Uzt-31 Atuna tipulaz

 

 

LIKOREA
es: licor; fr: liqueur; en: liquor.

Pattar azukretu eta lurrindua da, hots, litroko, gutxienez 100 gramo alkohol daukan edaria (likoreen gradu alkohometrikoa 15etik 55era doa) da, alkohol etilikoa lurrintzearen bitartez edo destilatu batetik ekoitzia.

Horretarako hainbat prozedura baliatzen dira, hala nola frutak eta landareak beratzea eta, inoiz, ondoren distilatzea. Likoreak koktelen osagai izaten dira eta, soilik, digestoniko modura hartzen dira, janariaren amaieran (edatunak gaixotasunik nozitzen ez duenean).

Sailkatzeko garaian, hiru multzotan banatu izan dira likoreak: belar bakar batez egiten direnak (absenta, adibidez, asentsio-belarraz), fruta bakar batez egiten direnak (amaretto, amandaz), eta  nahasketaz (Izarra, adibidez) egiten direnak.

Azukre edukiaren arabera, mota hauek ditugu:
a) estra-lehorra (eztigarriak, edukiaren %12raino),
b) lehorra (alkohola, %20-25; azukrea, %12-20),
c) gozoa (alk., %25-30; az., % 22-30), fina (alk., %30-35; az., %40-60),
d) krema (alk, %35-40, az. % 40-60).

Ezagunak dira, besteak beste, 43 likorea, absenta, advokaat, amaretto, amaro, amarula, angelika, anisa, aqua vitae, amer (bitterra), arabarba zucca, benedictine, bermuta, berbena, brandy, cherry, cointreau, curaçao, dranbuy, frangelico, gin, gentziana, grand marnier, grappa, izarra, karpy, kasis krema, kummela, limoncello, manzana, marka, marsala, marraskino, masusta likorea, midoria, mirto likorea, mirabelle, parfait d’amour, pastis, patxarana, pernod, persikoa, pontxea, queimada, ratafia, tibarina, triple sec, chartreuse, txina, uxual gozoa, vespetroa, etab.

Likoreen berri Hipokratesek eman zuen antzina, garai hartako agureek, gaitzak sendatzeko xedez, landareak distilatzen zituztela idatzi baitzuen.

Erdi Aroan alkimista eta kimikoek egiten zituzten sendagai, maitasun-eden, elixir, afrodisiako eta bestelakoen osagaitzat kontsumitzeko.

Komunitate batzuetan (komentu, monasterio etab.) ohitura izan da, gozokiak ez ezik, likoreak ere prestatzea, izenek adierazten duten bezala (chartreuse, benedictine).

31. uztaila 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu