ira-22 Jakia lehortzea, kontserbatzaile

 

Okerreko elikabide edo dietak gizartean

Ongi elikatzen gara, oro har; nutrizio aldetik, desastre. Soziologoek likido bataiatu duten gizarte honetan elikabide (janaria hartzeko jokabidea) estandarrik berez ez dago, hori aldatuko baita jatunaren gorabeheren (adin, osasun, sexu, ideologia, ekonomia, erlijio, orografia, lanbide, garai… eta gainerakoen ) arabera: begetarianoa, naturista, krudiboroa, makrobiotikoa, frugiboroa, sinkretikoa, jai-girokoa, bijiliakoa, budista, islamikoa, judutarra, kristaua, koloniala, fast food-ekoa, slow food-ekoa, eko-elikabidea, etab.

Nahasmendu gehien nozitzen dituena gazte jendea den arren, helduek eta zaharrek ere pairatzen dituzte gaixotasun mental horren sintomak, maiz gorabehera latzekin loturik (depresioak, psikosiak, ezbeharrak).

Ezagunenak, gure artean, alkoholismoa (alkoholdun edarietako etanola irensteko mendekotasun fisikoa, abstinentzia-sintoma gisa agertzen dena, edaterik ez dagoenean), anorexia mentala (an-orexia, apetiturik eza), bulimia (elikagai gehiegi behin eta berriz irentsi eta goitikatzea eta, tarteka, baraualdiak egitea), drunkorexia (gazte jendeak hartu berri duen joera: edarietan irentsitako kaloriak konpentsatzeko, ordu askotan ez jatea), gauezko jatuna (gauez ohetik jaiki eta 700 kaloria inguruko kontsumoa egiten du gaixoak), hiperfagia (gehiegi jatea baina gaixo honek ez du errudun jotzen bere burua eta ez du oka egiten), karpofobia (fruta hartzearen beldur izatea) eta karpofilia (kontrakoa), merizismoa (gizakiak hausnarkariak bezala jokatzen du, elikagaiak irentsi, berrahoratu eta ostera mutxikatzea), neofobia eta neofilia (berria edo oraino ezezaguna den jaki oro ez jateko, haurretan ohikoa, edo jateko obsesioa), ortorexia (elikagai osasuntsuak soilik hartzeko obsesio patologikoa), pika (lurra, klariona, igeltsua, txirbilak, bikarbonatoa, almidoia, kola, intsektuak… jangarri ez direnak irensteko nahi geldiezina), polifagia (behin eta berriro errepikatzen den jate konpultsiboa, hozkailura-edo bisita ugari eginez), potomania (ura batik bat, etengabe edaten aritzeko joera eutsiezina: begira zenbat pertsona agertzen diren telebistan, adibidez, ur botia eskuan), sitiomania (gaixoak sekulako elikagai pila hartu behar du bat-batean, ezinbestez), vigorexia (perfekzio fisikoaren bila dabiltzan pertsona batzuen gaitz hau anorexiaren antzekoa da), etc.

Eta kontsumismo jaunak ekarriko dizkigunak. Zentzumen andreak aurre kemenez egiten ez badio.

22. iraila 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu