Abu-25 Hegaluze egosia

KANTONEKO GASTRONOMIA

Kanton omen da, adituek diotenez, Asiako elikadura anitzenetako bat, tradizio askok bertan bat egin izan dutelako aspaldi-aspalditik eta, horregatik agian, bertatik munduratu den asiar sukaldaritzaren habia Kanton da. Hona haren berri soildu-laburturik.

Azalpen orokorra: Txina hegoaldeko Kanton hiri aldekoa da (garrantzi itzeleko portu komertziala XVIII. mendetik), Txinatik kanpo hobekien ezagutzen den sukaldaritza txinatarraren lagina; gure arteko jatetxe txinatarretan janari kantondar petoa edo egokitua ematen dutela esan daiteke. Ekialdeko sukaldaritza edo elikadura askoren bereizgarri nagusia, nolanahi ere, sinkronismoa da: mahaian hainbat jaki zerbitzatzen dira, batera, eta jatunak aukeratuko ditu bere zaletasunaren arabera, garratzak eta mingotsak, bizi eta gozoak tartekatuz, baina nabarmenkeriarik gabe. Arrainaren freskotasuna adierazteko, merkatu eta jatetxe zenbaitetan andeletan egoten dira, bezeroak hautatu zain.

Berezitasunak: janaria prestatzeko modu asko darabiltzate lehengaiei bertuteak erauzteko: lurrunetan egostea, tenperatura handian frijitzea (wok), estofatzea, olio edo bestelako koipeetan erregostea, etab.; egospen luzeko zopak, pei dahn (edo “ehun urteko arrautza”: ahate arrautza igeltsuetan ipintzen da, gorringoa gelatinatsu eta zuringoa berde-uher bilakatu arte), gūlū ru (txerriki gazi-gozoa), zhà zǐjī (oilasko kraskatsua),shāo rǔ gē (usakume marinatu eta gantzetan egosia), arrautzak lurrunetan egosiak, igel hankak lotus orriekin, indaba gorrien zopa, etab.

Janariak: gurean ez bezala, jateko ordutegi finkorik ez dago; te dastapena berezia da: goizean hasi eta bazkalondo arte luza daitekeelarik, era denetako ahamentxoak, gari- edo arroz-orean bilduak, hartzen dira elkarren segidan, tea lagungarri.

Osagaiak: osagaien aniztasuna azpimarratzekoa izaki: hamaika usain-belar eta espeziaz jantzirik (baina ez ezkutaturik) agertzen dira platerean era asko-askotako arrain, berdura eta animaliak (etxetiarrak, intsektuak, saguak, sugeak, tximinoak…), osorik edo atalak (buruak, erraiak, odola, hankak, isatsa…) fresko, lehor, ozpinetan, gazitu edo hartzituak.

 

25. abuztua 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu