ira-15 Babarrunak, harren jaki

 

ARDOA

Udagoien  edo udazkena dugu, beraz, Donostiako Bandera emanik.  Meteorologiak eta egutegiek nahi dutena esango dute. Garaiko gai topikoak perretxikoak, ehiza eta ardoa. Orijinalak izateko jaioak ez gaudenez, hortxe larrazkeneko gure lehen pilula.

sin: arnoa, ardaoa. Euskara zaharretik dator zuzenean, alboko hizkuntza denetan ez bezala (horietan, v/w eta n dira hitzaren bi osagaiak, greziera klasiko edo latinetik hartua dutelako). Gurean, bi bide hartu zituen *ardano hitz teorikoak (egiazkoa dirudien arren,  ez gara kapaz teoria hori frogatzeko): ardan (Ardanaz, Ardanbide, Arlanza) batetik eta ar(da)no (Arnotegi, Eskuernaga, Arnegi), bestetik. Hortaz, antzina-antzinakoa da orain 7.000 urte Iran aldean sortu zen edari honen ezagupena gurean, Arabar Errioxan lurpeko haitzetan zulaturiko ardo andelek ere frogatzen duten bezala.

Definizioz, mahats zukuaren edo muztioaren hartzidura alkoholiko partzial edo erabatekoaren ondorioz sortzen den alkoholdun edaria da ardoa. Legamiek muztioaren azukrea jan, alkohol eta karbono-dioxido bihurtuko dute eta, gainera, horrek lurrin eta zaporeez jantziko du ardoa, gerora.

Mahatsa ardo bihurtzeari ardogintza deritzo eta horretaz enologia arduratzen da. Mahastigintzak mundu zabalean leku zabala hartu du, ardoa herrialde askok ekoizten baitute.

Ardoak sailkatzean hainbat elementu hartzen dira aintzat:

  • kolorea (zuri, gorri edo beltza),
  • gozotasuna (gozo, lehor, ertain),
  • gas karbonikoaren presentzia (lasaia, txinpartaduna),
  • sorterria (Errioxa, Irulegi, Getaria),
  • mahats barietatea (hondarrubi zuria, izkiriota, garnatxa),
  • upategi edo enpresa, etab.

Ardoa hamaika faktoreren arabera sailkatzen da nonahi, hala nola: malko ardoa den, zein urtetakoa den, barrikan hartzitutakoa den, mahatsa mulkoka edo alez ale bildu den, azukrea erantsi zaion, egun argiz edo gauean batu den, zein mahats-barietatez egina den, ardo “biologikoa” den, alkoholik gabea den, etab.

Hazkuntza eta erreserba termino “berriek”, ardoak barrikan eta botilan zenbat denbora eman duen baizik ez dute adierazten.

Euskal Herriko ardo izendapen ofizialak hauek dira: Arabako Txakolina, Bizkaiko Txakolina, Gipuzkoako Txakolina, Arabar Errioxako Ardoa (Errioxa Jatorrizko Izendapen Kalifikatuaren barnekoa); Nafarroan, hiru izendapen: Irulegiko ardoa, Nafar Jatorrizko Izendapenekoa eta, nafar herri batzutan, Errioxako Jatorrizko Izendapen Kalifikatua.

 

15. iraila 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu