Abu-9 Irasagar gozokia

 

SENEGALEKO GASTRONOMIA

Agian ez duzue nora joateko erabakia hartu oraino, akaso abuztuan hartuko ez dituzuelako oporrak. Iraila espeziala da Atlantikoko balkoi den Senegal zoragarria bisitatzeko.

Azalpen orokorra: teranga (abegi on edo batzar) euskarri harturik, Mendebaldeko Afrikako sukaldaritzarik bariatuen eta aberatsena bertakoa dela diote; auzoko herrialderen batekoekin antzekotasunak eta Iparreko Afrika, Portugal eta Frantziaren eraginak nabariak ditu.

Berezitasunak: arrain asko keztatu, gazitu, hartzitu edo lehortu egiten dituzte, iraunarazteko; hartzituarekin guèdje ongailua osatzen dute; arrozez prestatzen dute ceeb bu jën marmitako antzekoa eta ceeb bu xonq (gorria, arrainezko albondiga frijitu eta tomate saltsarekin); kakahueteak gordinik, egosita, xigorturik, gazitu eta gozatuta jaten dira otorduz kanpo; arroza berdurekin (alberjinia, arbi, azenario, aza, mandioka…)

Janariak: Eltze bakarraren biran elkarturik, nor bere koilaraz eta (plateraren ordez) ogi pusketaz hornituta, janarian parte hartzen duten etxeko, adiskide, inbitatu, bidaiari eta gainontzeko gizakiak dira nagusi. Gutasuna praktikatzen dute, alegia. Jatetxeetan ere tradiziozko jakiak zerbitzatzen dira, globalizazioaren beldurrik gabe.
Arrainak: Atlantiko ertzean dagoenez, arrainen zerrenda amaigabea da: thiof (meroaren antzekoa), korrokoi beltza, karpa gorria, karanga, kapitaina, unbrina, barrakuda, zapoa, muxu-martina, ezpata-arraina, etc., etc., gurean arras ezezagunak; itsaskiak ere goi-mailakoak dira: karramarro, buia, txangurru, zigala, olagarro, otarrainak…

Haragia: Arkumea (eta, eskualderen batean, ahuntza) kontsumitzen bada ere, okela ez da ohiko jakia, oro har (txerria ez da ikusten, kasik, senegaldarren %96 musulmanak baitira), oilaskoa aski merkea da, kanpoan hazitakoa izaki ere.

Frutak: euri-sasoian, fruta tropikalak: mangoa, anana, banana, ahuakateak, era guztietako zitrikoak, datilak, papaiak, guaiabak, jujubak, kokoak…

Postre eta gozokiak: fondé (esne boulettes de mil) (gatzatu gozatuaz lagundutako artatxikizko bolatxoak), lakh sankhal (semolazko kroketatxoak, mahaspasak eta mamia edo jogurta), kauserak, kokozko pasteltxoak, thiakry (garizko pikor egosiak eta gaztanbera edo jogurt espeziaduna), kakahuetezko krema gozoa, etc.

Edariak: bissap (ura, hibiscusen loreak, azahar, menda eta azukrez osaturiko purpura koloreko likorea), dakhar (tamarindo egosiarena), buyé (baobab arbolako fruituekin prestatua), touba kafea, tea (atthaya deritzo te-zeremoniari), garagardoa, palma-ardoa (palmondoaren izerdia hartziz ekoizten dena), baina edari alkoholdunak gutxi kontsumitzen dira.

 

09. abuztua 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu