Urr28- Onddoak ardo gozoarekin

Laranja

Sanskrito eta pertsiera klasikoan, lurrina adierazten zuen narang hitzak; gurean, espainieratik hartu zen hitza baina euskal arau fonologiko bat aplikatuz (harroputz batek adieraziko lukeen moduan, kontsonante likidoen asimilazioan,   bigarrena aurrenak behartzen du: n – n à l – n, aldamio, lumero eta bestetan bezala), gaurko hitza geratu zen, Hego Euskal Herrian, behintzat. Beraz, (gitarra edo pagoa bezala) hertsiki sustraitutako ondasuna dugu: dokumentu zaharrek diotenez, Gipuzkoak ekoizten zituen lima, limoi, laranja eta pomeloen soberakinak (!) Ingalaterra eta Galesera esportatu egiten zituen XV. eta XVI. mendeetan eta, horri esker, gari gehiago inportatu ahal izaten zuen, bertoko gosete kronikoa arintzeko. Zitriko jangarri ohikoena, arabisagarraren eta mandarinaren hibrido aspaldikoa izan litekeela diote adituek.

Gorri, gorrixka, hori eta berdeak ditugu dastatzeko gurean, hazidun eta gabeak, gozo eta mikatzak (gozogintzan baliatuak), aukeran, hara:

  • laranja pertsiarra (mingotsa, Europan nagusi ibili zen baina Indiatik ekarritako gozoak baztertu zuen, betirako; hamar atal edo erro ditu),
  • navel (ingeleraz, zilborduna; mutazio baten ondorioz, laranjaren oinarrian beste laranjatxo bat agertzen da, zilbor gisakoa; hortik sortu dira navelina, eskuz zuritzeko modukoa eta hazirik gabea, eta navelate, laranja berantiarra),
  • valentziarra (zukutarakoa, berantiarra),
  • odoltsua (edo sangina, azalean lerro zorriak ditu eta zukua granate kolorekoa, gozoa, jatekoa), etab.

 

Euskal tradizioan, eguberrietan eta bestelako ospakizun batzuetan (erditzea, ehorzketa, etab.) laranjak oparitzea oso estimatua izan dugu aresti arte.

Euskal Herrian bakan baina poliki garatzen da (herritar xume honen etxeko laranjondoak, hamabost urterekin, hirurogei bat kilo ematen ditu ia urtero), itsasertzean , Angelutik hasi eta Mendebaldeko muturreraino. Azalpena ulergarria da: Aro Modernoan, arrain gehiegi harrapatzen zenean, kostaldeko herrietatik lehorrera garraiatu behar izaten zen, orga edo gurdian (5-6 km orduko). Arraina, iratzez babesteaz gainera, “eskabetxatu” egiten zuten (pH faktorea jaisteko), zitrikoen zukua gainetik zabalduz.

Xelebrea: laranjazko marmelada, sortzez, eskoziarra omen da.

 

28. urria 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu