eka-25 Zurrukutuna

 

Zergatik hasten gara jaten?

Industrializazioa indartu aurretik makineria gehiegirik ez zegoenez, nekazaritzan eta arrantzan lanak eskuz egin behar izaten ziren eta, ondorioz, elikagai gutxiago ekoizten (eta kontsumitzen) zuen gizakiak. Hori, atzo goizean. Lehenago, mende mordoxka batez, herritarrak bi janari egin izan ditu egunean, bata eguartean, goiz partean, eta bestea lanak amaitutakoan, ilunabarrean. Horri esker, elikagaiak neurriz kontsumitzen zituen, albokoari begira, taldean, berriketan, etc. Beraz, jatea atseginezko ospakizuna izaten zen maiz.

Ohiturok bazterrean utzi eta jokabide berrietan hastea industrializazioari eta globalizazioari zor diegu: oraintxe pintxoa, oraintxe bi kafe eta pasteltxoa, zoparik ez, potajea gustatu ez. Elikatzea gabe, elikagaiak hartzea plazerra da, konforme, baina otordu seriorik ez, sukaldean aritzeko astirik ez, etxean eginikoa baino kalekoa nahiago…

Elikagaien industria bila ari da etengabe: zer jaten dugun, nola, zergatik, ze ordutan, norekin… eta zergatik hasten garen jaten, horiei negozioa sortarazten. Aspaldiko diziplina hura hautsirik, badirudi orain sei direla arrazoi nagusiak:

Agindu digulako gurasoak, sarjentoak, superiorak edo unean uneko agintariak.

Gosetuta gaudelako. Premia metabolikoei erantzuteko, seinale biologikoak jaso baititugu: hutsik dagoen urdailaren uzkurdura, energia eskuratzeko ahulezia, odoletako azukrea jaistea, etab.

Jateko gogoa dugulako. Energi premiak gorabehera, gogo huts edo gurari sozio-afektiboak bultzatzen gaitu maiz jatera. Gosea gabe, apetitua.

Garaia delako. Hori, nutrizio-premiez (ustez) dakigunak eta gure gizartearen azturek agintzen dute; Pauloven iratzargailuak funtzionatu ohi digu eguarte eta ilunabarrean.

Adierazpen sentsorialak jaso ditugulako. Elikagaien nolakotasunek helarazitakoak dira: itxura tentagarria, aroma goxoa, kolore erakargarri berezkoak edo artifizialak (edulkoratzaileak, koloretako zelofanak) gugan iritzi hedonikoak sortaraziz. Atseginak edo higuingarriak suertatzearen arabera, jatera edo ez jatera bultzatuko gaituzte horiek.

Faktore emozionalak iritsi zazizkigulako. Egokiera emozionalak eragin erabatekoa izan dezake: maitasunak, beldurrak, bakardadeak eta bestek jatera edo ez jatera garamatzate maiz.

Eragozpen horiek guztiak gainditzea dute helburu elikagaien konpainia erraldoi asezinek, etengabe zernahi kontsumi dezagun. Erne.

27. ekaina 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu