eka-30 Ardoa botilan

 

ETXEKOANDRERIK EZ IZATEAREN ONDORIOAK

Ez da oportunismoa, morez, beltzez edo berdez idatzita ere.

Martxoaren zortzia izan, ekainaren hogeita hamarra izan, emakumea etxetik irten eta kalean ere hasi da lanean, diru gutxirekin bizi ezin daitekeela errepikatzen digulako sistemak: hobe bi soldata ekarrita, edo lau, eta lanordu estrak eginda, eta gure etxeko lanak egingo dituen norbait ekarri, eta horri gaizki ordaindu, eta erosketak korrika bizian egin, zer erosten ari garen konturatu gabe, eta kanpoan gosaldu, zutik, eta bazkaldu, banan-banan paretari begira, eta astirik ez izan umeez arduratzeko, janaria zer den arduratzeko, ongizateaz gozatzeko.

Bihar izango (omen) dugu aukera. Bihar = sekula ere ez. Zoriontasuna, gaurkoz, etxean bi auto, berri-berri eta arraiarik gabeak, edukitzea da.

Kontsumitzeko garaian ere, bakerik ez, segi korrika: hanburgesak, patata frijituak, saltxitxak, izozkiak, pizzak… janaria murtxikatzen neke handirik hartu gabe kaioak bezala irensteko moduan salduko da, bere ontzian, kuzinatua, hezur, zuztar, azal eta guzti, dena xehatuta, usainik gabe, kolore polita zaindurik.

Kontsumitzaileak, gehienez ere, kartoizko bildukitik atera, mikrouhinean berotu eta maionesa edo ketchup saltsarekin estali baizik ez du izango, esku bakarrarekin; bestea, telebistako agintearekin zapping egiteko diseinatua baitago. Hori dena, etxeko multimedia aretoan; modernoen etxeetan sukalderik ez dago. Zertako sukaldea, bertako lanetan inork ez badaki? Hobe tarte horretan zinema pantaila erraldoi bat jartzea, beti itzalita egongo den arren (“Ezertarako astirik ez, hau marka!”).

Egun, produktu asko “ia erabat prestaturik” merkaturatzen dira (bizkotxoak, souffleak, entsaladak, zopa eta saldak, haragi gisatuak, saltsak, arrain xerratu eta birrineztatuak, kroketak, ogi, opil eta hostoreak erreta); eta beste batzuk, berriz, jateko pronto (izozkiak, opilak, kixeak, budinak, lasagnak, arrain pastelak, zopak…).

Etxean ez etxekoandrerik, ez sukaldari profesionalik izango ez denez, kuzinatzea (autopsiak egitea bezala) profesionalen lan berezitzat hartuko da: “sutondoko saltsero” eta filateliko izatea antzekoak dira, zaletasun kontu arkaiko samarrak, alegia.

Ez dugu asmatu etxekoandre hark utziriko hutsunea betetzen. Baina alor denetan emakumearen protagonismo eraginkorra eguneratzeko garaiz gaude, oraingoz.

Biba zuek, emakumeok, alardean eta nonahi!

 

30. ekaina 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu