eka-28 Zapo zuria

 

ZAPO BELTZA

(Lophius budegassa); es: rape negro; fr: baudroie rousse; en: angler black, bellied angler.

Europako kostalde osoan bizi da. Metroko luzera eta 20 kilo har dezake, gehienez, baina arruntak 60 cm. eta 2 – 3 kilokoak dira. Kolore marroi, berdexka edo gorrixkako gorputz zapal, motz eta sendoa dauka gainaldeak, azpialdea zuria da; burua luze, sendo eta zabala; ahoa, handi-handia, barrurantz begirako hortz ezin zorrotzagoez hornitua.

Beltzak, zuriaren aldean, larru jaspeztatu gorrixka du eta peritoneoa (hestea biltzen duen mintza) beltza. Mami zuria, trinkoa, hezurrik gabea, zapore leun eta mariskoa gogorarazten duen iodo-lurrinekoa. Hauxe da gastronomi maila onenekoa. Prezioz ere, garestiago ohi dabil beltz hau.

 

ZAPO ZURIA

(Lophius piscatorius); es: rape blanco; fr: baudroie; en: anglerfish.

Gure itsas hondo basatsu eta hondartsuetan ez ezik, harkaitz tarteetan ere bizi da kolore arre, marroi edo berdexkako zapo buruhandi ezkata gabeko hau, sakonera denetan (20 – 1.000 metro artean).

Burua, proportzioz, gorputza baino dezente handiagoa dauka. Denera, metro eta erdiko luzera eta 35 kiloko pisua ere har ditzake zapo zuriak.

Estaltzeko, arrak emeari kosk egin eta berari itsatsita geratuko da, emea ernalduko duen tumore moduko zerbait bilakatu arte.

Gurean, estimazio handi eta prezio bizi-biziko arraina da zapoa (erosten dena eta jaten dena aintzat harturik): zuri, trinko eta itsaski lurrinez perfumatua delarik, hamaika modutan presta daiteke: gordinik, uretan edo lurrunetan egosita, parrillan, labean edo plantxan erreta, saltsa berdean, onddoekin, patata eta beste berdura askorekin, frijiturik, ttoroan eta era guztietako itsaskien laguntzarekin babestua.

Zuriak, beltzaren aldean, azalean tonu moreak erakusten ditu. Peritoneoa (hestea biltzen duen mintza) kolore zurikoa. Mamia ez da beltzarena bezain delikatu eta zaporetsua baina, hura bezala, hezurrik gabea, zuria eta gihartsua da.

 

28. ekaina 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu