Urr29- Aza xukua

Egia, mito eta gezurrak

 Era askotako hedabideei esker informazio handia jaso dezakegu baina, adibidez, Interneteko lagun guztiak adiskide ez diren hein berean, informazio osoa ez da egiazkoa, zintzoa. Hori bai, sekulako harrokeria sor dezake guregan, begiratu baten emaitzaz gai jakin batez gainontzekoek baina gehiago dakigula sentiarazteraino.

 Eta, halako unibertsitateak ikertu omen duela lorito bezala errepikatzen duguna ez dakigu maiz egia den edo ez. Zenbat eta elikagai gehiago, orduan eta informazio zabalagoa, datu ugariagoak, despistean amiltzeko, hipotesiak deabrutzeko edo jainkotzeko arrisku biziagoa.

 Esate baterako: lurraldean bide egokirik eta etxean hozkailurik izan bitartean, janak elikatzeko balio behar zuen: zenbat eta gehiago, orduan eta egokiagoa (urdaia, patata). Orain, hankak eta besoak mugitu gabe bizi garenez, kontrakoa onena: aparrak, zainzuria.

 Bide horretan barrena absurduetara iritsi gara, hots, elikagai batzuek osasuna zaintzen laguntzen dutela baina, era berean, beste batzuek des-elikatzeko balio dutela sinesteraino (“kaloria-suntsitzaileak” derizte publizitate maltzurrak, delitugileak), entzunikoa errepikatzen dugulako jakintza alor horretaz txintik ez dakigunok. Areago, aurreiritzi horietako batzuek aginduta, oinarrizko elikagaiak ez kontsumitzea erabaki du jende askok, orain edo geroagoko osasunaren kaltetan.

Bitxiak dira gezur horietako asko, begira:

  • Haragi merkea animalia klonatuekin ekoizten dute (ardi bat klonatzea milioi bat euro kostatzen da).
  • Fruta gauean hartzea kaltegarria da (fruta bera ez da kaltegarria, jatuna, kopurua eta jaki laguntzaileen ondoriozko erreakzioak baizik)
  • Astean hiru arrautza hartzeak kolesterol-maila altxatzen du (noski, segun-eta zenbat ariketa fisiko egiten den)
  • Elikagai batzuek koipea erretzen dute (gantza erretzen dute metabolismoak eta ariketak soilik; gizentzen ez duen elikagai bakarra jaten ez dena da)
  • Ogi xigortuak naturalak baino gutxiago gizentzen du (saltsan blaitzeko balio ez duenez eta mastekatzea kostatzen denez, gutxiago jaten delako)
  • Ura bakarrik edanez barau egiteak organismoa garbitzen du (organismoaren logikan ez da sartzen garbi/zikin bikotea gure errealitatean ulertzen dugun bezala)
  • Parrillan erretako arrain eta okelak bakarrik jatea osasuntsua da (arriskutsua: furanoak, dioxinak, azido urikoa… substantzia asko meta daitezke gorputzean horrela)

 Alegia, ebanista izateko ikasketa eta praktika urte batzuk behar dira, internetak internet.

29. urria 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu