Urr14-Babatxikiak

BELE ETA ZOZOAK, IRUZURKA

Iruzurra, sortu berri den Elikadura hiztegiaren arabera, “Norbaiten mesederako eta beste norbaiten kalterako gaiztakeriaz eginiko eragiketa da. Hainbat motatakoak dira: legearen kontrakoak, legeak onetsitakoak, deskuiduz gertatutakoak, etab. Biktima ohikoena kontsumitzailea da, erruduna egon edo ez egon (…)”.

Eskatzea libre; faktura etortzean, komeriak: aldameneko pikaro eta frikun (hortik friky ote?) horien ohiturak kutsatzen ari zaizkigu, inondik ere. Okerrena, beti bezala, ahaltsuak ahulari lapurtzea dela kirol estatala, handiarekin ez omen delako ausartzen. Handi horiek, gainera, lapurreten kostua herritar orori kobratzen digute, prezioak hanpatuta.
Bazkaltzera etorri eta ordaindu gabe alde egiten duen bezeroari orain sinpa deritzote espainiarrek. Sinpatikoa izatearren? Bai, zera!, ordaindu gabe (sinpa gar) hanka egiten duelako.

Hona aspaldi eta arestiko amarru ezagunen bat, errepidean edo hiri handietako ostatuetan gertatu ohi direnak (herri txikietan denak ezagunak gara):

– Nagusiak begiratzen ez duenean, bezeroa, isilik eta azkar, desagertzen da.

– Telefonoaren estaldurarik eza aitzakiaturik, kanpo aldera irten eta…

– Kaleko ume bat hartu, bazkaltzera konbidatu eta, postrea hartutakoan, umeari bertan egon dadin eskatu. Zerbitzariari esplikatuko dio “aita” horrek txartela automobilean utzi duela, etc.

– Dirurik gabeko txekeak sinatzea.

– Zorabiatu, lurrera zerraldo erori eta… aire fresko bila, kanpora atera.

– Edo, aspaldi honetan, bazkalosteko zigarrotxoa erretzera…

– Kexa eta protestak agertzea: platerean intsektua agertu delako (inoiz, ebasleak berak ipinitakoa)

– Berandu denez, lan-ordutegia osaturik, alde egin duen zerbitzari bati aspaldi ordaindu diola, iruzurtiak.

– Gose-lapurreta ere zabaldu egin da: bezeroak, jana irentsitakoan, goseak dagoela baina dirurik ez daukala azalduko dio zerbitzariari. Ordurako, galdutakoak ez du konponbiderik. Hori, ordea, ez da beti egia izaten.

– Beste batzuetan, kostuaren parte batekin konformatzen da lapurra. Horretarako, goi-mailako jatetxeetan batik bat, erreklamazio-orria eskatu eta eragozpenak aitzakiatzen ditu. Nagusiak, erreklamaziorik ez izateari hobetsita, “barkatu” egiten dio iruzurgileari fakturaren zati bat.

Egurra lapurrari! Bestela, ebasle ez garenok ordainduko dugu hark ostutakoa.

14. urria 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu