Urr19- Intxaursaltsa (Gorrotsategi)

 

Berandu, baina…

Elikagaiekin espekulatzearen kontrako legeria eskatu zaio Europar Parlamentuari

Aspaldi honetako kontua: niki edo elastiko batek eta azalore batek prezio berbera (3 euro) izatea eskandaluzkoa da, gizabidez aurkakoa. Kamiseta egin duen pertsonari ez zaio justiziaz ordaindu, azalorea ekoitzi duenari bezala. Artekaria da hor gehiegikeriaz diharduena, batzuei gutxiegi pagatuz eta guri sekulako prezioak jarriz, ohiko tarteak (Produktorearen Eta Kontsumitzailearen Arteko Tarte Ulergaitza, gurean PEKATU siglez adierazita), maiz, %1.000tik (bai, ehuneko milatik) gorakoak izaki.

Horrek ondorio ugari ekarri ditu: produkzio-kostuak ordaintzerik ezean, laborariak nekazaritza uztea, ekoizpena lehen mundutik hirugarrenera igarotzea, han esplotazioa askoz gordinagoa izatea, kontsumitzen duguna nondik etorri den, noiz eta nola ekoitzi den, nork egin duen… guk ez jakitea, ekoizleak zenbat irabazi duen ezin jakitea, etab.

Elikagaien espekulazio horri etekinak erauzten dizkiotenak handiak dira, baina gutxi: banatzaile handiak, hipermerkatu ezagunen jabeak, gehienetan. Gainerako guztiok, kaltetuak; pentsa nekazariari zenbat pagatzen zaion eta guri zenbat kentzen. Tartekoa? Tartekoa, Espainiako estatuan gobernuen dirulaguntza ere jasotzen duten bitartekarientzat: Carrefour, Alcampo, Eroski, Leclerq,  etab.

Legea betetzea ez ezik, zigorrak, isunak, establezimenduak ixtea eta antzeko neurriak har daitezen eskatu dute kontsumitzaileen elkarteek . Euro Ganberak, poliki-poliki, txostena idatz dadin agindu du, deus erabaki aurretik.

Elikagaiak, ekoizpen-prezioari eutsi edo altxatuta ere, dezente merkeago merkatura daitezke, banatzaile erraldoiek etekin horien parte bati (ez, ordea, negozio egiteari) uko eginez gero eta jan-edanak munduko beste muturretik ekarri behar izan gabe. “Protekzionismo garaiak pasa ziren”, izan da hitz ofiziala. Hazkurrian, agian, bai. Armagintzan ez, esaterako.

Eta protekzionismo mota bitxi bat egiteko modua kalitate on-onari heltzea da: Euskal Herrian zapore eta usain on-oneko barazkiak ekoizten badira, haragi ona lortzen bada, elikadura industrial txukuna (bikaina, ez: txukuna) erdietsiz gero, guretik kontsumitzen segituko genuke, gustura asko.

 

 

19. urria 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu