ira-28 Hur eta masusten tarta (Patxi Abad)

 

Paperak sukaldean

 Sukaldean gizakiak betetzen duen rol edo papera sukaldariarena da, dudarik gabe: etxekoan, diru gutxirekin, zaletasun desberdinak betetze zientifiko-tekniko-artistiko hori. Gaurko papera, berriz, prosaikoa da, ostatuko eta etxeko sukaldean geroz eta ohikoago bihurtu diren horiek, hainbat eginkizun errazten dizkigutenak. Aspaldian etxean erabiliena periodiku papera zen baina posmodernitate honetan superkontsumoak berriak ekarri dizkigu sukalde zulora ere. Hona paper horietako batzuk:

aluminiozkoa: bilgarrian atondurik datorren 0,2 mm baino lodiera txikiagoko orria da, malgu-malgua, zernahi elikagai biltzeko, zirrikiturik utzi gabe; aluminioa erraz urratu edo zulatu ez dadin, ordea, bestelako materialak (plastikoa, papera) itsasten zaizkio. Aluminioa elikagaientzat erabat kaltegabea den, auzitan dago;

– laberako begetala (sulfurizatua): zelulosaren poroak itxi eta irazgaitz bihurtzeko eta elikagaiak (galletak, papilloteak) berari asko ez itsasteko, azido sulfurikoz estali da 220º C-ko tenperatura hondatu gabe pairatuko dituen paper hori;

filma: sukaldeko film plastiko luzagarri, garden eta itsaskorra bilgarrian tolestua dator eta jakiak babesteko erabiltzen da, hozkailuan batik bat, elikagaiari edo ontziari hertsiki itsasten baitzaio; Horrelakoan patatak, alberjiniak, erremolatxak, azenarioak… bildu eta mikrouhin labean lipartxo batez eginak daude (begiratu taulak, bada-ezpada);

irazkia: onil edo inbutuan sartzen da zelulosaz eginiko paper zirkular hau, likidoetan (salda, kafean) disolbatu ez diren zikinkeriak bertan gera daitezen; beroak ez du kaltetzen;

paper arrea (estraza): sailkatu gabeko paper birziklaturik baina zuritu gabe ekoitzitako paper latza, erresistentzia handikoa, gogorra da; antzina janari dendetan ohikoa bazen ere, egun zakuak eta bilgarri handiak egiteko bakarrik baliatzen da;

parafinatua: harategi, arrandegi edota xarkuterian ohiko (izan) den hau parafinak eta beste ezko batek biltzen dute, iragazgaitz bihurtzeko, hezetasunak eta koipeak barrutik ihes egin ez dezaten; horrela, ingurukoak ez zikintzeaz gainera, elikagaia fresko eta heze mantentzea lortzen da; elkarrekin izoztuko ez diren piezak bereizteko ere baliatzen da;

xukatzekoa: erabilera bakarrekoa, bilgarrian atondurik komertzializatzen da. Esku zatarrari dagozkion erabilerak ditu paperak (eskuak lehortu, elikagaiak garbitu, isuritako likidoak xukatu, etab.) baina ingurunean eragin larriagoa du oihalak bainoago. Bestetik, ordea, zatarra baino eraginkorragoa da mikroorganismoen ugalketa galarazten.

 

28. iraila 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu