ira-27 Bisigu ahogorria

 

MISERA

sin: abakando (Homarus grammarus, H. vulgaris); es: bogavante, abacando; fr: homard; en: lobster.  Mixera  esan izan zaio azken hirurogei urteotan, gutxienez, Gipuzkoako portu gehienetan krustazeo honi. Geroztik etorri zen lehorreko izen akademiko eta ofiziala (ikusten denez, espainolezko hitzarekin bat datorrena, ez frantsesezkoarekin). Bai, erlijio batzuetan jainkoa gizonezkoa da eta, gainera, haserre dago gehienetan. Horregatik ditu emakumeak gorrotogarri. (beste gai bati helduta: ba al dakigu segurantzia osoz, 2014 honetan, noiz idatzi bi hitz elkarturik, marraz loturik edo bereiz? Muturluze, mutur-luze, mutur luze…)

Bi hagin ederrez (bata, zorrotza, ebakitzeko balio diona; bestea, hortz sendoez hornitua, harrapatutakoa birrintzeko, krustazeoez elikatzen baita, batik bat) jantzirik agertzen den krustazeotzar agresibo ilun hau (haztegikoak haginak estekaturik izaten ditu, kanibal bihur daitekeelako); kanadarra (H. americanus) baino europarra (H. vulgaris) finagoa delarik, berriz ari da irabazten antzinako maila egungo sukaldaritzan, otarrainaren gainetik ere. Hondoko arroka eta hondarretan ibiltzen da, gauez eta bakarrik batik bat, 50 urte bete arte (ehun milioi urtetako eboluzioan ia aldaketarik ez du egin) eta itsas aingirarekin ongi moldatzen da, maiz arroka zulo berberean bizikide izaki. Txautxa, olagarro, txipiroi eta arrainez elikatzen denez, zapore horiek agertzen ditu miseraren jaki gozoak. Egun, haztegikoa ia bakarrik kontsumitzen dugu. Aukeratu astuna (krustazeo denentzat balio du honek), bizirik, laguneko kilo erdia behar dela kalkulatuz. Primerako lehengaia denez, prestakizun soilenak ditu gogokoen: errea edo egosia; baita gordinik, beratua, carpaccio gisa. Izozteak ez dio mesede handirik egiten.

27. iraila 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu