Uzt-25 Entsalada zaharberritua

AHABIA

sin: afixu (Vaccinium myrtillus); es: arándano; fr: airelle, myrtille; en: blueberry.

Euskaran txertatu eta bertan bilakatu da: arabia (“arabisagar” bezala) > ahabia.

Eurasia eta Ipar Amerika osoan hedaturik dagoen txilarraren antzeko zuhaixka honek ekain-uztailean hasi eta negu osoan ere saltokian ditugu fruitu mamitsu belzkara gazi-gozo hau. Aahabia gorriak Ipar Europara ia soilik mugatu dira.

Landutakoa ere badagoen arren, ia zerikusirik ez du basatiarekin, udan mendian biltzen den hori bizi, lurrintsu, zaporetsuagoa baita.

Ehiza edo haragi gorria laguntzen ez duenean, tartak, jeleak, konfiturak eta erreximentak osatzeko baliatzen da masusta, basa marrubi, mugurdi eta nahi den guztiarekin, aski ahabi ez baldin badago .
Aukeran: (150 g laguneko) ale distiratsu, tente, beltz-urdin bizia, lehorra, lurrintsua.
Saihestekoak: ale heze eta bigunak, azkar lizundu edo ustelduko baitira.
Kontserbatzeko: ahabia klimaterikoa ez denez, landaretik kendutakoan ez da gehiago heltzen, umotzen, gozatzen; horrek, ale helduak bakarrik eskuratu eta berehala kontsumitzea agintzen du.

AHABIA GORRIA

(Vaccinium microcarpum) es: arándano rojo; fr: canneberge.

Gure artean ez da oso ohikoa, baina ipar hemisferioko zotal-ikaztegi hotzetan, oro har, olibaren tamainako pinporta zukutsu eta gazi-gozo hau elikaduraren oinarrietako bat izan da milaka urtez.

Fruitu gorri gehienei bezala, sukaldaritzan (haragi sendoen lagungarri) eta, zehazkiago, gozogintzan ere (tarta eta pastel, konfitura, marmelada, ziropak) baliatzen da, baina zukuen industrian sekulako garrantzia hartu du, herrialde anglosaxoietan eta Eskandinavian, batik bat.

Nutrizio aldetik, dena mesede: antioxidatzailea, C bitamina upelka, etab. izaki, farmazia eta parafarmazian ohi dago salgai. Eskuratzean, aukeratu ahabia gorri helduak, etxean izanez gero umotuko ez direlako.

 

25. uztaila 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu