ira-23 Pikilloak All i oli

 

ONDDO ETA PERRETXIKOEN DEKALOGOA
Inondik inora egin behar ez dena

Biltzaileek eta zaleek egin ohi zituzten bidegabekeriak ikusirik, berehala mendira hurbil zitezen dei egin eta honelako debekapenak egin zizkien Jainkoak, espantuz baina serio demonio, nonbait:

1. Ez bildu, ez jaso ondo ezaguna ez duzun alerik, ezta dudazkorik ere: zurea ez da laborategia, ez duzu saiakuntza eta aurkikuntzatan ibili behar, gizaki ziztrin horrek. Kuzinatu edo kontsumitu nahi dituzun ale guztiak ezagun-ezagunak (are ohikoak) izango dituzu. Jateko balio (merezi) dutenak oso gutxi dira, interes gastronomikorik ez dutenen edo toxiko direnen aldean (hilgarriak ere oso gutxi dira). Hobe duzu perretxikorik ez jatea arriskutan aritzea baino.

2. Ez nahasi espezie desberdinetako aleak, ez saski edo otzaran (jangarriak eta toxikoak nahas daitezkeelako, aurrenekoen kaltetan), ezta eltzean ere (zapore sakon eta usain nabarmenekoek gustu suabe eta lurrin delikatukoak estal ditzakete eta). Platerean? Platerean, tira. Baina bakoitza bere aldetik eginez gero.

3. Ez ikuzi uretan onddo eta perretxikoak; hobe duzu, bildu ahala, aleak garbitu eta txukun-txukun otarrean antolatzea, lur, hosto eta gainerakoak kenduz. Horrela, etxerakoan uzta kuriosoa izango duzu: igurtzi oihal busti batekin eta aurrera. Karraspinak, mitrak eta antzekoak garbitzeko, berriz, kendu hondarra pintzel batekin, pazientzia pittin bat hartuta, eta pasa iturri azpitik bizi-bizi, alea blaitu gabe.

4. Ez bota zakarrontzira ale guztien txapel azpikoa, onddoen belakia izan, perretxikoen lamak izan. Alea helduegia, bustiegia edo bareak ukituegia ez badago, jangarri da atal hori ere. Naturak ez dizkizu horrelakoak eman alferrik gal ditzazun, gajo horri.

5. Ez eduki uretan beratzen, urak mesederik egingo ez baitio, usain eta zaporeak kendu baino. Zikindutako aleak garbitu nahi badituzu, ibili bizi-bizi. Ur asko xurgatzen baldin badute, nekez kuzina daitezke, egoskor bilakatzen baitira. Frogatua dago, adibidez, perretxiko eta onddo guztiek, ur ozpinduan ordu erdiz blaitu ondoren, gustu eta usain ber-berak dituzte: geza, motel, graziarik gabea.

6. Ez prestatu sukaldean perretxiko eta onddo gazte, lerden eta sanoak baizik, bi arrazoirengatik: a) espezie jangarriak berak ere digestio astuneko eta, areago, toxiko bilaka daitezke, itxaronaldian zahartuz gero; b) denbora pasa ahala, usain eta zaporeak apalduz eta biziatuz doazenez, zenbat eta freskoago kontsumitu, orduan eta plazer handiagoa. Egin jaramon, horretaz ere asko dakit eta.

7. Ez eduki onddo eta perretxikoak luzaro gorderik, zain, prestatu gabe. Ardoa agian bai, baina onddoa ez du hobetzen aspaldikotasunak, kontrakoa baizik. Espezie batzuk (urbeltza, adibidez) berehala suntsitzen dira eta gehien-gehienak lurrin eta ahogozagarria galdu egiten dute biharamunean. Hoberena, etxera iritsitakoan, garbitu eta kuzinatu edo kontserban ipintzea, Jainkoa haserretzea nahi ez baduzu

8. Ez prestatu luze sutan. Espezie batzuk —tripakia (Hydnum repandum) adibidez— gogor-gogorrak direnez, egospen luzea behar izaten dute. Gainontzekoei hogei bat minutu baino gehiago sutan emateak kalte egiten die. Bada garaia ezagutzen hasteko, gizakia, onddo eta perretxiko asko gordinik ere har daitezkeela: entsaladan, esate baterako. Hobe, dena den, espezie ezezagunekin saiakuntzak ez egitea, oso litekeena baita jandakoan errotan ordu asko irautea, bueltaka.

9. Ez prestatu ale gehiegi, batera. Onddo eta perretxiko ugari kontsumitzea ez da komeni osasunarentzat, ezta athleticentzat ere. Bereizi, hortaz, gastronomia (atsegina, ahoraino) eta nutrizioa (hortik aurrerako ondorioak kontuan izanik). Halaz ere, gehiegi sartu badituzu padera edo lapikoan, baliteke denak ez kontsumitzea: onddo edo perretxikoez osaturiko jakia berriro berotzea ere ez zaizu komeni, gizakia zara eta: lurrin gabe eta gezak, astunak eta, areago, toxiko ere bihur daitezke espezie batzuk bigarren egosaldia eginikoan.

10. Ez erantsi espezia ugariegi. Azaldu dizkizudan arrazoiengatik: onddo eta perretxiko asko ahogozagarri eta lurrin finekoak izaki, lastima da oreganoz, piperbeltzez edo curryz estaltzea, galtzea. Curry, oreganoa eta erromeroa urte osoan izango duzu eskura; zizaren, urbeltzaren, gibelurdinaren, onddo beltzaren lurrina, oraintxe baizik ez.
Teologiaz eta hargintzaz agian ez zekien asko Itun Zaharreko jainko kakapirri hark baina diskurtsoaren edukian zuhurtzia handia erakutsi zuen, hamar manamendu edo galarazpen zorrotz horiek eginda. Gizon-emakumeak, menditik jaitsi, errieta ahantzi, ikasitakoa sutondoan praktikan jarri eta afaldu ondoren, tabernakuluz tabernakulu ibili ziren, zoriontsu.

23. iraila 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu