uzt-08 San Fermineko broetea (Patxi Abad)

SUKALDARITZA LIBURUA: ARTEA, DIDAKTIKA, IRUZURRA (I)

Sukaldaritzazko liburua da hizkuntza batek, idazten hasten denean (kultura grafikoa sortzean, alegia), sortzen duen lehen obretako bat.
Euskaraz izan ezik.
Euskaldunak, oro har, ez du aintzat hartzen bere burua, nahiago du frantses edo espainol dela imajinatu eta, hortaz, erdaraz idaztea, txapuza barregarria egingo badu ere.
Gauza bat da inork euskaraz idazten ez jakitea; beste bat, horregatik erdara ederki menderatzen duela sinestea.

Euskal sukaldaritza erdaraz

Horretaz idatzi diren liburuak ez dira bikainak izan, salbuespenak ere izaki. Betidanik lausenguz goraipatu eta laudorioz goretsi den “Nicolasa” ezaguna, adibidez, burua hotz, ez da euskal sukaldaritzazko liburua, herri sukaldaritza zeharo baztertua du-eta. Parabereko markesarena, pareak bai: nekez egin ditzakezu bertako formula gehienak, etxean neskame mordoxka ez baldin baduzu. Castillo erdaltzale konpultsibo zenak Hego bertoko herri kultura bildu zuen dozena erdi bat liburutan, baina erdaratzeko neurria hartuta. Busca Isusik ederki asmatu zuen gehienetan, Lapitz ikasleak bezala, baina bi-biek erdaraz jardun dute beti, hitzez eta idatziz. Sukaldari gazteak ere lanak argitaratu dituzte, baina espainolez ia bakarrik.
Gorrotoa euskarari? Ignorantzia, analfabetismoa, utzikeria…?

Euskarazko bakanak
Hizkuntzari dagokionez, (Mokoroa zenaren artikuluetatik at) sortze-lanak bakanak izan dira: “Escualdun cocinera” (Baiona, 1964) anonimoa, “Cocinan icasteco liburua” (Tolosa, 1889) Eusebio Lopezen moldiztegian paratua, Julene Azpeitiaren “Osasuna, merketza ta yanaritzaz” (Bilbo, 1930 aldera), E. Agirreren “Sukaldaritzarako hastapenak” (Donostia, 1983) “Sagardoa platerean” (Usurbilgo Sagardoaren Lagunak, 1996), “Almanaka 2003” (Pamiela, 2002, hementxe ikusgai, Kepa Sarasolaren ekimenari esker), “Tabula. Bakailaoa” (Montagud, 2003) talde-lanean, “Euskal sukaldaritzaren antropologia” (Gaiak, 2004), “Baietz okerreko bidea aukeratu!” (Alberdania, 2006), Hasier Etxeberriaren “Erabateko sukaldea” (Donostia 1988) eta beste bost, eta beste deus gutxi, sortze-lanetan.
Agian, atal honetan frantsesez eta ingelesez liburu gehiago argitaratu da euskaraz baino.

Historian barrena
Nondik norakoei dagokienez, hiru liburu-belaunaldi ezagutu ditugu orain arte:

1. Orijinalak: bere akats, asmakuntza eta guzti. Zerotik hasi ziren denak, osasuna, artea, sukaldaritza, magia eta zientziako ezagutza hedatzea helburu.
2. Horien kopia on edo txarrak: teknikak hobetu, jakituria zabaldu, teknologia berria ezagutu eta besteri esker, aurreneko haien kumeak sortu ziren hizkuntza gehienetan, bezeroak, jeneroak eta obreroak bereizita. Ospea, boterea edo negozioa begien bistan, gehientsuenak.
3. Egile-liburuak, argazki handiez hornituak: nornahik egiten du “bere” liburua egun. Zer aportatuko duen, hori beste kontua da. Eskuarki, garestiak eta alferrikakoak dira: osagai asko, teknika zailak, tramankulu aldrebesak… dena dugu kontrako kontsumitzaile arruntok. Liburu hauetako gehienak oparia egin eta behin bakarrik zabalduko dira, argazkiekin liluratzeko.

(bukaera, biharkoan)

 

08. uztaila 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu