Uzt-29 Lekak

ESKOZIAKO GASTRONOMIA

Beharbada denok ez zoazte oporretan Herrialde Katalanetara edo Bretainiara. Beste herrialde zelta honetara gerturatu nahi izanez gero, aukera polita duzue Eskozia ederra , gustura ibiliko zarete horretan, eskoziarra adeitsua delako eta euskalduna adiskide duelako.

es: cocina escocesa; fr: cuisine écossaise; en: cuisine of Scotland.

Azalpen orokorra: sukaldaritza ingeles edo britainiarretik erabat ezin aska daitekeen arren, historian zehar metaturiko bereizgarriak agertzen ditu. Soila da eskoziarra ere, bertako elikagaietan sustraitua, usain-belar eta espezieen zaletasunik gabea.

Berezitasunak: oloa du Eskoziak zereal nazional behinena eta, hortaz, oloz osaturiko jakiak ohikoak dira, hala nola scotch broth (olo, okela eta berdurez osaturiko salda eskoziarra), lee lite edo porridge (olozko ahia), oatcake (olozko pasteltxoa, antzinako artzainek egin eta jaki-poltsa edo olo-zakutoan zeramatena), scotch pie (arkumekiz beteriko pastela), rumbledethumps (patata, aza eta tipulaz osatua)…

Janariak: britainiarrak dira, oro har.

Osagaiak: haragia txahala, ardia eta ehiza (oreina eta faisaia); arraina: izokina, bakailaoa, sardinzarra (fresko, lehor, gazitu edota keztatuak), legatza eta amuarraina; itsaskiak: otarraina, buia eta txangurroa, ostra, muskuilua, ganba; berdurak: patata, kuia, arbia, tipula, ilarra; fruta: fruitu gorriak, arana; zerealak: oloa, zekalea.

Koipe edo gantza: ardi gantza, gurina.

Gaztak, hestekiak: haggis (jaki eskoziar nazionala, ardikiz edo oreinkiz eginiko odolkia); Ayrshire (ipar aldeko gazta), Bonnet, Bonchester eta Galloway-ko cheddar (hegoaldean), gehienak keztatuak, klimak hala agindurik.

Edariak: “edaria” whiskia da, IV. edo V. mendean sortua eta nortasun latzekoa: Estatu Batuetan, adibidez, whiskiari scotch soilik deritzo eta Ingalaterran “whisky” hitzak whiski eskoziarra adierazten du. Garagardo edo ale eskoziarraren bereizgarriak kolore iluna eta malta zaporea dira.

 

29. uztaila 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu