Urr30- Arraingorri erreak

 

DILISTAK

Edo aizkol, lenteja, txindil, txintxil edo ilar xabalak. Zientifikoentzat, Lens culinaris. Erdaldunen mintzairetan, lenteja, lentille edo lentil.

Mesopotamia edo Kaukaso aldetik aspaldi-aspaldi (3.500 urte) etorri omen zitzaigun landare honen hazia ez da kontsumitzen landarea umotu eta erabat lehortu aurretik, elikagarri izan dezagun, gainerako lekale edo lekadun gehienen antzera. Ondoko eta urruneko herriek nozitu dituzten gosete gehienetan, dilista izan da eguneroko dietaren osagarri funtsezkoa. Arrozarekin edo beste labore (arto, gari, zekale…) batekin hartuz gero, nutrizio-balioa ederki osatzen da.

Dilistaren osagaiak: proteinak (ugari eta, osatu gabeak badira ere, zerealekin batera hartuz gero, balio biologiko handikoak dira eta elikabide begetariano hutsean aritzeko egokiak); koipe gutxi-gutxi; zuntz asko baina ez gainerako lekaleek adina; karbohidratoak (almidoia) ditu ugarienak.

Mota hauetako dilistak ditugu Euskal Herrian:

  • arrea (kontserban, batik bat, merkaturatzen dena),
  • gorria (hori edo laranja kolorekoa, Asian ohikoa),
  • berdea (tamaina ertain eta azal mehe-mehekoa),
  • koral edo arrosa (azalik gabe saltzen dena),
  • horaila (denetan ale handienekoa),
  • pardina (txiki-txikia baina zaporetsua).

Sukaldaritzan, egun erdiz uretan beratu ondoren, tradiziozko lapiko edo eltzekaria osatzeaz gainera, estofatuak, entsaladan, zopa eta krema bihurturik, eta okelen lagungarri modura prestatzen dira. Elikabide biologikoa egiten dutenek dilista ernatu edo hozitua kontsumitzen dute, karbohidrato, proteina, zuntz, burdina, kaltzio, fosforo, potasio eta bitamina (A, B1, B2, B3, B6, B12, C, E) ugari dituztelako.

30. urria 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu