Urr27- Alkohola kontserbatzaile

GERNIKA, PIL-PILEAN
Neguaren atarian, ganbara betetzeko aitzakiaz,
Urdaibain baturiko hamaika bikaintasun,
begiaren atsegin, eskuaren tentazio

Gernikaotikoa: astelehenean hirurehun behargin etorri dira azokara, egiten dakitena frogatzera. Langileen babesean, egun pasa, makinabat kritikari, kazetari, kameraman, kuskusero, epaile, bizizale, tabernari eta gainontzeko bizkarroiok. Mikrofono-feria, Gernika. Poltsak eta karterak falta, konturatzerako. Bisitariak, hirurogei mila, hirurogei milioi. Feri giroa, jendeak osatzen duena: samalda, poztasuna, poltsa, motxila edo xorro banarekin.

Dudoletako gurutzetik ia ordubete Gernika hurreraino. Kanpoko herritarrak kotxea bazterrean utzi eta trena hartuta sartu da hirian . Durangaldeko etxe harrizkoen fatxada dotoreetan piper gorririk ez, edo apenas. Denak azokara eroanak ote? Eguraldi zoragarria, bikaina, sanoa. Zortzietarako, arazoak astopistan. Bideko mahatsondoak hostorik gutxi eta alerik ez. Urte eskaxa, nonbait, txakolinarentzat. Antolatzaileek dena pentsatu, prestatua. Zuek bai langileak, zuena bai ilusioa!  Findestudioko zozketa.

Juan Kaltzada kalean barrena, hantxe ardo eta sagardotarako dolare mugikorrak, eskuzkoak, ardoa botilaratzeko tramankuluak, aire egokitu eta air bagez hornituriko traktoreak, motoaitzurrak, kontral cáncer, irrifak, motozerrak, ogiak -talorik ez? A!, ez, egia!, talorik ez, chica, qué raro!-, konfebask, gatobask eta pastizak, laboral rural kutxa, barkatu, 3 pare galtzerportibo sei ero, motozerra, landareak (porru, tipulin gorri, zuri, urteko, goiztarra, kuántas kerías, gwapa?, letxu eder-ederra, llévate todas, azaburu babalore, berakatz  eta baratxuriak nahastuta gaur, denak ez, hiru txorta, dame otxo), alfonbrak, Consejo Regulador del Excelentísimo Label Vasco de la Nunca Bien Ponderada Calidad Alimentaria – Eusko Labela (Euskal Herrira joateko gogoa ematen du, horrelakoak ikusita), hantxe dator, Labarkako ardo errioxarra, Etxanoko sagardoa, Muxikako baltza, Andraka elorrioar txakolin ederra…

Plazan sartu eta, ia-ia, astelehen arrunta: hantxe piper gorriak (25 euro zientoa, krisia, badakizu ), hogei euroko indaba(tolosiek ere, aukeran ), bertako berakatz, porru, Andeetako llamen artilez egindako jertse, zerba, brokoli, kalabazin, aza, patata eta enparaua (“ortuari”, indigenen hizkeran), udazkeneko mizpira, gaztaina, sagar, kiwi, intxaur, udare eta bestelako gutiziak, txekorraren zozketa, krabelin, pentsamendu, krisantemo eta kolore guztietako lore begetal eta gizakizkoak, gaztak (munduan dauden guztiak, nonbait, Nafarroa Behere eta Garaitik, Goierritik, Karrantzatik ekarriak), txakolin gorri, la de contral cancer ostera, ezetz, zergak pagatzen ditugula horretarako, zuri eta beltzak, hamaika klasetako eztiak (txilar, otalore, intsusa eta nik ba al da dakit nolakoak!

Tira, feria eta azokatik irten behar, kartutxoak agortuta. Gernika Gernika asko da guretzat. Bitxiena, ordea, Gernikari azoka egiteko baimena Sorrerako Kartan eman zitzaion arren (XIV. mendearen erdialdean), 1937 urtean eten egin zen, gudarien abiazioak hiria bonbardatu eta su eman ziotenean.

“Ekin” taldekoek berreskuratu, suspertu eta paregabeko jaikizuna antolatzea lortu dute 1979 urteaz geroztik. Gauzak nola egin behar diren irakatsita. Txapuzarik gabe. Bejondeizuela, ez baitirudizue euskaldunak!

27. urria 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu