eka-20 Esparrago eta pikilloak

 

ENGEL-en LEGEA

Hildakoan ere hainbeste arrakasta bildu zuen Franco diktadore haren azken arnasetan, Marx, Engels eta beste ideologo batzuen izenak arras ezagunak genituen gazteok; ez horrela beren idazlanak, den-denok hitzetik hortzera aipatzen genituen arren.

Oraingoa Ernst Engel da, -s gabe amaieran, bestearen garaikide (1821-1896) eta hura bezala iraultzaile, baina berau praktiko edo prosaikoagoa, ekonomista eta estatistikoa izan zelako, batez ere. Elikadura alorrean geroari utzi zion lege enpirikoa ezaguna da nonahi.

Bere ikerlanean Engelek hiru proposizio hauek frogatu zituen, 153 familia belgikarren aurrekontuetan oinarriturik:
– Herritarraren errenta zenbat eta handiagoa izan, orduan eta txikiagoa da elikatzeko premiei dagozkien gastuen proportzioa (oso litekeena da, hala ere, egiazko gastua handiagoa izatea, termino absolutuetan).
– Janzkera, etxebizitza eta alor honetako gastuak (kalefakzioa, argikuntza) iraunkorra da, errenta zeinahi dela ere.
– Bestelako premien partea (hezkuntza, osasuna, aisia) handiagotuz doa errentarekin batera.

Horrela formulatuko genuke egungo euskaran: hitzez hitz, hirugarren ataleko “bestelako premia” horiei “alferrikako gastuak” zeritzen Engelek. Era berean, bigarren atalean dioena ezin da estrapolatu gaurko errealitatera, garaiak eta merkatuak biziki aldatu direlako: kosmetika eta arropetan, adibidez, gazteak sekulako dirutzak xahutzen ditu.

Baina, mamiari helduta, kontua horixe dela egiaztatu da: etxean zenbat eta diru gehiago sartu, orduan eta janari dagokion proportzioa ahulagoa da. Honezkero atzemango genuen Euskal Herriko zenbat janari denda bihurtu diren arropa saltoki, batik bat. Eta, zernahiz ari garela, markadun arropaz bakarrik janzten diren horietako askotxok zer jaten duten, elikatzeari nolako arreta ematen dioten, adiskideekin jatera elkartzeari nolako plazera hartzen dion, hartzen dituen elikagaien jatorri, ekoizteko modu, eta transformatzeko eraz zenbateraino kezkatzen den, etc. konturatu al gara?

Lege horren beste adierazpen bat, maila sozio-politikoan, denok dugu ezagun: herrialdea aberastuz doan heinean lehen sektoreari (nekazaritza, abeltzaintza, arrantza…) ematen zaion garrantzia urrituz doa: elikagaiak Hirugarren Munduan ekoizten edo erauzten dira, lan-baldintza prekarioetan, etc. Beraz, lehen sektore indartsua duen herria (ekonomikoki) pobrea da eta alderantziz.

Bai, gauza asko daude alderantziz.

20. ekaina 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu