eka-23 Ardo beltz onduen kategoria komertzialak

 

GAUR SAN JOAN, BIHAR JOAN ZAN
Sua eta ura, elementu behinenak

Gauza bat da afelioa, hots, Ama Lurrak alaba Eguzkia urrutien duen eguna (uztailaren 4a), eta bestea solstizioa: ez atzera ez aurrera, “eguzkia gelditzen” den eguna (ekainaren 21a), etimologiari begira.

Gauza bat da zeru astronomikoan zer gertatzen den eta beste bat da unean uneko kosmogoniak nola bataiatu duen (“San Joan”, esate baterako, izen horretako herritarra jaio baino milaka urte lehenagoko ospakizunari).

Euskal Herri osoan mitologian eta antropologian, are herri-medikuntzan oihartzun handiko ospakizun unibertsala badugu ere, solstizio horrek itzal ahula izan omen du elikaduran , agidanez. Sekulakoa, ordea, soro eta larre, ganadu, baso, baratze, erreka… zernahik izan ditzakeen gaitz eta eritasunetatik purifikatu behar ditu suak. Sakanako Lizarragan kafea horrela “garbitzen” zen 1988an oraino, beheko sutatik ilinti bat hartu eta likidoan sartuta, alegia: horrela ematen zitzaion balekoa kristau jatorrikoa ez omen zen produktuari.

Elikaduran eragin eskasa, halaxe: laborantzan, bederen, uda partean lan eta lan; ospakizuna, gainontzekoan: janari erritualak udazkenean (nekazal lanak amaitutakoan) hasi eta udaberrira arte luzatuko dira. Dakigun aldetik, XIX. mendean eta egun San Joanetako janariak aski “modernoak” dira. Biasterin eta Hernanin, adibidez, zopa, garbantzuak eta arkumea edo legatza, gazta eta antzekoek osatzen zuten bazkaria. Donibane Lohizunen, beste horrenbestetsu: aratxekia eta etxeko biskoxa. Ez opil berezirik, ez mahaiko benedikaziorik.

 

Joan Inazio Hartsuaga

Hartsuaga irakasle tolosarrak hainbat kontzeptu argitu dizkigu, jakinduria zabal, atsegin eta ulergarrian: batetik, “su” hori ez omen da euskal jatorrizko hitza; euskara zaharrean *egu izan zitekeen (egun, eguzki, egur): sua, argia, bizia; hirurak ere gauza beraren aldaki kontzeptualak dira.

Surik gabe ez da

a) Piztia eta bestelako arerioen aurkako defentsa;

b) Ez lur gaineko, ez lurpekoentzako (hildakoentzako) bizirik —piztu, bizi: horra hor beste bikote adierazgarria—. Begira kontakizuna: Bizkaiko meategian lanean zebilen beharginari sabaia gainera erori eta ehortzirik geratu omen zen. Hilda zegoelakoan, ezkoa piztu zioten etxekoek. Egun batean, ordea, ahaztu egin ziren argiaz. Astebete lurpean eman ostean, meatzaria atera zuten azkenean. Zer moduz izan zen itaundurik, oro har ondo egon zela ihardetsi zuen, halako egunean izan ezik: argia piztu ez zuten hartantxe, hain zuzen;

c) Ikusteko baliabide naturalik. Euskal Herri osoan “bihar arte” esaten omen zitzaion aresti arte eguzkiari, arrastirian, “itsas gorrietarako” bidea hartzean, eta Joanes gisa pertsonifikaturik agertzen zen funtzio klorofilikoaren arduraduna;

 

Ekainaren 23a

Hauxe da une egokia etxeko sua aldatzeko: su zaharra higatu, gastatu denez, kanpotik ekarri beharko (benedikatua edo, aukeran), etxea eta etxeko guztia indarberri dadin. Toki askotan, mendian, herriko plazan edo kalean pizturiko ardagaia edo enbor bat ekartzen zen etxera, aurrerantzean bera izan zedin energia horren iturri. Alor sinbolikoan, gizarte patriarkalean andregaia ekartzeko unea huraxe, bizia ugalduko bazen: horregatik osatzen zituzten mutilek era guztietako landare eta loreekin sorta eta koroak, andregaiaren leihoan uzteko.

Su berria ekartzeko, zaharra suntsitu edo kanporatu beharra zegoen. Bai sua, baita gauza eta tresna askotxo ere, toki bat eta bi baino gehiagotan.
J. M. Satrustegi

Urdiaingo ikerlari arruazuarrak zioenez, urak ere berebiziko tokia beteko du gaur: gauerdian, hain zuzen, lipar batez, harriak ogi eta ura ardo bihurtuko dira. Zorrotz jokatu beharko duzu; bestela, gizotso bihurtuko baitzara, Luzaiden eta Sunbillan ederki dakiten bezala; Iruñeko Errotxapekoak, berriz, aza azpian kokaturiko ura anis bilakatuko delakoan omen daude.

Errekan gauerdiko uretan bainatu behar du bere burua xahu-xahu bizi nahi duenak. Uretan behera joango dira, zorri eta arkakusoekin batera, gaixotasun eta gaiztakeria franko. Eta ur horrek berak —Ziordiko Batuekokoa da denetan hoberena— babestu eta osatuko ditu galsoro, ortu eta abereak, kargudun artatsuak trebeziaz bedeinkatzen baditu.

Biharamuneko ihintza ere, espeziala: berez sortzen diren belar gaiztoak akabatu eta gizakiak landutakoak hazteko ez ezik, larruazaleko hainbat gaitz seko sendatzen ditu. Hala diote, gaupasa eginik, belarretan goxo-goxo etzanik, izarrak kontatu dituztenek, ez Satrustegik. Gaupasa edo gaubeila, bihar ez egin siestarik —Pello Zabalak gogoratu— madarikatua izan nahi ez baduzu.

 
Atsotitzak

San Juan bezpera, sarna fuera, ogi ta ardoa etxera, atso zaharra ganbelpera. Nesatx guzik txokolate artzera (Muskiz, Imotz).

San Juan larraka [ekaitzetan, hotz] urte osoa marraka [negarra, estuasun] (Oskotz)

San Juanetan lau sagar ikusita, nahikoa da. San Juanetan artoak belea ezkutatu behar (Bera)

San Juan, San Juan, nekez etorri, azkar juan (unibertsala).

23. ekaina 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu