Abu-26 Alberjinia txingarretan errea

ALJERIAKO GASTRONOMIA

Aljerian, aspaldian, Euskal Herriko baba batzuk egosi ziren arren, bestelako elikagaiekin gatoz gaur. Bertan euskaldun asko izan da eta, askok diotenez, herrialde horretan dago europar sukaldaritza mediterraneoaren eta Afrkakoaren arteko muga edo erdigunea.

Azalpen orokorra: toki eta urte-sasoi batetik bestera biziki aldatzen denez, anitza, oparoa da herrialde handi horretako sukaldaritza, espezialitate magrebtar tradizional ugariekin batera, Ekialdetik etorritako herri ibiltarien (kabilak, besteak beste) azturak ere bildu baitira arrago horretara. Kaletik eta liburutik eragin eskasa jasan duelarik, amak alabari baizik ez dio dena transmititu. Nutrizio aldetik, bikaina: gantz, gatz eta azukre gutxi, landarezkoaren presentzia etengabea izaki. Zereala du bertako janak ezinbesteko zutabea, janari guzti-guztien laguntzaile diren hamaika plegutako ogiak ez ezik (khobz dar, kesra rakhsis, kesra matlouh, kesra m’bessa, aghroume, akourane…) era askotako opil eta pastelak moldatzeko funtsezkoa.

Berezitasunak: kus-kusa jaki entzutetsuena da (150 formula dituzte), chakhchoukha (abelgorrien okela, barbantzu eta patatazko estofatua, eta bertan blaitzen diren ogi apurrak), janariaren aurretik olioz erretako gari-olatak te beroarekin hartzen dira.

Janariak: eguerdi edota ilunabarrekoan, jaki beroa hartzen da lehenik, ogiz lagunduta, eta, ondoren, oliba olioz ondutako berdura dator.

Osagaiak: barazki (tomatea, porrua, tipula, kuia, leka, azenarioa, arbia, alberjinia, kalabazina…), fruta (laranja, mandarina, kui gozoa, datila, pikua, mizpira, granada, amanda, mahatsa, melokotoia, abrikota, sagarra, madaria…) eta arrain-itsaski ugari (muskuilua, ostra, ganba, itsas trikua, sardina, atuna, izokina, amuarraina eta beste asko)

Koipe edo gantza: oliba olioa, tradizioz.

Postre eta gozokiak: gozoki, opil eta pasteletan trebezia handia du aljertarrak, hamaika orezko gutizietan frogaturik, hala nola galb el louz (semolazko orea amandaz beterik) makrud (datil-purea gari-semolaz bildua), mcheweq (ospakizunetako pasteltxo amandazkoak), m’khabez (fruitu lehorrez beteriko opila), tcharaq (kruasanaren itxurakoa, amanda krema hondar-orez bildu eta laranjondo-lorez lurrindua),samsa, sfenj, tamina, tahboult, msemmen, baghrir… hamaika gutizia gozo.

Edariak: erlijioaren aginduz, alkoholdun edaririk ez dago (ezta txerrikiz osaturiko hestebeterik ere), teorian bederen; esnea, gazura, gaztanbera, mami edo gatzatua, tea eta menda dira ohikoenak.

 

26. abuztua 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu