uzt-14 Bakailaoaren jelatina

 

EZ AHAL DA GALDUKO BAKAILAOA GUREAN!

Edorta Jiménez Ormaetxea

Goizetan amama Desi eskaratzean egoten zen. Ia ilunetan. Armozutan –gosaritan- arrain siku errea jaten. Ekonomikako txaparen gainean erretzen zuen arraina, astiro-astiro. Gero olio gordinaren tindiak egiten zizkion gainetik arrainari. Ogi zati batez lagunduta jaten zuen, tenedore barik.
– Arraina hatzamarrakaz jan behar da, hazurrak topateko-, esaten zigun amamak.
Berak sikatzen zuen, amamak, arraina. Balkoiko horman eskegita, eguzkitan eta ekialdera begira, hau da, goiko balkoiaren behearen azpian, aterpean, euriek ez bustitzeko arraina.
Arrain zantarrak izaten ziren amamak balkoian sikatzen zituenak, kolaioak, itsukiak eta halakoak. Niri makailaoa –bakailaoa- ekartzen zidaten gogora.
Arrainei barrukoak atera, erdiko hezurra kendu eta gorputza zabal-zabal eginik, okotzak izandakoetan egur zati bat zuen, alderik alde sartzen, arrainaren gorputz zabalduari bere zabalean eusteko horrela. Okotzen aldean baino beherago sartzen zion beste egur zatitxo bat, ziria esango nuke, gorputzaren alde horri ere bere zabalean eusteko. Gero sokatxo mutur bat lotzen zuen egur zati bietan, beste soka-muturretik goikoen balkoiaren hegalpean eskegitzeko. Amamak Kofradikoen sareak josten zituen eta, hark zekien hark, korapiloak egiten.
– Makailaoa be bardin-bardin egin behar dabe, ba- esaten nuen nire artean, aurreko karkaban hantxe ikusten nituelarik katuak; baketan euren bakearen barruan, katuak. Amama legez.
Armozutan –gosaritan- amamak arrain zantar horietakoren bat jaten zuen. Zantarra, diot, Mundakako portuan arrain-multzo bakar bi dagoelako; izendun arrainak, bakoitza bere izenarekin hain zuzen, eta beste denak, hau da, arrain zantarrak. Egia esanda, arrain zantarrek ere badute izen bana gutxienez -kolaioa, itsukia- baina esan gura ez, horien izena, arrantzaleek-eta.
Olio gordina goizean? Zeruko mana! Horrelaxe diote orain dietista modernoek. Ba, jakin barik, amamak zerua zeukan eskaratzean. Arrain errea oliba olio gordinetan, eta gero kafesne katilukadatxoa, eta ogia, eta eskaratzeko bero epela. Eta goizetan gainera beti erdi ilunetan.
Laurogei eta hamalau urterekin hil zen amama. Ordurako makailaoa prestatzen zekien emakume batekin ezkonduta nengoen. Hark prestatzen zidan makailaoa hezurretaraino garbitzen nuen. Gero, alaba ekarri genuen eta, amamak makailaoaren hezurrekin olgetan irakatsi gura zion gure umeari.
Makailaoaren hezurrak eta gabonak, oroimenean –orainean- biak bat zaizkit, bereiztezin ditut. Ze gabonetan gurean beti egoten zen makailaoa. Eta karakolak.
Afaltzen amaitzen genuen, eta hantxe geratzen ziren makailao hezurrak, garbi-garbi. Orduan amamak okotzeko hezurra hartzen zuen, eta loteriaren erritualari ekiten zion.
Ez ditut orain gogoan amama Desiren erritual haren nondik norako denak osorik. Baina guztiz oker ez banago, okotz-hezurrarekin mahaiaren ertzean kolpea jotzen zuen.
– Urtengo deusku? –esaten zuen.
Berriro ekiten zion, makailoaren okatzaz mahaiaren ertzean bigarrenez joz, eta bigarrenez ere joz, hiruretan galdetuz irtengo ote zigun loteriak. Hirutan errepikatzen zuen dena, kolpea, galdera eta barrea. Hiru biderrez eginda gero, ate-ertz bat zabaltzen zuen, doi-doi makailao hezurra kanpora jaurtitzeko tartea uzten zuena. Zabaldu eta jaurti, di-da, egiten zuen, hurrengo hitzak esanez:
– Makailo-makailo saltsa, atea igiri (ireki) eta kanpora martxa!
Loteriak ez zigun sekula urten, edo, orain esaten duten moduan, ez zitzaigun inoiz loteria tokatu. Hataz guztiz ere, guk, bost anaia-arrebok, ez daukagu ahazteko amamaren zeremonia. Denok gara makailoaren zaleak. Eta nik neuk, emazterik gabe banabil ere, ez diot makailaoari muzin egiten.
Amama hil orduko ere hasita zeuden gure gabonak apurka-apurka hondatzen. Oilaskoa merke saltzen zen, hamabost-hamasei urterekin Gabonetako giroa burgesa zela otu zitzaigun eta, horri denari gutxi iritzita edo, Gabon Zaharrean etxetik irten behar zela erabaki genuen. Eta amama Desi ikaratuta.
– Gaba gabekoentzat! -esaten zigun anaioi, eta gero- Nora zoaze, txotxotxuok?
Neskatan gindoazen. Hasita gengozan eta neskekin egoten, gizon egiten eta makailaoa jateko beste modu batzuk ezagutzen.
Bermeon orduan Takon izeneko lekua zegoen. Santa Eufemia elizaren ezkerreko mandan, Bermeon esaten den moduan.
Denetarikoen denda zen Takon txiriboga hura. Ate ondoan barra txiki-laburra zuen; harago, jatekoak eta edatekoak salgaia, janari denda ere bazen eta; azkenik, atze-atzean mahiak zeuden. Parrokianoak –amama Desik esaten zuen moduan- han jezartzen ziren, hamaiketakoak nahiz iluntzekoak egiteko. Gu Takonen sartzen hasi ginenean han egoten ziren, etxekoen moduan. Haatik, laster etorriko zen aldaketa. Aldaketa itzela. Trabenetan txikiteroak ugaltzen eta parrokianoak eskasten orduantxe hasi ziren, nire ustez.
Takon txiribogan sartzen ginen, sei edo zortzi edo hamar edo batek daki zenbat lagun, koadrila eginda, eta etxeko amamak –han ere amama, hoba ez!- begi gaiztoz begiratzen gintuen, erdaldundutako gazte bilbotar itxurakoak ginelako edo, nahiz eta gutariko batzuk euskaraz egin. Ez dut gogoan amama haren izena, bai, ostera zelan tratatzen gintuen. Ez gintuen makailaorik eman gura izaten eta!
Kostatu egin zitzaigun Takoneko amamak guri makailaoa ematea. Muga-marra bat gainditzea izan zen. Iritzi genion harrez gero gizontzat, edo etxekotzat, edo nik dakita zertzat hartzen gintuela. Kostatu zitzaigun, bai.
Trabenan gizonak legez sartzen ginen, gu baino nagusiagoak –gizonago!- ziren beste batzuen mandan jartzen ginen eta edatekoa eskatzen genuen. Denok. Nagusiak legez guk ere. Baina amamak nagusiagoei makailaoa ateratzen zien. Makailao gordina, gatza erabat kendu bagekoa, ogi apur batekin. Ardoa sartzeko hoberik ez zegoen, ez horixe. Pena, ez zigula amamak makailaorik ematen. Hala bada, ez ginen ia-ia ezer. Kanpotar hutsak ginen. Guk kontrakultura irizten genion leku hartan sartzen ginelarik, arrotzak ginen amamaren begietara. Ez zigun makailao gordinik ematen.
Amamak makailao gordina eman zigun lehenengoko hartan zoriontsuak izan ginen. Hala ere, ez pentsa hurrengoan tak, makailaoa behingoan eman zigunik. Ezta hurrik eman ere. Segitu behar izan genuen han sartzen, egun bakarrean ere faltatu gabe, amama hark guri makailaoa ematen segi zezan. Eta egun batean amama hura hil egin zen. Hutsunea nabarmen egin bazitzaigun ere, nesketan ibiltzen ginen eta, beste leku batzuek betetzen zuten Takonek gure bihotzetan utzitako lekua.
Ezkondu ginelarik, makailaoa etxean jateko aukera etorri zen. Emazteari esaten nion, erosteko, bai, makailao gordina, Takonen jaten genuen moduan jateko. Askoz hobeto prestatuko zidala erantzuten zidan.
Urteak igaro ziren, ipuinetan legez, eta behin batean Ingalaterrara joan nintzen. Behin, eta gero birritan. Bigarrengoan hango lagunei bertoko-bertoko zerbait prestatu behar niela eta, makailaoa eraman nik.
Entrenamenduak etxean eginda nituen. Arazorik barik izan nuen makailaoa beratzen, egun eta erdi batez, azala gora begira eta azalik gabeko aldea beherantz, uste dut Ala kontrara izan ote zen? Gero piperrak hautatzera aire zabaleko plazara joan nintzen.
– Oliba olioa ahaztu barik! –esan zidan nire lagun irlandar Gedek.
Donostian eta Bilbon urte erdiz egonda zegoen Ged. Hala bada, makailaoaren gorabeheretan aditua zen. Oliba olioa erosi genuen. Eta gero makailaoa prestatzeko buztinezko ontzia topatzeari ekin genion.
Afariaren orduan hantxe zegoen makailaoa piperrekin. Geden etxean, eta neure erara, dena esan behar da. Aurretik, entsaladatxo errusiarra prestatu nien. Eta barazki-salda arin bat ere tartean. Makailaoari leku egitearren. Eta ingeles zorigaiztoko haiek zer egingo eta, hara, entsaladatxoa eta makailaoa plater bakarrean nahasturik jan. Halakorik! Ged adiskideari deitu nion.
– Zer moduz makailaoa? –ingelesez cod edo cod-fish.
– Guztiz ondo, primeran –diost Gedek.
Bada, tratua egin genuen. Geratzen zen makailaoa gorde egingo genuen, biharamunean jateko, bai, delicatessen hura preziatzen genekienok. Ingalaterran, makailaoa, patata frijituekin jaten dute eta, barkatzen jakin behar dugu, edo ikasten ahalegindu behintzat. Geu ahalegindu, diot, ze eurek nekez ikasiko dute.
Ez dut askotan makailaoa berriro prestatu. Aroak aldatu dira. Amama aspaldi hil zen, gure ama baino urte batzuk lehenago hil ere, makailaoa bera garestitu egin da (gure amak, makailaoa egiten egundokoa zena, beti berdin esaten zion amamari, Bilbotik etxerakoan, “Ene bada makailaoaren prezioak noraino egin d(a)uen”) eta azkenik, last but not least, Takon itxita dago.
Ez dakit alabak makailaoa prestatzen ikasiko ote duen. Lehenengo batean amamaren pasadizo batzuk kondatu genizkion guk, lau neba arrebek eta bostok. Txunditurik, alabak amamaren pasarte horiekin zerbait idatzi duela uste dut. Lehen pausoa ote den nago. Halako batean amamaren izpirituan sakondu nahi izango du eta, makailaoa zelan egiten prestatzen den, ikasten ikusten dut alaba. Ze, ez da galduko, ez, makailaoa gurean.

14. uztaila 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu