altzairuz edo eztainuz estali izan ditu kobrezko ontziak;
e) burdina, altzairua: burdina ere aspaldiko metala dugu (bost bat mila urte); burdina eta altzairua merke eta seguruak dira; organismoak burdina erraz eliminatzen duenez, printzipioz, burdinak toxikotasun larririk ezin dezake eragin; baina herdoildu egiten dira eta elikagaien kolorea aldarazten dute batzuetan; burdina urtuzko kazolak berotasun uniforme eta iraunkorra ematen du, prestaera luzeak egiteko ezinbestekoa;
f) altzairu herdoilezina: XIX. mendean sortutako aleazio distiratsu eta gogor hau burdinak (%70 inguru), kromoak (%18), nikelak (%8 – 10) eta karbonoak osatzen dute; egonkorra, prezio handikoa, burdina baino eroale kaskarragoa (hori ontzigileak konpondu du, ontziaren ipurdia kobrez edo aluminioz estaliz), etc. Bikaintasunetik gertukoena, hitz batez.

18. ekaina 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu