uzt-01 Kalabazin eskabetxatua

Kartzelara! Kartzelara, ez: basoa garbitzera!

Komunikazioaren eta Informazioaren Gizarte honetan, guretzat funtsezko edo ezinbestekoak diren kontu batzuk geroz eta isilpeko eta ezkutuagokoak ditugu. Nork isilpean gorde, zeinek ezkutatu? Ahal duenak. Botere duenak, agintari demokratikoek, alegia. Horiek erabaki dute herritarrok geure elikagaiez gauza asko ez ditugula jakin behar edo, goxoki adierazteko, hobe dugula zer jaten dugun ez jakitea.

Europako legeriaren arabera, produktu jangarri batek (tomate saltsak, opil industrialak…) elikagai transgenikorik daukan etiketan agertzea debekatua dago, ezin da adierazi ez badaukanik, ezta ez daukanik ere. Kontsumitzaileak ez omen du eskubiderik jakiteko janari horrek nolako eraginak noziaraziko lizkiokeen epe labur, ertain edo luzera, genetikoki aldarazitako organismoen presentzia dela-eta.

Beharbada kaltegabeak izango dira organismo horietako batzuk, baina akaso ez. Horrenbestez, ez du jakingo bihar-etzi agertuko zaizkion sintomak transgenikoak hartzegatik izan diren edo ez. Ezta, era berean, halako edo bestelako transgenikoa kontsumitzearen ondorio izan den, harako beste hark ondorio kaltegarririk ez zuelako, zientifikoki frogatu zen bezala, eman dezagun. Edo transgenikoen eta “naturalen” arteko elkarreraginagatik zer gerta litekeen.

Big Brother kontinentala dugun Europako Parlamentuak animalia klonatuen produktuek edo klonatuen ondorengoenek (haragi, odol, esnea…) dituzten elikagaien etiketan horren aipamenik egitea galarazi du, kide diren estatuetako gobernuek hala aginduta. Arrazoia: horrek Estatu Batuekiko merkatu-gerra piztu egin dezake. Lehen edo bigarren belaunaldiko elikagai klonatuak hartuko duen erabakitzeko eskubiderik ez du kontsumitzaileak.

Lehen mailako profeta izan gabe ere, zerbait iragar dezakegu, hortxe dagoelako haren itzala: Japoniako lurrikararen ondorioz suntsituriko Fukushimako zentral nuklearretik alde eginiko erradiaktibitateak (Bilbon atzeman denak, esate baterako) kutsatu dituen elikagaiak ez dituela erosiko esan du AEBko Gobernuak. Japoniar ekoizle eta banatzaileek elikagai erradiaktibo horiek zakarrontzira botako dituzte? Erre edo desegin egingo dituzte? Jan egingo ote?

Zergatik ukatuko digu oraingoan Europako agintariak erradiaktibitatez kutsaturiko elikagaiak zein diren bereizi ahal izatea? Zergatik aplikatu nahi diguten heriotz zigor jakin bat, guk bestelako bat erabaki ahal izan gabe?

 

01. uztaila 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu