uzt-09 Apio-haziak

 

SUKALDARITZA LIBURUA: ARTEA, DIDAKTIKA, IRUZURRA (eta II)

Gustura eskuratuko genukeen liburu-eredua

Dendara joanda, honelako ezaugarriak lituzkeen liburua erosiko genuke:

a) Izaeraz aparte (sukaldaritza tradizional, moderno, begetariano, ortomolekular, aristokratiko, orokor edo beste zeinahi), espekulazioari alde egin diona. Kontua ez da liburua sinatu eta kobratzea bakarrik: bertan esaten denak egia izan behar du, erakarritako herritarra engainatu gabe, errealitatean (osagai horiekin, ontzi eta tresna horiekin, tenperatura horietan) egiaztatua.

b) Sarreratxo bat eskertuko genuke, jakia historian edo eskualde jakin hartan kokatu ahal izateko (horrela, inprobisatzean, erreferentziak izango ditugu), anekdota edo gorabehera historikorik, etab. Baita kasuan kasuko jakira hurreratzeko bide bat ere.

c) Osagai guzti-guztiak jasoko lituzke, nolakotasunak adierazita, “sekretu eta misterioak” ezkutatu gabe:. Baita bestelako aukerak ere, bidezkoa denean (sasoia, patrika, osasuna… baldintza askok mugatzen baitute eginkizuna). Dena zehazki eta ulertzeko moduan azalduta.

d) Eragiketa denak kronologikoki eta banan-banan azalduta: beratu, zuritu, ebaki, egosi… Espezialisten argotari eta fenomeno terminologikoei, ahal dela, saihets eginik. Baita eragiketa bakoitza, ohikoa ez denean, nola egin behar den: nola zuritu, zer ebaki, noiz arte egosi, ezer ahantzi gabe. Egileak, argitaratu aurretik, errezeta guztiak birritan irakurrita.

e) Denborak ematean, egileak kontutan hartuko luke errezeta ez dela ostatuko sukalde industrialean egingo, etxeko supazterrean baizik, kaloria gutxiagoko sutondoan.

f) Ahal baldin bada, eragiketa horietako batzuen arrazoiak azalduta: zergatik beratu, zer gerta litekeen barazkia zuritu gabe egosiko bagenu, etab.

g) Lanabes guztien zerrenda emanik, baita alternatiboena ere: robota ez badago, ganibeta; artilekia ez badugu, iragazkia. Ontziez ari garela, tamaina ez ezik edukiera ere (litrotan) eta kirtenen materiala adierazita (labean sartu behar bada, plastikozkoak ez du balio).

h) Zergatia: zer arraio egiten du liburu horrek mostradorean? Zer dela-eta idatzi dute? Zein mesede egingo digu? Funtzional hutsa da?

Ez omen da eskakizun larregia baina…

Liburuak (gutxi, baina) argitaratuko dira aurrerantzean ere, baina denak berdin-berdinak: ezkerreko orrian, osagaiak, prozedura eta “trukoak” (“patata jangarri bihurtzeko, frijitu egiten zuen gure amonak”); eskuinekoan, animaliako argazki koloretsua, kamera erabat hurreratuta (liburu-saltzaile efikazena). Liburua ez baita kultur-ekarpena, negozio-bide baizik.

09. uztaila 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu