Urr21- Arroza almejekin

Hitz batez,

ASTEAN LAU ALDIZ, ZOPA. ELTZEKARI EDO POTAJEA, HIRUTAN

Gizakia, gizaki bihurtzen hasi zenetik industrializaziora arteko mende luzeetan, aldakuntza bortitzik gabe bizi izan zen, glaziazioetako gorabeherak gorabehera.

XIX. mendean (atzo goizean), ordea, elikagaia ere askoz gehiago ekoiztearen (eta kontsumitzearen) ondorioz, dena zeharo aldatu da: gehiago, konplexuago eta era kaotikoagoan elikatzen gara lehen mundu honetan.

Organismoari pixkanaka egokitzeko astirik eman ez diogunez, ondoreak hor ditugu: obesitatea, diabetesa, hipertentsio arteriala, etab. Alarmak piztu dira, ez jendea gaixotzen delako, gaixotzean lantokian baja hartzen duelako baizik.

Konponbidea bilatu behar zaio, konponbide merkea, osasuna ere eurotan ebaluatzen baita. Koilarako hazkurrira itzuli beharra dago (are gehiago, sistema judu-kristauak jan-edan ugariago kontsumitzea agindu digun garai hau bukatutakoan eta Garizuman kontrako aginduak jaso aurretik): zopa, pure, lapikokoa. Proteinatik, egunean 80 – 100 gramorekin aski dugu. Gantza, hozkailurik ez zegoela, altxorra zen; orain, eragozpen deabruzkoa.

Koilarako janari horiekin, larriena egiten ez jakitea dugu; kuzinatze teknikak ez ditugu ezagun, ikasteko ez gara gai, prestatzeko astirik ez dugu, denbora asko “lapurtzen” digute…

Negozio erraldoien alde ez gaudenok, berriz, bestelako iritzia dugu. Zopa eta bere ahizpak antzina-antzinakoak dira, gizakia sua menderatzen hasi zeneko garaietan jaioak. Beraz, tradizionalak (egokituak), merke eta digestonikoak (ura baitute osagai nagusia eta solidoak, gutxi, bertan beratuta), bariatuak (zernahi sar daiteke bertan), errazak (etxekoandre denek prestatu dituzten), osasuntsu eta orekatuak, gisatzeko errazak (teknika soilekoak), asegarri eta hidratagarriak (uraren presentzia ugaria), funtsezko bitamina eta mineralak berreskuratzen laguntzen digute, inprobisatzeko modukoak (eskura daukagunarekin), higiene aldetik seguruak (bertan murgildutakoak irakin behar du), goxoak (neguan, bero; udan, fresko), noiznahi (neguan ez ezik, edonoiz har daitezke) eta nornahik hartzeko egkiak (haginik gabeko haurrek eta zaharrek)…

Eltzekoez ere beste horrenbeste esan daiteke, etxekoandreak ederki dakienez.

 

21. urria 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu