ira-21 Esne-frijikiak

 

ELIKAGAIAK ZENTZUMENEZ AUKERATZEA

Elikagaiak aukeratzean aspektu ugari hartzen ditugu aintzat: horren prezioa berez dagokiona den, etiketa euskaraz dagoen, produktua desizoztu den, transgenikoa edo transgenikoez elikatua izan den, ekologikoa edo biologikoa den, sanoa den, egiaz etiketak dioen berbera den, sasoikoa den, edari jakin batekin har daitekeen, osagaien etiketa zuzena den, argi horrek agerrarazten duen bezain gorria den, merkeago beste nonbait ote dagoen… baldintza asko jartzen zaizkigu.

Sherlock Holmes-en rola jokatu behar, adi-adi. Hilean irabazitakoaren puska handi bat ez galtzeko eta guri jazotakoa hurrengoari ez gertatzeko gutxienez.

Horien guztien aurretik, ordea, lau faktore lehenesten ditugu, horretaz jabetu gabe ere: kolorea, usaina, ukia eta zaporea. Betidanik.

Geure kulturan, jakina, koloreak adieraziko digu fruta heldua dagoen, haragia zaharrena edo gazteena den, barazki berdeak bildu berri edo zahartuta dauden, arrainaren hezur ondoko mami gorrituak arrantzaleak noiz utzi zuen…

Usainak ere aztarna behinenak emango dizkigu: barazkiaren edo arrautzaren sufre tekoak, jadanik ez dagoela jangarri edo toxikoa dela; arrain-itsaskien amoniako kiratsak, beste horrenbeste; ananaren eta marrubiaren perfume erakargarriak, fruta hori osasungarria dela; gaztaren mami lurrinak, higienez ekoitzi dela… Denetik.

Ukiak ere arrastoak ematen dizkigu janari-dendan: arraina fresko dagoen, meloia ongi umatu den, ogia erre berria den, etab.

Zaporeak gainerako guztiaren berri gaztigatuko digu. Berandu, baina. Ordurako elikagaia erosia dugu, horrek ez du atzera bueltarik.
Ondorioz, etxeko mahaira eserita hurkoek inguraturik kontsumituko duguna lehenagotik zaindu behar dugu, ontzia ireki aurretik, pieza ebaki baino lehenago, erosketa ona egin badugu.

Elikagaien industria biziki garatua dagoenez, bertako ingeniariek badakite nola despistatu bezeroa: saldu nahi dioten jeneroaren kolorea, tamaina eta ukia zainduta, usaina gure sudurretaraino iristea galaraziko dute, hazkurria filmez estaliz.

Horrela tontoa eta listua maila berean daude, saiatu dena eta utzikerian bizi izan dena, igualtxo.

Zer egingo diogu, ba? Plastikopekoa ugari dabilen saltokietan asko ez gelditu eta auzoko dendan sartu, hor jakia guk hautatuko dugulako. Eta bezeroen eta dendarien arteko harremana goxatzen badugu, azalera handian bezalako prezioan kalitate handiagoko jakia eskuratuko dugu. Hipermerkatuetan bertako zuzendari eta kontseilukideek bakarrik erosiko ahal dute!

21. iraila 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu