uzt-20 Frutu-zopa eta entsalada

 

OGIAZ

Ogi izenak, gurean

– ume hizkeran, papa;
– ogi zakarra, ituina, nahaskaria, zenporra;
– ogi zuri fina, opea, txoiña; olata, eliz ogia,
– bizkaiera zaharrean errarie; zubereraz, kaolla;
– errauspetan erretakoa, sutopila, sorgina;
– eskaleari ematen zitzaiona, ate-ogia;
– gorpuaren aurreko 13 haur-ogiak dira hileta-ospakizunekin lotutakoak.
– biribila, otana, otaza, etxe-ogia edo etxeko ogia,
– ohiko biribil baino txikiagoa, pamitxa (Bizkaia, Araba);
– integrala, tremesa, zahi edo birzahia, bizilloia, (Bizkaia, Gipuzkoa) eta herresa (Goi Nafarroa).
– harrotu, hartzitu, jaiki ez dena, ailisa.
– artirinezko ogia, artoa eta mestura (Nafarroa, Lapurdi).
– galirinezkoak baino gutxiago irauten zuen fresko eta batzuetan ez zuen legamiarik, artabera (Gipuzkoa), arto zara (Bizkaia), arto opilla (Nafarroa);

Ogi- erroa duten euskal hitz askok (ope, otsein, otamen, otaldi, otordu, otarre, ogibide, oturuntza, ogipeko…) erakusten dutenez, alboko hizkuntzetan bezala, gurean ere ogia hazkurri edo elikagaiaren sinonimoa zen, hots, ogia baizik ez zela jaten, kasik.

 

Ogi salutadu

Izenak latinez adierazten duenez, ogi osasun-emaile hori, sartaldeko Euskal Herriko eskualde batzuetan, Gabon gaueko afaria hastean mahaiburuak benedikatu ondoren, ebaki, ogiaren aurreneko muturrarekin mahaiaren lau izkinak ukitu, muin egin eta zamau azpian gordetzen zuen. Gero, amaituan gorde eta urteko afari denetan ateratzen zen eta lizundu gabe irauten omen zuen, hurrengo Gabonera arte; orduan, azaldu dugun liturgia betetakoan, ogi zaharraren pusketa etxeko senide eta bere guztien artean banatzen zuen etxajaunak, urte berrian denek osasuntsu iraun zezaten, zakurren amorrutik senideak babesteko, txingorraren aurkako, edo itsaso “amorratuari” botatzen zioten (Lekeition, adibidez), ekaitza baretzeko, etc. Afariko ospakizun hori, ñabardurak gorabehera, kristautasuna sartu baino askoz lehenagokoa da, gertuko eta urrutiko kultura batzuetan berdintsu samar egiten baita oraino.

 

Ogi-zerga

Erdi Aroan aitonen semeak ziren erroten jabeak: bera erabiltzearren zerga bat ordaindu behar izaten zion laborariak jaunari. Ogia erretzean, beste horrenbeste, jauntxoaren labea ezinbestez baliatu behar baitzuen. Lurrak ere jauntxoaren jabetza zirenez (berari errentan hartzea zuen irtenbide bakarra nekazariak eta haziak ere berari erosi behar zitzaizkion), artean janari bakarra zen hura lortzea zenbat kostatzen zen eta herri xeheak nolako independentzia zuen imajina dezakegu.

 

Ogia eta hostia

Okindegi (arameoz, bethleem) izeneko herrian jaio omen zen Jesukristo. Janaria eta ogia (egiazkoa zein sinbolikoa) “betidanik” sinonimo izan dira, are kristauen artean ere, Kristoren hitzetatik ondorioztatzen denez, “bere gorputza = ogia” ekuazioa aurkeztu baitzuen. Kontua zen hostia ogi arrunta izatea (Ekialdeko kristauen jarrera) edo, judutar pazkoa gogoan, otila egokiagoa zen (Mendebaldekoena): horra etenduraren beste zergatietako bat.

20. uztaila 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu